Irailak 11
Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Egun seinalatua da gaur Txilen, 1973ko irailaren 11n izan baitzen estatu-kolpea. Handik bi urtera, Santiagon egindako bilkuran, Kondor operazioari hasiera eman zioten AEBk eta Hego Amerikako hainbat herrialdek. Yakarta metodoa erabiltzeaz hitz egin omen zuten ahoz gora. Esan eta egin: 400.000 pertsonatik gora torturatu eta hil zituzten sekretuan, denak ere militante ezkertiarrak.
El metodo Yakarta liburuan zehatz-mehatz ematen du 1965-1966 arteko Indonesiako masa-hilketen berri. Estatu-kolpe baten bidez boterea hartu, eta gutxienez milioi bat pertsona hil zituen AEBen txotxongilo zen gobernuak, gehienak Alderdi Komunistako (PKI) kideak. Testuinguratze aldera, 73.000 palestinar inguru hil ditu Israelek hiru urteotan.
Ikertzekoa da nola jarri zuten hilketa horiek gauzatzeko zorua. Gezurrez jositako propaganda kanpaina antikomunista baten bidez deshumanizatu zituzten. Azeri-ehiza eta Gerwaniko sorginen kasuak beldurgarriak dira. Lehenengoan, atxilotuei lepotik soka bat lotu eta kaletik lau hankan ibiltzera behartzen zituzten fusilatu aurretik. Bigarrenean, Gerwaniko –PKIri lotutako emakumeen antolakundea– kideek militarrei genitalak eta begiak erauzten zizkietela zabaldu zuten. Hori horrela, milaka bortxatu, torturatu eta hil zituzten, askotan herritarrek beraiek. Txilen, Z planeko gezurrek bete zuten antzeko funtzioa.
Masa biolentziak deshumanizazio planifikatua behar du. Iruditeria kolektiboan txertatu behar du biktimak ez direla pertsonak, ez dutela arnasten duten airerik merezi. Ceutan hori ikusi dugu, eta bat-batean, migranteei jipoiak, txabolak sutan. Zer da haiek, zer da gu? Beldurra ematen dit askoren iruditeria kolektiboan sartzen ari denak. Zilegi denaren mugak guduzelai bat dira. ■
