Zer gara gu?
Imaz baserriak Lazkaon.
Gaur toponimiaren alorretik (topos, ‘lekua’ + –onymia, ‘izena’) beste -0nymia batera ere sartuko gara, antroponimiara (anthropos + -onymia); toponimiatik erabat aldendu gabe, hori bai. Izan ere, gure nor-tasuna identifikatzeko erabili ohi dugun abizena, gehienetan, toponimiatik hartutakoa da. Bada goitizen den bat edo beste ere (Ezkerra, Beltza, Otxoa/Otsoa, Agote…); baina gehienak, gaurko egunean, leku baten izena dira; zehatzago esateko, etxe batena.
Antroponimoak norbait identifikatu beharretik sortuak dira eta hori ez da beti berdin egin izan. Aspaldiko herri txiki batean, konparazio baterako, zertarako beharko zuten abizena? Nahikoa ponte izena, beste gabe.
Lehenago, idatzizkoa oso bigarren mailakoa zenean, norbait izendatzeko modua ez zen bakarra, nahitaez. Ana Zabalzak Nafarroan Erdi Aroan erabiltzen ziren identifikazio moduak aztertu ditu eta ikusi du ez dela aparteko zerbait, dokumentuetan beretan ere, pertsona bat bera izendatzeko lauzpabost deitura ezberdin erabiltzea (etxearena, lanbidearena, goitizenen bat…). Hain aspaldikoetara jo gabe, gurean ere inork gogoratzen ote du Kortatu ibiltari legorretarraren beste deiturarik? Etxearen izena nahikoa izan da askotan: Arrabiola, Saletxe, Zepai…
Erdi Aroko dokumentazioan sumatzen da zerbait, gerora gaurko eguneko abizenen sorrera ekarri zuena. Begira diezaiogun inguruko zenbait herri Villafranca zaharrera biltzeko egin zen eskriturari (1399). Modu berezi batzuk alde batera (Juan fijo de Miguel de Ataun; D. Juan abad de Beasain; Juan Belza carpintero…), gehienetan etxea da norbanakoak identifikatzeko bide: Miguel de Arin (Ataun); Lope de Irastorza (Zaldibia); Miguel de Mucurullo (Legorreta); Juan de Iztueta (Lazkao); Juan Martin de Urquia (Itsasondo)…
Deitura horiek badute gureen antza, baina ‘de‘ horiek bakoitza nongoa zen erakusteko daude jarrita horrela.
Etxearen izena abizen bihurtua
Izendatze modu hori nahasbide gerta zitekeen luzarora: etxez aldatuz gero, deitura ere alda zitekeen… Filiazioaren auziari irtenbidea emateko, eskribauak patronimikoak erabiltzen hasi ziren; aitaren izena sartzen zuten horretarako deituran (Villafrancako zerrendatik hartuak dira hauek ere): Maria Sanchez de Arana (Beasain); Martin Miguelez de Mendizabal (Gaintza); Juan Ortiz de Arrondo (Ataun); Martin Ibañez de Aguirre (Arama)… Araban kontserbatu dira horrelako asko.
Gurean notarioen eta apaizen usadio ‘zentzuzkoagoak’ jendearen egunerokoa bideratu, –norbanakoaren ezaugarri aldakor zena– deituran itsatsi eta abizen pertsonal bihurtu zuen; Ana Zabalzak esan bezala, ofizialtasuna benetakotasunari nagusitu zitzaion.
Aldaketa handi hori XVI. mendean zehar gertatu zen. Hori bai, abizen ‘modernoa’ lehenagoko etxeari lotuta zegoela frogatzea garrantzi handiko kontua izan zen gipuzkoarrentzat aurrerantzean; bertako etxe bateko jatorria izateak kaparetasuna erakusten zuen eta estatus horrek asko balio zuen. Epaileek izaten zuten azken hitza; 1729an Urtsuaranen bizi ziren Francisco eta Joseph de Ymazen kasuan ederki adierazita geratu zen: …son notorios hijosdalgo de sangre como descendientes de la cassa solar de Ymaz que es sita en el concejo de Lazcano.
Horra, beraz, imaztarren jatorria. Hor dute bere leinuaren etxea, zer ez ezik, nor izateko bide eman diena. ■
