«Kultur munduan harremanak atseginak dira»

Miren Castillok (Azkoitia, 1963) ia 40 urte eman ditu Urretxuko udaletxean lanean, kultur teknikari gisa. Kultur ekitaldien eta jaien bilakaeraren lekuko izan da. Aurten, aspaldiko partez, Santa Anastasia jaiez gozatu ahal izango du. Lau hamarkada asko dira eta horrenbeste urtetan denetik gertatzen da, ona eta txarra. Baina Castillo herriko kultur elkarteei laguntzen saiatu da beti eta arrastoa utzi du. Elkarteek omenaldia egin diote, beraiekin eta beraientzat egindako lana eskertzeko.
Zein ikasketa egin zenituen?
Hijas de la Caridad mojen eskolan ikasi nuen eta handik Azpeitiko institutura joan nintzen. Ondoren, Zorroagara joan nintzen, Psikologia ikastera. Pertsonen, pertsonen egoeren eta pertsonen portaeren inguruko jakin-min handia nuen. «Bizitzea hain erraza izanda, zenbat gatazka dauden», pentsatzen nuen. Hori guztia ulertu nahian ikasi nuen Psikologia. Ez zegoen egungo garraio publiko aukerarik eta Donostian bizi izan nintzen. Ikasten hasi nintzenean Pedagogiak eta Psikologiak antzekotasunak zituztela ikusi nuen, baina batek prebentzioa lantzen du batez ere eta besteak korapiloa askatzea. Azkenean, biak egin nituen. Pedagogian bi espezialitate egin nituen. Horietako bat, kultur etxeen kudeaketa. Izan ere, garai hartan kultura bere esparrua hartzen hasi zen. Kultura aberatsa dela iruditzen zitzaidan, bizimodua osatzen laguntzen duela. Gainera, nire aita kultur zinegotzia izan zen.
Zorroaga oso toki berezia zen.
Hala da. Mundu txiki batetik mundu zabal batera joan nintzen. Zorroagan, Psikologiaz eta Pedagogiaz gain, Filosofia zegoen. Fernando Savater, Ferran Lobo… han zeuden. Toki kritikoa, bizia eta iraultzailea zen. Pentsarazi egiten zuen. Nire perspektiba txikia zabaldu egin zen. 17 urterekin Azkoititik joan zen neskarentzat astindua izan zen. Baina oso ondo moldatu nintzen. Aniztasun handia zegoen eta nireari heltzen ere ikasi nuen. Ez ginen oso akademikoak, harremanak estuak ziren…
Non lan egin zenuen Urretxuko kultur etxean hasi aurretik?
16 urterekin aitari paga igoera eskatu nion eta dirua lanean lortzen zela esan zidan. Tailer bat zuen, bazkide batzuekin, eta han lan egiten hasi nintzen: asteburuetan komunak garbitzen nituen. Hori izan zen nire lehen lana. Bestalde, Psikologia ikasten nuen bitartean, militar baten alabari eskolak eman nizkion. Ondoren, Psikologia bukatu nuenean, Azkoitiko institututik deitu zidaten eta psikologo bezala lan egin nuen.
Nolatan hasi zinen Urretxuko kultur etxean lanean?
Urretxurekin eta Zumarragarekin bizitza osoko lotura dut, nire aita urretxuarra baitzen. Aitaita Galipentzutik (Nafarroa) etorri zen eta Erratzuko Mariarekin ezkondu zen. Hori horrela, ni asko etortzen nintzen Urretxura. Gainera, amaren bi ahizpa Urretxura ezkondu ziren eta beste bat Zumarragara: Alvarezekin, Antiarekin eta Jacarekin. Umetatik asko etortzen nintzen hona. Gainera, 12-13 urterekin amak ez zidan festetan ateratzen uzten, baina izebek bai. Hori dela eta, Urretxura etortzea asko gustatzen zitzaidan. Hala, Urretxun lagunak egin nituen eta mutil-laguna ere bertan topatu nuen, 17 urte betetzerako. Urolako Trena asko erabiltzen nuen, mutil-lagunarengana etortzeko. Ondoren, berak gidabaimena atera zuen eta Azkoitira etortzen zen. Baina elurra egin zuen batean autoa ez hartzeko esan nion eta Urretxura etorri nintzen, trenean. Iparragirre kaleko arkupeetan bando bat ikusi nuen: kultur teknikaria behar zela. «Hau niretzat!», pentsatu nuen. Asko ikasi nuen eta postua lortu nuen.
Nola gogoratzen dituzu lehen urte haiek? Dena egiteke izango zen…
1987az ari gara. Etxera deitu eta apirilaren 1ean udaletxera joateko esan zidaten. Javier Egea idazkariarengana joan nintzen sinatzera eta hiru gauza eman zizkidaten: kultur etxeko giltzak, kultur etxea zer zen azaltzen zuen eskuorria eta kultur taldeen liburuxka. Kultur etxera joan nintzen eta Coordinadora Cultural zion kartel bat ikusi nuen. «Hori nire bulegoa izango da…», pentsatu nuen. Behar nituen gauzen zerrenda egiteko esan zidaten. Lehen eguna zerrenda hori egiten eman nuen. Folioak, kalkoak, idazteko makina, guraizeak, boligrafoak, ezabagomak… behar nituen. Hurrengo pausoa kultur elkarte guztiekin elkartzea izan zen, banan-banan. Garai hartan zinegotziak ez zeuden gurekin: beraien lana zuten eta gauean elkartzen ziren gurekin.
Zer aurkitu zenuen?
Kultur taldeetan nik espero baino aberastasun handiagoa topatu nuen. Lan egiteko izugarrizko gogoa ere bai, baina baita dispertsio handia ere. Kultur agenda bat egitea erabaki nuen, herriari taldeek egiten zutena kontatzeko. Beste erabaki bat beraiekin lan egitea izan zen, beraien lana arintzea, ez bikoiztea. Hutsuneak zeuden esparruetan, hutsune horiek betetzen ere saiatu nintzen. Asko inprobisatzen genuen, baliabideak asmatu, eskulana egin… Beti eskaintzeko ilusioarekin.
Urte luzetan Irene Calvillorekin lan egin duzu.
Haurdun gelditu nintzen eta baja hartu nuenean Irene etorri zen. Oso ondo moldatu ginen. Irene 1990an etorri zen. 36 urte eman ditugu elkarrekin, beraz. Nire osagarria izan da. Izan ere, ezberdinak gara eta oso osagarriak. Ni esparru batzuetan oso ondo moldatzen naiz eta beste batzuetan ez horrenbeste. Bera, berriz, azken esparru horietan oso ondo moldatzen da. Dedikazio handia eskaini diogu. Harremanak hain aberatsak eta ederrak ziren, non ez genekien lanean geunden edo ez, udalarentzat ari ginen edo herriarengatik… Gauza asko egin ditugu: Santa Lutzi feria jaso dugu, adibidez. Zeharo galduta zegoen eta bultzada bat eman nahian, gure denbora librean ferietara joaten ginen (San Tomas, San Andres…) baserritarrak Urretxura gonbidatzera: «Etorri Urretxura. Ez duzu dieta ordaindu behar eta, gainera, salda eta txorizoa emango dizugu». Horretaz gain, Zumarragarekin harremanetan jarri ginen elkarlanean aritzeko, Ardo Azoka martxan jarri genuen… Ardo Azokaren lehen edizioak gazteleku zaharraren ondoko arkupean egin ziren eta begira nola hazi den… Eboluzioa sekulakoa izan da. Egun gauzak oso ondo egiten dira, baina garai haiek xarma handia zuten.
Zer diozu Santa Anastasia jaiei buruz? Zertan aldatu dira?
Jaiak baino gehiago, urretxuarrak eta gizartea aldatu dira. 24-25 urte nituen heldu nintzenean eta mundua jan behar nuela uste nuen. Jose Mari Lasa nire bulegora etorri zen eta San Joan jaia zer den, Urretxuko jaiak zer diren, Euskal Jaia zer den… azaldu zidan. Nire txorakeriak beste egun batzuetan egiteko esan zidan. Herriak bere baloreak dituela eta zaindu egin behar direla irakatsi zidan. Erromeria erromeria da, sua sua da, solstizioa solstizioa da… katxondeoa nahi duenak, tabernetan. Asko ikasi nuen berarengandik. Gauza batzuk irauli egin behar dira, baina beste batzuk mantendu egin behar dira. Eta horiek mantentzen jakin behar dugu, bere modernitate ukituarekin. Santa Anastasia jaietan eta San Joan jaietan herri honen indarra biltzen da. Urteko ixilpeko lan guztia kaleratu egiten da. Talde asko dituzu ilusionatuta, martxan, lanean.
Zuk Urretxuko kultur etxea utzi eta herria pikutara doala dirudi… San Joan eguneko festa bertan behera gelditu zen beroarengatik eta hasieran bi kuadrillek bakarrik azaldu zuten karroza egiteko asmoa. Nola bizi izan duzu hori?
Danbatekoa izan da. Duela 20 urte ekitaldi bat beroarengatik suspenditu behar genuela esan balidate… Hasieran pandemia garaian sua egiteko gai izen ginela gogoratu nuen, baina erabaki zuzena hartu da. Klima aldaketarako prestatu beharko gara. Urte asko daramatzagu horri buruz hitz egiten, baina ez genuen sinesten etorriko zenik. Karrozeroen gaiari dagokionez, gogorra da. Garai batean, neskek «Yo quiero un novio carrocero» abesten zuten. Karroza egitea ohorea zen. Egia da ere lehen neskek aipatutakoa abesten zutela eta egun paper garrantzitsua dutela. Euskararen normalizazioan ere pauso asko eman dira. Baina egia da ere kultura eta folklorea zaindu egin behar ditugula. Kultura aberatsa da. Eta kultur munduan harremanak ez dira gaiztoak. Atseginak dira.
Gustura lan egin duzu, beraz.
Hala da. Asmatu egin nuen. Gozatu egin dut eta gustuko izan dut. Gehiegi, agian… Kalean ere kultur eragileekin izaten nintzen. Dena nahasten da.
Urretxuko kultur taldeen ama izan zara…
Kultur taldeen ama? Edo Jose Mari Lasaren alaba! Gauza bat dut argi: dakiguna tokira ekarri behar da. Tokira jaitsi behar da. Dakigun hori Urretxura jaistea edo Zumarragara jaistea ez da gauza bera. Eta begira zein gertu gauden… Toki batean eta bestean ez da berdin bizi. Non eta norekin gauden jakin behar da. Zer nolako jende motarekin gauden eta zein espektatiba dituzten. Toki bakoitzean zer eta nola nahi duten jakin behar da.
Hori izan al da zure ekarpen handiena?
Guztien bidelaguna izaten saiatu naiz. Laguntza eskaintzeko ahalmena izatea pozgarria da. Eta protagonismo guztia beraiei eman behar zaie. Izan ere, protagonistak beraiek dira. Horrenbeste urteren ondoren, kultur taldeetako kideak nire lagunak dira. Ez da lan harreman hutsa. Beraiekin hitz egiten dudanean, elkarren bizitzaren berri ematen diogu. Ez gara bulegoan bakarrik egon elkarrekin. Kalean ere egon gara. Eta kalea kalea da. Niri kultur etxeko giltza eman zidaten, baina kaleak indar handia du eta kalean egon behar da kalea zer den jakiteko. Kaleak zer sentitzen duen kalean zaudenean dakizu. Eta jendea mozkortuta dagoenean, gehiago oraindik… Denak entzun beharrekoak dira, aurrera jarraitzeko eta ikasteko. Herritarra ez da tontoa. Funtzionarioak, bulegoaz gain, kalea behar du. Eta kalea gogorra da. Santa Anastasia jaietan goizeko laurak arte kontzertuan egon, goizeko zortzietan kalera atera berriro… eta azkoitiar kuadrilla bat ni zezenen kamioian sartzen saiatu zen, hanketatik eta besoetatik helduta. Hori dibertigarria izan zen… 1992ko Euskal Jai egunean Isabel taberna erre zen. Gauza asko gertatu dira.
Nolakoa izan da agurra? Zer esan dizu jendeak?
Idatziak, lorak, bertsoak… jaso ditut. Ederregia izan da.
Eta zuk, zer esango zenioke jendeari?
Plazer handia izan da urte hauetan guztietan kultur taldeekin elkarlanean aritzea. Oso esperientzia aberasgarria izan da, maila profesionalean zein pertsonalean. Une honetan sentimendu asko nahasten zaizkit. Lana, harremanak… bizitza bera. Normala da, ia 39 urte baitira kultur elkarteekin batera lanean eman ditudanak. Eskerrak eman nahi dizkiet bihotzez, bide honetan emandako guztiagatik eta nire parte izateagatik. ■
Kultur teknikaria… eta ama
Miren Castilloren argazki kuttuna Elene eta Gorka seme-alabekin ateratako hau da. Seme-alabei amari buruz hitz egiteko eskatu diegu. «Bihotz handiko pertsona da, eskuzabala. Inguruan dituen guztiek ondo pasatzeko, ikasteko eta parte sentitzeko gaitasun aparta du. Lanetik ezagutu duten askok profesional bikaina, sortzailea eta ekimenak aurrera ateratzeko gaitasun handikoa dela esango dute. Guk gauza bera ikusi dugu: eguneroko une xumeenak ere abentura bihurtzeko gai den ama».
Balioak ekintzekin irakatsi zizkien. «Ez zuen inoiz diskurtso handirik egin behar izan, nahikoa zen bera ikustea. Denok berdinak garela eta denengandik ikasi daitekeela erakutsi digu. Enpatia, errespetua eta inklusioa ez dizkigu irakatsi: bere alboan bizi izan ditugu».
Bestalde, ez zituen inoiz lana eta familia guztiz bereizi. «Txikitan, larunbat goizetan antolatzen zituen jardueretara eramaten gintuen. Eta Santa Anastasia jaietako karrozetan boluntario aritu ginen. Horrela, oso gaztetatik ezagutu genuen herri oso batek kulturaz eta jaiez gozatu ahal izateko egin beharra dagoen lan isila».
Egun, bere ilusiorik handiena biloba da. «Testu hau prestatzen ari ginela, bera beste gela batean kartoizko etxetxo bat egiten ari zitzaion. Barre egin genuen, berehala etorri zitzaizkigulako gogora gure haurtzaroko kartoizko etxeak eta berak asmatutako jostailuak. Horrek oso ondo laburbiltzen du gure ama nor den. Beti jakin izan du gauza xumeekin zerbait aparta sortzen. Jende askok Urretxuko kulturari egindako ekarpenagatik gogoratuko du. Guk, ordea, beti izango dugu beste pribilegio bat: gure haurtzaroa abentura zoragarri bihurtu zuen ama bezala gogoratzea».
