«Liburua azken orrialdetik harago joan dadila nahi dut»

22 urterekin Senegal atzean utzi eta Espainiara joan zen Cheikh Mbacke Lo idazle senegaldar altsasuarra: mediterraneoa gurutzatu, eta Andaluziara iritsi zen aurrena; Euskal Herrira etorri zen, ondoren, Markinara (Bizkaia), eta azkenerako, Altsasun finkatu zen (Nafarroa). Urte luzeetan Goierriko herrietan saltzaile aritu da eta aski ezaguna da eskualdean ere –Zegaman eta Seguran, batez ere–. Orain metalgintzan jarduten du, eta bere lehen liburua argitaratu du: ‘Yakaar. Cartografia de la esperanza’. Urteek eta bizipenek eman diote idazleari bere ibilbideari beste ikuspegi batetik erreparatzeko aukera, eta argitaratu berri duen liburuan erakutsi du hori. Orain bi hamarkada egindako bidaia berreskuratu du, bai eta bidean geratu zirenena ere. Bere bizipen pertsonaletik abiatuta, migrazioaren inguruko hausnarketa zabalagoa proposatzen du, itxaropena kontakizunaren ardatz nagusietako bat bihurtuta.
Zerk bultzatu zintuen liburua idaztera?
Liburua gizakien artean zubi bat eraikitzeko eta gizarteak migratzaileen errealitatea hobeto ulertzen laguntzeko asmoz idatzi dut. Orain 20 urte iritsi nintzen Europara, pateran; hogeita hamaika lagunek ekin genion bidaiari, eta bi baino ez ginen iritsi. Bidean geratu ziren pertsonen oroimenak eta haien historia kontatzeko beharrak bultzatu ninduten liburua idaztera. Munduan injustizia asko dago, eta pertsona zaurgarrienen alde ahotsa altxatu nahi nuen.
Noiz sentitu zenuen momentua zela?
Ezinegona sentitzen nuen, aspalditik hori guztia barruan neramalako; urte askoan gordeta izan nuen hura ateratzeko beharra sentitzen nuen. Nolabaiteko arindua izan da niretzat, bai eta hona iritsi aurretik bizitako esperientziak partekatzeko modu bat ere. Kendu beharreko arantza bat nuen sabelean.
Zer aurkituko du irakurleak liburuan?
Bizipen errealean eraikitako istorioa. Senegaletik Espainiara egindako bidaiaz mintzo naiz, baina baita beste hainbat pertsonaren historiaz ere. Senegalen bizi den Moussa lagun minari zuzendutako gutuna bailitzan idatzi dut kontakizuna.
Hiru zatitan banatzen da. Aurrenekoan, nondik natorren azaltzen dut, eta hausnarketaren bat edo beste planteatzen diot irakurleari. Bigarrenean, Marokotik Tangerra egindako bidaian ezagutu nituen hiru pertsonaz hitz egiten dut; bakoitza leku batetik gentozen eta oztopo ezberdinei egin behar izan genien aurre, baina musikak elkartu gintuen. Gai geopolitikoak ere jorratzen ditut, bai eta elkarren aurka dauden herriek elkarrekin eseri, hitz egin eta elkar topatzeko dudan nahia ere. Hirugarrenean, azkenik, bidaia bera eta zeharkaldian gertatutakoa kontatzen ditut. Istorioaren bihotza da azken atal hau.
Izenburuan ‘Yakaar’ aipatzen duzu. «Itxaropena» esan nahi du wolofez. Zergatik aukeratu duzu izenburu hori?
Aukera bat baino gehiago nituen, baina esan bezala, ‘Yakaar’ hitzak itxaropena esan nahi du nire ama hizkuntzan, eta bidelagun izan dut beti. Lehenago, nire itxaropena bizitza hobe baten bila nire jaioterritik ateratzea zen, eta orain, berriz, mundua apur bat hobea izan dadin saiatzea. Itxaropena omen da galdu beharreko azken gauza.
Gainera, irakurleren batek aurreneko momentuan izenburuagatik galdetze hutsak eztabaida bat irekitzen du irakurtzen hasi baino lehen, zeinak irakurlea nire kulturara hurbiltzea ahalbidetzen duen. Hori ere gustatzen zait.
Immigrazioa ere bada liburuaren ardatzetako bat; gaurkotasun handiko gaia da, gaur egun.
Gaur egun aurreiritzi gehiegi dago, baina epaitu aurretik ezinbestekoa da pertsonak entzutea eta benetan zer gertatzen ari den ulertzen saiatzea. Jende asko ari da sufritzen, eta istorio horietako askok kontatuak izatea merezi dute. Beti begiratu behar zaie txoko guztiei. Afrikak apenas du ahotsik mundu honetan, baina, bertan ere bada jende atsegina, ederra eta ona, Europan bezala. Gauzak borondate onez egiten dituzten pertsona zoragarriak daude, eta ona den guztiak entzuna izatea merezi du.
Zer suposatzen du zuretzat horren bizipen zailen inguruan idazteak?
Ez da erraza izan. Ez idazteko denbora aurkitzea, ezta oroitzapenei aurre egin eta ahotsa jartzea ere. Mingarria den gai bati buruz idaztea beti da zaila, barrenak nahasten dizkizulako.
Baina Yakaar ez da tristuraz edo minaz soilik mintzo. Maitasuna, elkartasuna, pertsona zoragarriak eta hezkuntza ere badaude. Gizateria elkartzeko, zubi bat eraikitzeko eta pertsona guztiek ondo eta harmonian bizi ahal izateko idatzi dut.
Orain Altsasun bizi zara; hogei urte daramatzazu bertan. Zer ikasi duzu bertan izandako esperientzietatik?
Bitxia da, baina Altsasun bizitzeak ulertarazi dit inor ez dela leku bakar batekoa. Hemen altsasuar eta senegaldar sentitzen naiz. Nire sustraiak nireak dira, eta ez nituzke ezergatik aldatuko, baina, aldi berean, beste edozein pertsona bezala, altsasuar sentitzen naiz.
Zerk lagundu dizu aurrera egiten unerik zailenetan?
Batez ere, itxaropenak eta jaso dudan hezkuntzak. Zailtasunen aurrean borrokatzen irakatsi didate, eta etxean, nire amak beti jakin izan du egoera zailenetatik ere zerbait ona ateratzen. Horregatik, naufragioaren erdian egonda ere, olatuez gozatzen saiatzen naiz ni ere bai.
Orain esperientzia hura liburu bihurtu duzunez, zer gehiago gertatzea nahiko zenuke?
Ez dut nahi Yakaar azken orrialdean gera dadin. Askoz harago iristea nahi dut: ikastetxeetako geletara, liburutegietara… hedatzea nahi dut, uste dudalako bere mezuak merezi duela eta beharrezkoa dela, batez ere hezkuntzaren esparruan. Kontzientziatzeko, hezteko eta jendeak mundua beste modu batera begiratzeko balio dezake. ■
