Zazpi produktu berri aukerak zabaltzeko
Ekoizleak Goizane eraldaketa gunean lanean.
Uztaolak lehengaien eraldaketa gune kolektiboa eskaintzen du Zaldibiako Goizane eraikinean. Gunearen erabilera urte osora zabaltzeko bidean, zazpi produktu balidatu dituzte. Urriaren 7ko Ordiziako azokan dastatzeko aukera izango da.
Lehen sektoreko ekoizleei dibertsifikazioan, produktuen bizitza luzatzen eta xahuketa murrizten lagunduko dien lerro berri bat garatzen aritu da Uztaola Elkartea urte hasieratik Zaldibiako Goizane eraikineko eraldaketa gunean, Elkolab, Leartiker eta Biziola kooperatibaren laguntzarekin. Goizane eraldaketa gunearen erabilera urte osora zabaltzeko, probak egin, prozesuak egokitu eta produktuak balidatu ondoren, berme sanitario osoarekin saldu ahal izango diren zazpi produktu balidatu dituzte.
Marmelada, chutney-a (sagar eta kalabaza saltsa gazi-gozoa), kalabaza purea, pistoa, tomate saltsa, sagar-dultzea eta sagar-konpota dira zazpi produktu berri horiek. Lehen sektorea indartzeko bidean kokatzen da proiektua, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elikadura Misioaren bidez finantzatu da, Goieki, Uggasa, Goimen eta Biziolak bideratutako Barnetik Elikatzen lankidetza ekimenaren bidez.
Izan ere, egungo elikadura sistema globalizatuaren aurrean, lehen sektorea ahultzen ari dela azaldu du Biziolako Intza Barandiaranek: ekoizle gutxiago daude, belaunaldi-errelebo falta nabarmena dago eta ekoizpenaren errentagarritasuna bermatzea gero eta zailagoa da. Horri klima-aldaketaren ondorioak eta ziurgabetasuna gehituta, «ezinbestekotzat» jo du «elikadura sistema sendoagoak eta jasangarriagoak eraikitzea».
Lehen sektorea elikaduraren oinarri denez, ekoizleek «beren lana duin eta ekonomikoki bideragarri egiteko baldintzak behar dituzte» Barandiaranen esanetan. Kontsumitzaileen paperaren garrantzia ere nabarmendu du: «Gure erosketekin erabakitzen dugu zer ekoizpen eta zer merkatu mota sustatzen dugun».
Inbertsio handiak
Baina ekoizpena indartzeko lehengaiak edukitzeaz harago, lehengai horiei balioa emateko aukerak behar dituzte ekoizleek. «Tokiko ekoizle txikientzat ez da beti erraza produktua zuzenean merkaturatzea». Aukera horien artean sartzen da eraldaketa, barazkiak, frutak eta bestelako lehengaiak kontserbatu eta produktu berrietan bihurtzeko bidea irekitzen duelako: «Horrek produktuaren bizitza luzatzen du, xahuketa murrizten lagun dezake eta, batez ere, ekoizpenari balio erantsia emateko aukera sortzen du», zehaztu du Barandiaranek.
Horrez gain, elikadura-sistema «ekoizpenetik kontsumora doan sare osoa» den heinean, gaitasun handiagoa garatu daiteke sarea tokikoa bada: «Sare hori tokian bertan zenbat eta sendoagoa izan, orduan eta gaitasun handiagoa izango dugu gure elikaduraren etorkizuna erabakitzeko».
Badago, halere, oztopo handi bat: behar diren instalazioak eta ekipamenduak denen eskura jarri ahal izateko zailtasunak. Ekonomikoki inbertsio handia eskatzen baitute eraldaketarako instalazioek eta ekipamendu horiek. «Horregatik dira beharrezkoak eraldaketa-gune kolektiboak». Gune horiek baliabideak partekatzeko azpiegiturak izateaz gain, «esperimentatzeko, ezagutza partekatzeko eta lankidetza berriak sortzeko espazioak ere» badira.
Bide hori jorratzen ari dira Goierrin Goizane eraikineko eraldaketa zentroaren bidez, eta ekoizpenari balioa eransteko aukera sortu dute azken urtean landu duten lerroarekin, eskaintza urte osora eta bestelako lehengaietara zabalduz. Uztaolak eraldaketa gune kolektiboa eskaintzen du Zaldibiako Goizane eraikinean, eta zailtasun edo oztopo ekonomiko horri irtenbide bat ematen dio. Eskualde mailako izaera du, baina bere eragina Gipuzkoa osoko baserritarrei zuzentzen zaie, tokiko-elikadura sistema indartuz. Bertako ekoizleen lehengaien eraldaketa eta merkaturatzea sustatzeko egitura kolektiboa da.
Landa udalerri batean
Ekoizleei ez ezik, herritarrei ere aukera gehiago ematen dizkie horrek: «Garaiko eta gertuko produktuak eskuratzeko aukerak handitzen dira, elikagaien ibilbidea laburtu daiteke eta gure inguruko ekoizpenari eusteko baldintzak sortzen laguntzen dugu».
Goizane eraldaketa zentroa biztanleria txikiko landa udalerri batean kokatzen da, Zaldibian, eta horrek «are garrantzitsuago» bihurtzen du azpiegiturak eskualde osoarentzat duen balioa, «landa eremuko jarduera ekonomikoa eta soziala sustatzeko tresna baita».
Bi baldintza bete behar dituzte ekoizleek eraldaketa gunea erabili ahal izateko: batetik, Uztaolako bazkide izatea, eta bestetik, elikagaien manipulaziorako ikastaroa burutzea.
Gehiagorengana iristea helburu
Lurraldeko ekoizleetara zabaldu dute eraldaketa lerro berrietan parte hartzeko proposamena eta «erantzuna oso ona» izan da. Hurrengo helburua eraldaketa gune kolektiboaren erabilera zabaltzea da, «baserritar gehiagorengana iritsiz eta tokiko lehengai gehiago eraldatzeko aukera sortuz».
Urriaren 7ko Ordiziako azokan eraldatutako produktu horiek ezagutu eta dastatzeko aukera izango da Ordiziako plazan. Biziolak herritarrak animatu ditu inguratzera: «Gerturatu eta ezagutu bertatik bertara egindako bidea eta lortutako aho-gozagarriak». Eta bertakoari eusteko deia egin du: «Bertakoa jatea lehen sektoreari eustea da. Lehen sektoreari eustea, gure elikaduraren etorkizuna erabakitzea da». ■
