Urte asko daramatza CAFek trenen fabrikazio prozesu osoan euskarari berez legokiokeen tokia egin nahian. Urtero lelo desberdinez antolatzen dituzten Motibazio Kanpainek helburu bera izaten dute: euskararen erabilera handitzea, zertan ari diren jakinaren gainean. Aurten Euskaratik euskarara izenburu-pean gauzatuko dute.
Gerora Beasaingo fabrika handia izatera iritsiko zen duela 100 urteko lantegi hartan, Goierrikoak eta euskaldunak izango ziren langile gehienak. Are ge-hiago, horietako asko, bakarrik euskaraz hitz egiteko gai izango zirela irudikatu zuten iaz CAFeko euskara batzordekideek, enpresaren mendeurrenaren baitako gogoetan. Euskaldun elebakar zirenak nahiz gaztelaniaz ere zerbait jakin zezaketen haiek, erabat gaztelaniaz aritzen zen lan munduarekin egin zuten topo, ziur.
Euskaratik zetozen eta gaztelaniara bihurtu behar izan zuten lanean moldatuko baziren. 100 urte geroago, ez da gaztelaniaz egiteko gai ez den langilerik. Eta, ordea, orain euskaraz ari dira lanean. Edo, euskaraz ere bai behintzat, inork pentsa ez dezan baikorregi ez ote natorren oraingoan. Baina euskaratik euskarara itzuli dira CAFeko langileak.
25 urte atzera joatea besterik ez dago: orduan baikorrenak ere antzeman ez zezakeen lekua du euskarak gaur egun CAFen. Hala egiaztatu eta aitortu zaie gainera duela gutxi, Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren kanpo ebaluazioaren bidez. Mailarik apalena aitortu zieten 2008an. Tartekoa 2017an. Goi maila dute helburu: bikaintasuna. Eta inongo harrokeriarik gabe diote hau Euskara Batzordekoek, bakoitzak norbere lan teknikoaz gain (soldatzaile, administrari, ingeniari…) egunero-egunero euskarari eskaintzen dion lanaren emaitzaz jabetzean.
Baina batez ere, Euskara Batzordekoen akuiluaz gain, isi-lean, arituaren arituz, ehundaka langilek, bakoitzak bere neurrian egiten duen ahalegina da ni gehien hunkitzen nauena. Euskara Planak, horiek gauzatzeko giza baliabideak eta materialak ezinbestekoak dira, baina horrek guztiak ez zuen ezertarako balio izango, jende izengabe pilo horren guztiaren bakarkako lanik gabe. Orain, ordea, ahalegin hori guztia norberaren borondate onaren baitakoa bakarrik izan ez dadin bermatzeko garaia da.
Ez daude bakarrik gainera. Elkar ezagutuz ari dira urtez urte era guztietako kanpoko entitateekin hamaika ekimenetan topo eginez. Besteak beste, bidelagun dituzte Goierriko lantegien Euskara Batzordea den Ingudean, hainbat enpresa. Elkarrengandik ikasiz, elkar elikatuz eta bailarako gainontzeko enpresa guztiei gonbita eginez, ahal duten heinean euskararen trenera igo daitezen haiek ere.
Hori guztia, industria arloko enpresei dagokionez. Hori guztia, ordea, bizitzaren arlo guztietan eragiten duten euskararekiko hamaika aldagaien zati nimiño bat besterik ez direla, oso jakitun.
Baina badator euskaraz bizi nahi duten guztiak eroso sentiaraziko dituen egitasmo bat behinik. Orain arteko bat bera ere gutxietsi gabe diogu hori, noski. Euskal Herri osoan zehar, inoiz ez bezalako babesik zabalenarekin dator. Horren zain mundualdi bat daramagula lanean iruditzen bazaigu ere askori, hemen da Euskaraldia ekimena.
Garai bateko euskara aldian bizi izandako haiek gogoan, ondorengoek euskara aldi berria izan dezaten ardura dugu gaur egungoa ere euskara aldia izan dadin bizi garenok. Ezin diogu huts egin erronka honi. 2018ak mugarria behar du izan. Euskaratik euskarara ibili gara. Goazen behingoz, euskara aldi berrira.