Marokon autoak eta elkartasuna

Panda_Raid-1

Panda Raid eta Pandemonium raidek Paris-Dakar rallyaren abentura kutsuari eusten diote, eta gainera, Marokoko herrixketako bizilagunei laguntzen diete. Bi proba horietan geroz eta goierritar gehiagok parte hartzen dute.

Paris-Dakar rallya desertuan egiten den proba ezagunena da. Askok garai bateko izpiritua galdu dutela uste dute, ordea. Izan ere, dagoeneko ez da Afrikan egiten eta, gainera, parte hartzaile askok teknologia modernoenak erabiltzen dituzte. Rally ezagun honen atzetik beste batzuk sortu dira, ordea. Jatorrizko izpirituari eusten diote eta, gainera, elkartasuna lantzen dute. Horietako bi Panda Raid eta Pandemonium dira. Bi proba horietan geroz eta goierritar gehiagok parte hartzen dute.

Raid zaleentzako proba asko antolatzen dira. Guztietan zaharrena 4L Trophy da. Horiek  Renault 4L autoekin joaten dira Marokora. Proba zaharrena izateaz gain, arrakastatsuena da, baina ikasleek bakarrik parte har dezakete. Hala, raid bat egin nahi duten gehienek gainontzeko guztien artean hautatu beharra dute. Goierritarren artean, Pandemonium eta Panda Raid dira arrakasta gehien dutenak.

Pandemonium raideko antolatzaileek Maroko eta marokoarrak zoragarriak direla diote eta mundu guztiari raidean parte hartzea gomendatzen diote. Hori bai, argi uzten dute beraien proba ez dela lasterketa bat. Eta batez ere, parte hartzaileen bizitza ez dela arriskuan jartzen. Horrek ez du esan nahi abentura kutsua ez duenik: tentsio uneak bizi dira eta iparraldeko hotzak eta hegoaldeko beroak ez dute barkatzen.

Pandemonium rallykoak Atlas ingurura joango dira lehenengo. Han hotz handia egiten duenez, arropa asko eramango dute hango biztanleei emateko. Ondoren, basamortura jaitsiko dira. Bertan, eguzkitako betaurrekoak banatuko dituzte. Izan ere, eguzkia dela eta, basamortuan bizi direnetako askok begietan arazoak dituzte.

Dokumentala ere bai

Panda_Raid-2Gaur irtengo dira Maroko aldera. Aurkezpena Eibarren egin zuten. Bertako plaza beraientzat itxi zuten. 26 autok parte hartuko dute. Antolakuntzako kideek beste lau ibilgailu eramango dituzte. Auto gutxik parte hartzen dute eta horrek raid honi familia giroa ematen dio.

Parte hartzaileen artean, Espainiar estatu osoko gidariak daude. Adin guztietako jendea. Beraien artean, El conquistador del fin del mundo telebista saioko Yeray Gonzalez dago. Aurten dokumental bat grabatuko dute.

Zazpi etapa egingo dituzte. 4.500 kilometro inguru, guztira. 1.000 Eibartik Tarifara eta beste 3.500 inguru Marokon. Duela egun batzuk elurra zegoen oraindik toki batzuetan.

Autoek 25 urte baino gehiago eduki behar dituzte eta 1.300 zentimetro kubiko eta 60 zaldi baino gutxiago. Norma-lean gasolinazko autoak eramaten dituzte, Marokon gasolinazko autoak gehiago erabiltzen baitira. Hala, horiek konpontzeko zailtasun gutxiago dago.

Pandemonium proban 25 urte baino gehiagoko eta 1.300 zentimetro kubiko eta 60 zaldi baino gutxiagoko autoak erabili behar badira, Panda Raid delakoan, izenak dion moduan, auto modelo zehatz bat erabili behar da: Fiat eta Seat marken Panda (Marbella) modeloa. 200 auto inguruk parte hartzen dute.

Erlezainei laguntza

Aurtengo edizioa amaitzear da. Madrilgo Jarama zirkuitutik abiatu ziren hilaren 2an. Granadako Motril herrira joan ziren eta handik Marokoko Nador herrira. Raida Marrakexen bukatuko da bihar, zortzi etapa egin eta gero. Bakoitzean 400 bat kilometro inguru egin behar ziren. Baina hango bideetan ibiltzea ez da broma. 400 kilometro egiteko 10 ordu inguru behar dira.

Panda Raidekoek ingurumena ere kontuan hartzen dute. Hala, CO2 isurketa konpentsatzeko, Mesginako basoko erlezainei lagunduko diete. Bertan bi kooperatiba daude eta erlezainei formazioa eskainiko diete.

Lau parte hartzaile eta bi teknikari, Pandemoniumera

Pandemonium_raidaPandemonium proban arituko direnen artean, urretxuar eta zumarragar talde bat dago. Lauk proban parte hartuko dute: Enrique Agirrek, Ramon Araunzok, Gorka Egigurenek eta Jon Andoni Torquemadak. Dani Martinek komisario tekniko lana egingo du eta Aitor Balerdik, logistika lanak.

Bi horiek azken bi edizioetan parte hartu dute eta aurten antolakuntza lanetan arituko dira. «Aurten gogorragoa izango da, 009_GoiBerri26 auto zaharrez arduratu beharko bainaiz. Erronka bat da. Nik, gainontzeko guztiek bezala, arropa eramango dut. Eta mekanikari lanak egingo ditut», azaldu du Martinek.

Lau parte hartzaileek aurten ezagutuko dute Pandemonium proba. «Beraiek uste baino gogorragoa da. Oso pozik joaten zara, baina desertuak berehala zure tokian jartzen zaitu. Dena den, abentura bikaina da», aipatu du Martinek.

Probaren filosofiagatik erabaki dute parte hartzea. «Solidaritatea eta taldeko lana lehenesten ditu eta hori da gehien gustatzen zaiguna. Urte asko generamatzan halako abentura batean parte hartu nahirik eta azkenean animatu egin gara», azaldu du Agirrek. «Arropa eta sendagaiak eramatea oso polita da. Beraiekin hartu-emana oso aberasgarria da. Marokon egonda nago eta hangoekin hartu-emanak asko aberasten zaitu. Hemen presaka bizi gara eta han ia ezer gabe bizi daitekeela konturatzen zara».

Martin erabat ados dago. «Lehen urtean neska bati galleta bat eman nion eta jarri zuen aurpegia ikustekoa izan zen. Negarrez hasi nintzen, baina hango bizimodua halakoa da. Ez dute ia ezer, baina zoriontsu bizi dira. Hona besarkaden zakua beteta itzultzen gara, baina hamabost egunetan pasa egiten zaigu. Dena den, mundu guztiak bizi beharko luke esperientzia hau».

UGLEren laguntza

UGLE lanbide eskolaren laguntza jaso dute autoak prestatzeko. «UGLEn lan egiten dut eta proba honen filosofia UGLErenarekin bat dator. Balio berberak ditugu», azaldu du Torquemadak. Hori dela eta, ikasleek autoak prestatzen lan egin dute. «Karrozeria kontuetan lagundu digute, batez ere», gehitu du.

Prestaketa oso gogorra izaten ari da. «Azken aste honetan, lauzpabost ordu bakarrik lo egin dugu egunean». Prestatzen ari ziren autoetako bat aldatu beharra izan zuten. «Proba sagardotegi batean aurkeztu zen eta, hara gindoazela, bihotzekoak eman zion. Korrika eta presaka, beste bat prestatu behar izan dugu», azaldu du Agirrek.

Auto batean Agirre eta Egiguren joango dira eta bestean Araunzo eta Torquemada. Zozketa bidez egin dituzte biko-teak. «Atzean pegatina bat jarriko dugu, beste bi hauek non gauden jakin dezaten», esan du Agirrek txantxetan.

Suzuki Santana autoak aukeratu dituzte. Izan ere, autoek 25 urte baino gehiago eduki behar dituzte eta 1.300 zentimetro kubiko eta 60 zaldi baino gutxiago. «Denok antzerako autoak hartzen ditugu. Hala, batek matxura bat badu eta ordezko pieza ez badu, beste batek eman diezaioke», aipatu du Torquemadak. «Inor ez da Marokon gelditu oraindik», lasaitu ditu Martinek.

Bukatzeko, lagundu dieten guztiei eskerrak eman nahi dizkiete. Bereziki, beraien enpresei eta bikoteei.

Panda Raid proban, Goierriko zazpi bikote

Panda_Raid-0Panda Raid delakora sei auto joan dira Goierritik. Parte hartzaileen artean, Xabier Mendizabal ordiziarra dago. Mendizabalek iaz parte hartu zuen lehenengoz. Autoa Goierri Eskolan prestatu zuen eta, dena ondo irten zenez, aurten ere bertan prestatu dituzte autoak. «Dena hemen aldatu genuen. Motorraren pieza asko aldatu genuen, suspentsioa aldatu genuen… eta oso ondo atera zen» azaldu zuen Maroko aldera abiatu aurretik.

011_GoiBerriIaz Ibon Arregi beasaindarrarekin parte hartu zuen eta aurten emaztearekin joan da. Seme-alabak amonarekin utzi dituzte. Aitonarekin ezin izan dituzte utzi. Izan ere, Juan aitona ere raidean parte hartzen ari da! Baikor eta umoretsu ageri zen joan aurretik: «Lehenengoz parte hartuko dut. Oraindik 50 metro besterik ez ditut egin Marokora eraman behar dudan autoarekin, baina beste autoak bezalakoa izango dela pentsatzen dut!».

Aita eta hiru seme

Mendizabaldarrak ez dira geldirik egotekoak… Izan ere, aita beste seme batekin joan da: Jonekin. Hiru seme ditu eta hirurak parte hartzen ari dira Panda Raid proban: Luis, Xiker Etxeberria zaldibiarrarekin joan da. Guztira, zazpi auto joan dira Goierritik: Zegamatik bi, Zaldibiatik bat eta Ordiziatik lau.

Panda Raid proba dela eta, 1980ko hamarkadan baino Panda gehiago daude Goierrin: «Auto hauek modan jarri dira eta geroz eta garestiagoak dira. Lehenengoa 1.200 euroan erosi genuen. Azkenarengatik, berriz, 2.500 euro ordaindu ditugu. Eta merkea dela esan digute, gainera! Lehen baino Panda gutxiago daude salgai. Garai batean gertuko bati eros zeniezaiokeen eta egun urrutira joan beharra duzu», aipatu du Xabier Mendizabalek.

Autoa prestatzea ere ez da merkea. «Italiar batek 18.000 euro gastatu zituela esan zidan. Beste batzuk ez dute autoa prestatzen eta gero ederki damutzen dira. Guk erdibidekoa egin dugu. Aldatu daite-keen guztia aldatu dugu, basamortuan autoek asko sufritzen baitute».

Mendizabalek iaz parte hartu zuen lehenengoz eta sekulako esperientzia izan zela dio. Mundu guztiak probatzeko modukoa. «Proba honetan dena uztartzen da. Erregulartasun erakoa da, baina lasterketa kutsua ere badu. Izan ere, egunero, 30 bat kilometro lasterketa moduan egiten dira», nabarmendu du.

Gainera, elkartasun proba da. «Marokoarrei arropa eramaten diegu. Han hotz handia egiten du eta harriak besterik ez dituzte. Asko estimatzen dute eramaten diegun guztia. Guk Ordiziako Kirkil tabernan jaso dugu arropa», aipatu du ordiziarrak.

Gaueko giroa

Goierritar guztiak elkarrekin egotekoak ziren Panda Raidean. «Oso giro ona izaten da eta gu elkarrekin jarriko gara kanpamentuetan. Etapa amaieran herri moduko bat prestatzen da jangela, logela eta komunekin. Gauean sekulako giroa egoten da. Gainera, etapan zehar elkarri laguntzen diogu», esan du Mendizabalek.

Mendizabaldarrak oso auto zaleak dira eta beraientzat raid batean parte hartzea amets bat da. «Proba hauek 1980ko Paris-Dakarren esentziari eusten diote. Izan ere, ez dugu laguntza teknologikorik. Iparrorratza eta bidaia liburua besterik ez ditugu erabiltzen», amaitu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>