Beasainen egindako rocka

Patxi Iturmendi, Carlos Perez eta Josemari Flores dira Munch.

Patxi Iturmendi, Carlos Perez eta Josemari Flores dira Munch.

Goitik egingo du estreinaldia Munch musika talde beasaindar-ordiziarrak, Loinazko jaietan. Maiatzaren 12an, 23:00-etan hasita, Su Ta Gar euskal talde mitikoaren aurretik joko du Bideluze plazan. Jendaurrean joko dute lehen aldiz eta duela gutxi kaleratu duten Viaje en un avion extraordinario diskoa aurkezteko baliatuko dute. Halako hitzorduak urduritasuna eta zirrara sortzen diela aitortu dute taldea osatzen duten musikari beteranoek.

Izan ere, beteranoak dira Munch taldeko kideak eta ibilbide luzekoak. Bi, besaindarrak dira, Carlos Perez gitarra jotzailea (Dogma de Fe taldean ibili zen 9-10 urtez)eta Josemari Flores baxu jotzailea eta kantaria (Mala Sombra taldeko partaidea); eta hirugarrena, Patxi Iturmendi gitarra jotzailea (JZK taldekoa eta hainbat proiektutan sartutakoa), ordiziarra. Horiek dira taldearen muina, baina izen gehiago ere aipatzen dituzte: abestiak konposatzeko orduan Iñaki Albisua zumarragarraren laguntza izan dute; diskoa grabatzeko eta zuzeneko lehen emanaldi honetarako Zarauzko Unai Lopetegi bateria jotzailea izan da eta izango da beraiekin; eta Freddy Pelaez ez dute ahazteko, diskoa bere estudioan grabatu dutelako eta bere ekarpena ere egin duelako pianoarekin eta teklatuarekin.

Rock psikotikoa, iluna

Urteak daramatza hirukoak elkarrekin, lokal batean musikarekin gozatzen. Baina iaz serio jarri ziren eta ordura arte ondutako eta bildutako abestiak disko batean jaso zituzten: Viaje en un avion extraordinario da emaitza. Hamar abesti dira, gazteleraz idatziak, eta entzungai daude taldearen webgunean: munchrockband.com.

Munch taldeak egiten duen musika definitzeko taldekide beraiei eskatuta, erantzunak bat baino gehiago dira: pop rocka, rock psikotikoa, fusioa, rock iluna… Ilunetik ba omen du, bai, bere musikak, eta horretan hirurak bat datoz. Taldearen izena ere ildo horretatik doa; XIX. mende amaierako eta XX.aren hasierako Munch margolari norvegiarrari hartu diote maileguan, haren margotzeko erarekin eta gaietako askorekin identifikatuta (gaixotasuna, heriotza…) . Talde goierritarraren abestietan ere gai ilunak jorratzen dira: gai sozialak, minbizia, hilerri bihurtu den Mediterraneo itsasoa, ustelkeria, irainak… Carlos da, Albisuarekin batera, abestien hitzen egilea. Gazteleraz idatzi dituzte, horixe delako beraientzat beren barrukoak, beren sentimenduak adierazteko zuzeneko hizkuntza, baina etorkizunean; euskaraz ere idaztea ez dute baztertzen

Eta norentzako da Munch taldearen musika? Egiten duten musika «oso heldua» dela esaten dute, eta 30 urtetik gorakoei zuzenduta dagoela, nahiz eta onartu gaur egun gazteek, musika zaleek behintzat, denetik entzuten dutela. Beraiek ere, hirurek, 60, 70 eta 80ko hamarkadetako musikatik edan dutela diote. Kontu horietan sartuta, azken aldian modan jarri diren tributo taldeak krikitatzen dituzte; bertsioak egitea sormenaren aurka doala diote. Horregatik, Munch taldeak egiten duen musika berezkoa da, bakarra.

Olatu Talka

Orain entseguetan jo eta ke ari dira Bideluzeko  hitzorduari begira; Su Ta Gar taldearen aurretik jotzeak badu erantzukizun puntu bat, baina aldi berean lasai daude ekipo ona izango dutelako eta Anjel Katarain arduratuko delako soinuaz.

Aurrera begira ere jarrita daude Munch taldekoak, laster beste kontzertu garrantzitsu batean jo behar dutelako. Donostiako Olatu Talka jaialdian jotzeko aukeratuak izan dira, eta emanaldia maiatzaren 25ean, ostirala, emango dute, 20:30ean hasita, Cervantes plazan.

Aurreragorako ere badute beste proiektu bat, bigarren  diskoa kaleratu nahi dute eta. Materiala badute, gogoa ere bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>