Ezkio orri zuri batean

Garaion-azpikoa baserria 1920ko hamarraldian. / Sinforoso de Ibarguren

Garaion-azpikoa baserria 1920ko hamarraldian. / Sinforoso de Ibarguren

‘Ezkio Eusko Folklore-n’ liburua aurkeztu berri dute. Hiru artikulu jasotzen ditu herriaren etnografiaz. Liburuaren berri emateko Iñaki Mendigurenekin (Ezkio, 1954) hitzordua egin du GoiBerri-k. Mendigurenekin zuhaitz, lore eta landare artean geratu gara. Hark liburuaren azalpenak eman bitartean, erleak jo eta su lanean ari dira zelaian sortutako lore moreen nektarra zukutzen. Mendigurenek badu erletik eta liburuaz mintzatzeko hitzak doi-doi erabili ditu, etenik gabe, azalpenak biribildu arte.  Horrenbestez, jarraian datozen hitzak, denak kasik, bereak dira kazetariak ezingo baititu hobetu inondik ere.  Aurrez liburuak jasotzen dituen hiru artikuluen zerrenda doa: Pueblo de Ezqioga, Sinforoso de Ibarguren, 1927; La cocina rural de Ezquioga, S. de Ibarguren, 1963-1964 eta Abeltzaintza gaur egun eta mende honen hasieran Ezkioko herrian, Joseba Zendoia, 1984. Artikuluok jasotzen ditu Ezkioren barruko historia kontatzen duen liburuak.

«Duela bi urte inguru, ez dakit nola, liburuak jasotzen duen lehenengo artikulua iritsi zen nire eskuetara. Beharbada zoriak ekarri zuen. Irakurri eta sekulako materiala zela iruditu zitzaidan. Horrek bilatzera eraman ninduen gaur egun dena bilatzen den toki horretara [Internet]. Sinforoso de Ibargurenen [Ezkioko parrokoa izandakoa] beste artikulu bat aurkitu nuen, laburragoa hura, Ezkioko sukaldeei buruzkoa. Aurrera segi eta hirugarren bat aurkitu nuen Ezkioko abeltzaintzaren gainekoa [Joseba Zendoiak idatzitakoa]. Hirurak Eusko Folklore urtekarian agertutakoak ziren [Jose Migel Barandiaranek sortutakoa, 1921ean]. Hirugarren artikuluak Sinforoso de Ibargurenen lehenengotik edaten du, hark 1927an emandako datuak oinarri hartzen  baititu».

Bor-bor

«Barrua bor-bor ipini zitzaidan lapiko baten antzera. Gutxi ezagutzen ziren testu hauek, nork ezagutzen zituen? Ezkion nork? Ezkion halakoak erregosten ditugun gunera jo nuen, Yartu kultur elkartera, eta han testuok zabaltzeko moduari buruz hitz egiten hasi ginen. Akaso, fotokopiak egin eta herriko etxe guztietan banatzea? Berehala konturatu ginen testuok, halako formatuan ez zutela irakurtzera gonbidatzen eta inprimategi batera jotzeko aukera aztertu genuen.

Jakina, aukera hura hautatuz gero lanak aurrekontu bat izango zuen, egile eskubideak, baimenak eta abar lortu behar ziren… Eusko Ikaskuntzarekin harremanetan jarri nintzen eta Joxe Migel Barandiaran Fundaziora jotzeko esan zidaten. Jose Mari Velez de Mendizabal hango burua lagun dut, iturria behar bezala aipatuz gero, arazorik ez zidan ipini.

Ondoren, zerura deitu nuen eta asmoa agertu nion Sinforoso de Ibargureni [aspaldi zendua] eta bere testuak ukitu gabe argitaratuko genituela zin egin nion. Gaztelaniaz idatzi zituen berak, baina euskaraz jaso zituen hainbat hitzetan garaiko ortotipografia erabili zuen. Apaizak, oso pozik, zerutik, aurrera egiteko esan zidan.

Beste egilea, Joseba Zendoia, gure artean da eta telefonoz deitu nion. Azkar konturatu ginen bi berritsu on elkartu ginela. Zendoiarena euskaraz dago eta, 1984an idatzitakoa denez, mamia eta estiloa gehiegi ukitu gabe, euskara batura hurbiltzen saiatu gara.

Behin lurra eta zerua batuta, eta Yartun gaia landuta, Ezkioko Udaleko hezkuntza eta kultur batzordera jo genuen. Han ere aurrera».

Egiaren ordua

Ezkioko Igartubeiti baserriko sukaldean bertako bizilagunak. / Sinforoso de Ibarguren

Ezkioko Igartubeiti baserriko sukaldean bertako bizilagunak. / Sinforoso de Ibarguren

«Gobernu batzordekoa egiaren ordua izan zen. Une historikoa izan zen, ahoa gehiegi zabaldu gabe diot egun historiko hitza askotan erabiltzen baita. Historikoa izan zen Ezkioko Udalak inoiz ez duelako dirurik inbertitu liburu bat egin dadin. Udaleko gobernu batzordeak onartu egin zuen. Historikoa izan zen, baita ere, gure etnografiari dagokion liburu bat delako, ez gertatu zenaz, liburuko artikuluek garai batean nola bizi ginen kontatzen dute eta, finean, nortzuk garen ere bai».

Mendigurenek geldialdia egin du, te ingelesari zurrutada eman, eta liburua 25. orrian ireki du. Ahots goran irakurri dio kazetariari Sinforoso de Ibargurenek lehenengo artikuluan egiten duen Ezkioko baserri munduaren  deskribapena. Baserrietako jabeen eta maizterren arteko harremanak deskribatzen ditu, baita gordin azaldu ere baserrietako bizimodua. Ondoren, jarraitu du Mendigurenek. Pasarte bakarra da halako kritika bat dagoena.

Goazen liburuaren prozesura. Dokumentuak pdf euskarrian zituzten, baina digitalizatu gabe, guztia berriro tekleatu behar izan zuten eta inprimategian egindako lanari azpimarra egin dio Mendigurenek. «Zumarragako Legazpi Grafikak inprimategikoek oso lan ona eta profesionala egin dute. Gozamen hutsa izan da haiekin lankidetzan aritzea».

Liburuaren hitzaurrea Jose Inazio Etxezarreta alkateak egin du eta Sarah J. Turtlek ingelesera itzulita eman du.  «Itzulpena egin izanak badu esanahi bat: geure txokotik atera, geurea maitatu eta mundura zabaltzea».

Liburuan jasotzen diren 1927ko zazpi argazkiak Gotzon Aranburuk editatu ditu. Planoak ere jaso ditu, Joseba Zendoiak gordeta zituenak.

Monjearen poema

Liburua egina da eta aurreko ostiralean aurkeztu zuten Ezkioko udaletxean. Aurkezpenean beste bidaia bat proposatu zuen Mendigurenek. «Badago monje budista bat, Thích Nh?t H?nh, Vietnamen jaio (1926) eta hango gerran [Amerikako Estatu Batuekin, 1955-1975] ospetsu egin zena bakezalea izan zelako. Inork ez zuen nahi eta aspaldi Frantziako Dordoñan bizi da, komunitate bat dauka han. Tira,  Thích Nh?t H?nh-ek poema batean galdetzen du: orri zuri bat eskuetan hartu eta poetaren begiekin begiratuz gero zer ikusten da? Bada, gai izan behar duzu orri zurian hodeiak airean ikusteko, eguzkiaren dirdira, zuhaitzak, egurgileak, haren gurasoak eta abar luze bat. Izan ere, hodeirik gabe ez legoke eguzkirik eta lainorik gabe ez legoke euririk, ezta zuhaitzik eta zuhaitzak mozteko behar da norbait eta nor egurgilea ez bada? Baina egurgile hori izan dadin, norbaitek sortua behar du, haren gurasoak… Zu [kazetaria] eta ni ere paper zuri horretan gaude.

Ezkio Eusko Folklore-n liburuko  150 orrialdeak hizkiz beteta daude eta mojeak hemen guztia ikusteko aukera dagoela esango luke, baita aurreko lerroetan kontatu dudan guztia ere. Liburuak hartzen dituen hiru lanak, bi pertsona haien ekina, haiekin egon ziren informazio-iturri guztiak, hori dena ikusteko gai izan behar gara».

Liburua aurkezpenean banatu zuten eta aurrerantzean udaletxean egongo da, 10 euroan,  eskuratu nahi duenarentzat. Lana, ordea, ez da amaitu. «Orain, emozionatu egin gara eta beste lan baten proiektua daukagu. Ezkioko errolda grafikoa egin nahi dugu. Gatzagan egin zuten. Ia testurik gabe, bi urteko epean herrian erroldatuta gauden guztion argazkiekin osatu nahi dugu lana. Udaletxeko ganbaran estudio bat prestatu dugu jada. Adineko jendeari lehentasuna eman eta baserrietako bizilagunekin hasiko gara. Udalak onartu du egitasmoa».

Haiek ere orri zuriak izango dira eta, hitzik gabe kasik, Ezkioko bizilagunen aurpegietan irakurri ahal izango dira Ezkioko herria eta bere zerua, baita mundu osoa ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>