Iraia Oiartzabal eta Nagore Belastegi

Iraia Oiartzabal

Txiki eta ahul sentitu izan naiz batzuetan. Zuri ere gertatu al zaizu? Ez dakit jarrera kontua ote den, baina neure burua zenbait egoeratan ikusi dudanean pentsatu izan dut zein fina den zaurgarri izatera garamatzan marra. Gutaz ari naiz, emakumeoz. Gizarte bazterketaren inguruan egindako ikerketa batek egoera horretan dauden emakumeen inguruan eskaintzen duen argazkiak kezkatzeko eta hausnartzeko arrazoiak soberan ematen ditu. Hasteko, pobrezian edo etxerik gabe dauden emakumeen egoera ia ikusezina dela azaltzen zuen, hain zuzen emakumeon joera delako zailtasun egoerak arlo pribatuan gordetzea. Arduratzeko beste aldagai bat etxerik gabe dauden emakumeen profila da, horietatik portzentai handi bat indarkeria egoeretatik ihesi doaozen andreak baitira. Muturreko egoerak dira, sistema harrapakari baten eztandarekin baliabiderik gabe gelditu diren gizon eta emakumeenak. Eta hor, beste behin, emakumeak inor baino zaurgarriago. Kaltebera kalean, etxeko intimitatean, lantokian, gaztaroan, zahartzaroan… Etxeko bi neskatoak parkean jolasean eta algaraka ikusten ditudan bitartean pentsatu dut bestelako etorkizun bat nahi dudala haientzat. Beldurrik gabekoa, indartsu eta euren buruaren jabe biziko duten oraina eta geroa opa diet. Oiarzabal-BelastegiHorretan ari garela uste dut baina bidelagunak behar ditugu aurrera jarraitzeko. Denok jarri beharko genituzke betaurreko mo-reak.

Nagore Belastegi

Kale bakarti batetik pasatzen naizen bakoitzean edo gizon kuadrila baten aurretik igarotzea ekiditzen dudan bakoitzeansentitzen naiz txiki eta ahul. Edo emakumeen gai bati buruz ari naizenean, gizon batek iritzia eman eta nirearengan gailentzen duenean, badirudielako emakumeok gure errealitateari buruz ezer ez dakigula. Edo okerrago; emakumeon artean erasotzen garenean, gure artean babestu beharrean, gizonek ia-ia barre egiten diguten bitartean. Nahiko nuke parkeko neskato horiek berdina inoiz ez sentitzea, ez jakitea zer den hori, mutilek inoiz ezagutuko ez duten hori. Aipatu dituzun kasuak gogorrak dira, bai, batez ere pentsatzen badugu kalean bizi diren emakume horietatik askok egun batean erabaki oso zaila hartu behar izan zutela: indarkeria matxista jasaten jarraitu, hil arte, edo egoera honetatik ihes egin etorkizuna guztiz beltza izan arren. Ausardia ekintza bat bada besteek zer esango dutenaren kontra etxea utzi eta kalean bizitzen hastea, etxea bera zelako infernua. Argi dago zerbaitek huts egiten duela gizartean emakume batek honelako bi aukeren artean erabaki behar duenean. Txiki eta ahul sentitzen naizenean, askotan, amorrazioa ere sentitzen dut ausarta izatea gustatuko litzaidakeelako, buelta eman ez begirada lizunez iraindu nauten gizon horiei aurre egiteko. Baina ausarta ez izaten ere erakutsi digute, kale bakartiak ekiditzen erakutsi diguten bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>