Energien aingerua

ANGEL_VICENTE_MARTON_SENDA

Angel Vicente aztiriarrak duela zortzi-bat urte aurkitu zuen beregan zeukan dohain bat: jendearen gaixotasunak sendatzeko gai da, energi kaltegarriak gorputzetik xurgatuz, eskuak jarrita. Sendatzaile aritzen da, minak kentzen.

Argedas jaioterrian, Floristan izeneko igarleak ireki zizkion begiak Angel Vicente Martoni (Argedas, Nafarroa, 1940), orain zortzi-bat urte. Magalera itsatsi zitzaion eta ondotik joan nahi ez zuen txakur batek erakarri zion emakumeari arreta; eskuak irakurri zizkion, eta zera esan zion: «Angel, zu jendeari on egiteko jaioa zara. Munduan oso gutxik daukaten dohaina daukazu. Gaixotasunak senda ditzakezu, edozein».

Hala hasi zen, poliki-poliki, sendalaritzaren munduan barneratzen, jada 70 urterekin. Argedasen jaioa, 13 urterekin umezurtz geratu, eta 17rekin Legazpiko Patricio Etxeberriaren lantegira etorri zen, lanera. Aztiriko Etxeaundi baserrian bizi da, duela 54 urte ezkondu zenez geroztik. Etxean hartzen ditu orain gaixoak, eta, energiaren bidez, asko sendatu dituela ziurtatu du.

Eskuen kontaktuaren bidez eta masajeak emanez «xurgatzen» edo arintzen du gorputzeko tentsioa. Bularrezurrari edo esternoiari berebiziko arreta ipintzen dio. «Gorputzeko zabortegia» deitzen dio, tentsio asko korapilo horretan pilatzen delako. Ohatilaren ondoan, bere jakintza aberasteko liburutegia du. Titulu guztietatik, bat nabarmendu du: Barbara Ann Brennan-en Egin dadila argia. Sendatzen duten eskuak.

«Pertsona bat eskuetatik hartzen dudan bakoitzean, bere energia zainetatik etortzen zait. Xurgatu egiten dut, bularrera eta burura iristen zait energia hori, eta doministiku eginez askatzen dut. Edo katigatuta geratzen bada, eztulka. Aterako ez banu, hilko nintzateke, zeren daukan txar guztia xurgatzen dut», dio Vicentek.

Begietara begiratzen du, lehenengo gauza. Eta bakoitzaren izaeraren ezaugarriak «ikusten» ditu. Ukitu orduko, energia bere besoetako ilexketan nabaritzen duela dio; edo hatzetako izerdian. «Gehien gibelak sufritzen du, zikintzen delako. Giltzurrunei ez zaie gustatzen zikinkeriarik bidaltzerik».

ANGEL_VICENTE_MARTON_SENDA(1)«Energia txarra xurgatzen dut. Energiak katigatuta gelditzen direlako ematen du min»

«Jendeari on egin, lagundu eta sendatzea besterik ez dut nahi. Hori da gauzarik politena»

Angel Vicente Marton, Sendatzailea

«Dohaina da»

Patriciorenean urte askoan lan egina, autoeskolako irakasle izana gerora, 1980 inguruan Aztiri Erretegia martxan jarri zuen, auzoan bertan. Legazpiko Bikuña futbol zelaiko taberna eduki zuen, azkenera. Jubilatuta dago gaur egun. Hori dela eta, laguntza bila etortzen zaion jendeari —geroz eta gehiago dira—, ezin die eta ez die tarifa bat kobratzen. Sendatzailetzat du bere burua («sanador»). «Dohain bat da».

Argedasko igarleak esan arte, Vicentek ez zuen aurrez ezer berezirik nabaritu. Oso jendearekikoa zela bai, eta oso indartsua. «Ez nintzen nekatzen. Ni baino gazteagoek baino erresistentzia eta indar gehiago neukala jabetzen nintzen». Familian ere ez du arbaso sendatzailerik, berak dakiela.

Osasun arazo askotarikoak eta larritasun maila desberdinekoak ikusi ditu, urteotan. Minbizidunak ere bai, tartean. Kasu askotan, gaixoek hobekuntza aipagarria izan dute.

«Batzuek ez dute sinisten. Floristan igarleak esan zidan bizi naizen lurrean ez naizela profeta izango. Nik ematen dudan bakarra energia ona da, estatikoa. Nik minik ez daukat, bestela ezingo nizkioke inori eskuak jarri, nire txarra transmitituko niokeelako. Askotan, nik neuk ere ez dut sinisten zer eragin izaten duen energiak».

Eguzkitik hartutakoa

Etxe atarira edo goiko terrazara irten, hanka-hutsik lurrean tinkatu, besoak zabalduta esku ahurrak gorantz ireki, eta begiak itxita zerura begira jartzen da Vicente, berak energia hartzeko. «Eguzkitik hartzen dut, unibertsotik, izarretatik. Gauean, leihoa ireki, eta izarrik baldin badago, izarrekin hitz egiten dut. Eguzkiarekin hitz egiten dut. Nire erara».

Begiak itxitakoan, «bere gauzak» ikusten dituela ziurtatu du. «Bakoitzak pentsa dezala nahi duena. Orain arte, egin dudanarekin asmatu dut». Gaixoak min non duen, han kontzentratzen du adimena eta energia: urdailean, bularrezurrean, besoetan, lepaondoan… Tentsioak lasatzea da aurreneko lana, «hezurrak askatzea»; eta energia txarrak ateratzen ditu gero, eskuekin.

Jainkoan sinisten du Vicentek, eta osasuna emateko eskatzen dio, besteak sendatzeko. «Gogoeta asko egiten dut. Lehen telebista ikusten nuen, orain ez. Meditazioarekin asebeteago geratzen naiz. Gora begiratzen dut».

Behin, jainkoaren agerpen bat izan zuela kontatu du. «Donostian izan zen, zorabio baten ondoren. Pertsona edo irudi hori ikusi nuen, nire baitan; eskailera batetik alfonbra gorrian behera jaitsi zen, ile luzearekin, bina mutil laguntzaile albo banatan zituela. Hark esan zidan nire inguruan bizi zen inor ez zela gaixotuko. Hori ikusi nuen nik, eta horretan ari naiz».

Arantza bat ere badu barruan: gizakiaren harrokeria eta handikeria ezin ditu jasan. Harrokeriak barrenak jaten dituela dio. Sendatu dituen askok eskerrik ere ez diotela eman eta, nahigabetuta dago. «Zergatik gara pertsonak horren harroak? Oso gaiztoak gara. Egindako ona ez errekonozitzeak min ematen dit. Nik ez dut pertsona sendatzea besterik nahi».

Berak denei «on egiten» eta laguntzen jarraituko duela ziurtatu du, hala eta guztiz.

Azken aholku bat ere eman du: «Ez eskatu dirurik, eskatu osasuna; eta gainontzeko guztia etorriko zaizu».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>