Joxepa Madariaga eta Inaxio Usarralde

Joxepa Madariaga

Aupa, Inaxio! Zer moduz bizi haiz? Bizi. Bizitzaz eta heriotzaz ariko gaituk gaur. Heriotza duina zikloa antolatu eta buru-belarri ari gaituk jaiotza hasiera eta heriotza bukaera dituen bizitzari buruz hizketan, urri honetan, Gerrikon. Bost lagun, bost lankide gonbidatu: Iñaki Peña Bandres, Felix Zubia Olaskoaga, Itxaro Mendizabal Amundarain, Maddi Zubeldia Arozena, Bernadette Iratzoki Luro. Medikuak, pentsalariak, ikertzaileak, artistak, pertsonak; bakoitza bere poz, tristura, kezka, jakintza, ezagutza eta esperientziekin, hizlari, irakurle, kantari, solasean. Eskaintza berezia egin eta jendeagana iristea lortu diagu; pertsonak heriotzaz pentsatzen, informatzen, ikasten, janzten, hitz egiten jartzea lortu diagu, orain arteko saioekin.

«Sufritu gabe etor dakidala eta, datorrenean datorrela; kitto!» esanda, iskin egiten zioagu, askok, heriotzaren gaiari, ez diagu horretaz hitz egin nahi izaten. Ahal dela, ezta aipatu ere! Ezin, ordea. Ikasi, korapiloak askatu, gaiaz jantzi eta lasaitzeko hitz egin nahi dugunak ere bagaudek, bildu gaituk multzo handi bat solasaldietara. Denontzako duk, denok jaten diagu pastel horretatik ingurukoak, familiartekoak, lagunak hiltzen zaizkigunean, puska bat orain, zati bat gero; gertuagokoa nahiz urrutiagokoa, bihotzean ondo txertatua zegoena edota ezagun urrutikoa. Eta halako batean, azkenean, pastel guztia jatea tokatuko zaiguk, gu geu hiltzean. «Bizitzak heriotza zor», ziotsok esaera zaharrak…  Madariaga-UsarraldeBizi dezagun oraina, egunean egunekoa, daukaguna baloratuz, umil eta pozik. Hala? Zer diok hik? Zer ari haiz ikasten? Zer sentitzen?

Inaxio Usarralde

Bai, Joxepa, heriotza eta bere ingurumariko hari mutur guztiei begira jarri gaitun oraingoan Gerrikon. Eta, aizan, zer nahi dun esatea…? Oraingoan ere asmatu dinagu: saio guztiak jendetsuak izaten ari ditun (jendea gaiak kitzikatzen duen seinale!). Denoi komeni zaigun barruko korapilo horiek, askatzea ez bada ere, apur bat leuntzea unea iristen denerako.

Egun hauetan kezka bat ibili dinat bueltaka: «Sufritzen ikustea baino lehenbailehen bukatzea nahiago!», esaldia asko entzun eta erabiltzen dinagu. Kasutik kasura ikusi beharko huke baina, esaldi hori, gaixoak ez sufritzeagatik edo geurekoikeriaz ari gaitun jokatzen? Egun hauetan entzundakoekin ez zeukanat erantzun ziurrik… Gauzak asko erraztuko litizken aurretiazko borondateen dokumentua eginda edukitzeak. Ez dun zaila: herriko osasun etxean ematen ditizten argibide guztiak.

Eta zer ikasi dugun? Jaioz gero hiltzea denez zor, bide hori ahalik eta ondoen eta duinen egiten saiatu beharko lukeela norberak, eta maite ditugun ondokoei laguntzen saiatu beraiek eskatzen duten neurrian. «Gaixoa ez da tontoa!» esaldia iltzatuta geratu zaidan, eta bat natorren. Horri helduta, pertsona horrekin konpontzeko zerbait baldin badaukagu, garaiz konpontzen saiatu eta, hortik aurrera, atzera bueltarik gabeko egoera iruditzen bada, bost urrats ikasi ditinagu: barkamena eskatu era adiskidetsuan eta onargarriago izateko moduan, berari zer barkaturik ez duzula esan, eskerrak eman, maite duzula esan eta agurtu.

Gaiak badin mamirik… Jarraitzekotan!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>