Bai euskar(aldi)ari

Joxe BegiristainAskotan entzun dugu batzuk espainolez hitz egiten dutela euskaraz ari direlakoan. Honelaxe galdetu zidan batek: zer da Euskaraldía?

Azentua, di silaban jarriz, alegia. «Pues eso…» –erantzun nion nik– «…que vamos a traer el euskera al día a día». Haserretu egin zitzaidan, ez baitzen lehen aldia espainolez erantzuten niona.

Izan ere, gainontzeko guztiekin espainolez aritzeko ohitura duten horientzat, batzuk bakarrik daramagu soinean, guri bai, guri euskaraz zuzendu behar zaizkigularen sanbenitoa.

Bada gainera, okerragorik ere: lankide batek esan zidan, berak ez zuela txaparik eramango paparrean. Horrek, bere garaian berari belarrimotz deitzen zioteneko kontuak zekarzkiola gogora. Hori bera ere, ordea, espainolez esan zidan, euskaraz hitz egiteko gai baden arren, eta nik berari euskaraz egiten badiot ere.

Baina eta, ordea, ze jarrera hartu behar dugu guk, bi horiek bezalakoekin? Hau da, Euskaraldia ekimenean ere parterik ez hartzea nork bere kabuz erabaki duenarekin? Euskaraz hitz egiteko gai izan, baina hitz egin nahi ez duenarekin, edo ulertu bai, baina inor euskaraz zuzendu dakion nahi ez duenarekin? Aukera dute Euskal Herriko lurralde osoan eta eragile anitzenek sortu eta landutako euskararen erabilera handiagotzeko ekimenean euren aletxoa jartzeko, baina ez dute horretarako borondaterik. Horiei aurrerantzean ahobizi ez, ahobero zuzenduko bagintzaizkie, espainolez? Hamaika indar alferrik galtzen dugu, merezi ez duenarekin.

Zertara dator guzti hau? Ba, beste aldean, Euskaraldian parte hartuko duten ahobizi eta belarriprest guztiei, nire aitormen eta babes osoa eskainiko diedalako. Eta batez ere, euskara ikasten, hobetzen, alfabetatzen… ahalegin, neke eta denbora asko emateaz gain, euskaraz hitz egitera pasatzeko erabakia hartu duten horiek izango naute ni ondoan. Horien jarrera aintzakotzat hartuz eta aurrera egin dezaten laguntzen eta animatzen. Horiek merezi dutelako gure aitormena. Eta gure aldetik, lehen aipatu ditudanenganako jarrerak ezin duelako izan azken hauenganako bera, inolaz ere.

Hori, gutako bakoitzak, norberak askatasun osoz, Euskaraldia herri ekimenean parte hartzeko (edo ez hartzeko) borondateaz. Gizataldeei dagokienez, zorionez, eta jendaurrean behintzat, berealdikoa da babesa: euskararen bizirautea helburutzat duten euskalgintzako gizarte eragile guztietatik hasi eta hamaika enpresa eta bestelako entitateez gain, eragile politiko behar luketen udal, bestelako gobernu eta nahi adinako erakundeetaraino.

Denok, norbanakook eta Euskal Herria den lurralde bakarreko instituzio guztien agintekidetzak Euskaraldiak iraungo duen 11 eguneko alditik harago segitzeko neurriak hartze- kotan betiere, noski. Hizkuntzaren kontua ezin delako garaian garaiko hiztunen borondatearen esku utzi. Euskal Herrian berezko hizkuntza den aldetik, euskarak hizkuntza politika ez, baizik eta Politika behar duela, agerian da. Euskal herritar eleanitzon euskararen hautua, politikoa da (noski!!); espainola besterik nahi ez dutenen hautua ez da politikoa, ala? Honetaz beste batean arituko gara.

Orain, duela 40 urteko Bai euskarari ekimenak eman zigun gozamen bera sor diezagula Euskaraldiak ere, hemendik beste 40 urtera euskararen aldeko ekimenen premiarik izango ez den esperantzaz. Bai euskar(aldia)ari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>