«Tonua jaisten doa, baina urte batzuk baditut oraindik»

XABIER_BARRIOLA_ZABALETA_A(2)

Musikak bizi du Xabier Barriola Zabaleta (Legazpi, 1952). Eta musikarako bizi da, jubilatuta egonda ere, denbora asko igarotzen baitu; bai abesten, bai koruak zuzentzen. Tenorea da, goi mailako koruetan abeslaria. Ezkioko eta Itsasoko Abesbatza zuzentzen du, besteak beste. Malagan izan da Gabonetan, Amsterdamgo kapera-koruarekin.

Legazpiarra zara jaiotzez. Musika ere han erne zitzaizun?
Sei urterekin, herriko abesbatzan hasi nintzen. Elizaren ingurukoak ziren koruak, bai haurrenak, bai helduenak. Emakumeak ez ziren joaten. Amak asko bultzatu ninduen musikara. San Inazio auzoan, lehenengo pianoa gure etxean sartuko zen, seguru asko. Arreba Isabel hasi zen, eta ni atzetik. Lagunak jolasera, eta ni solfeora; haserre. Baina orain amari eskertu beharrean nago.

Norekin ikasi zenuen?
Solfeoa Kontxita Biterirekin, eta pianoa Arantxa Rodriguezekin. Etsaminak Donostian egiten ziren. Legazpiko Bandan klarinetea 14 urtean jo nuen, 28 urtera arte. Zuzendariarekin desadostasun batzuk egon ziren, eta utzi egin nuen.

Utzi, banda; zeren musika ez.
Doinua musika eskola sortu genuen Arantxa Rodriguezek, Mari Cruz Bereziartuak eta hirurok. Han jarraitu nuen koruarekin eta solfeoa erakusten. 1988an Tolosako lehiaketa irabazi genuen, bertako umeekin. Orduan hasi ziren kanpoko koru handiak etortzen, baina Valentziako bat eta Escorialekoa etorri ziren, eta ohorea izan zen haien aurretik gelditzea.

Musika praktikan bai, baina patrikan? Profesionalki horretara dedikatu zara?
Ez. Legazpiar asko bezala, lanbidea Patriziorenean izan dut.

Arreba aipatu duzu bide irekitzaile. Familiatik zenekarren musikarako tiradizoa, bestela?
Arrebak bere garaian ikasi zuen pianoa, eta orain hartu du berriz. Legazpiko nesken koruan kantatzen zuen, belarri oso ona zeukan. Musika zalea da. Amaren aldetik ez dago musikaririk; aitaren aldetik, bai. Aitona txistularia zen, Leitzakoa. Eskuinarekin jotzen zuen.

XABIER_BARRIOLA_ZABALETA_A copia«Donostiako Orfeoiarekin kolaboratzen dut. Conductus Ensemblerekin musika nahiko polita egiten dugu. Kea taldean 10 urte daramat. Eskifaiarekin bere garaian, Beasaingo Loinatzekin…»

«Zuzendaria koruaren %90 da; gidaria nolakoa, halakoa da abesbatza»

«Herri txikietan hiletek garrantzi handia dute, denak elkartzen direlako; goxatu behar dira»

Barriola abizenak Leitza aldekoa behar zuen…
Bai. Aita lanagatik etorri zen Legazpira, duela 72 urte. Lehenbizi etorri zenean, gerra ondorena zen eta jateko arazo handiak zeuden; Patricio Etxeberriaren seme batek esan zion jan zezakeen lekuren batera joateko; geroago etortzeko, eta hartuko zuela. Beizama aldean ikatza egiten aritu zen, bitartean. Txapako trenean hasi zen, lan gogorrean. Zortea izan zuen, eta lorezain jarri zuten. Legazpin Justo jardinero bezala ezagutzen zuten. Justo izenez, eta oso justua zen, zorrotza. Ama Maria Luisa zen. Biak hil ziren.

Kantuan noiz murgildu zinen?
Gipuzkoako Federazioa sortu zenean, duela 30 urte baino gehiago, ikastaroak prestatu zituen. Herri askotako jendea elkartu ginen, hasieran koruetako onenak: Orfeoikoak, Ametsa, Andra Mari, Eskifaiakoak… Niretzat, Legazpiko Santikutz korutik joanda, shock bat izan zen. Gogoan dut lehen kantaldiko momentua: Sanctus bat zen, eta jende harekin kantatzen… Ezin eutsi emozioari, ileak tente: liluragarria. Grabatuta daukat unea. Haientzat arrunta izango zen, baina niretzat…

Federazioan zaude zu orain.
Gipuzkoakoan nago, eta Euskal Herriko Konfederazioko partaidea ere banaiz, Gipuzkoaren ordezkari. Topaketa hori egiten jarraitzen dugu. Madrildik ere etortzen da jendea kurtsoetara, baita gazteak ere.

Zer du berezitik, bada?
Koru baten balioaren %90 zuzendariarena da. Zuzendaria nolakoa den, halako korua izango da. Zuzendariak trebatzen jarri behar da ahalegina.

Klarinetea, pianoa, akordeoia, txistua, txirula eztia… jotzen duzu. Ahotsean, zuzendari ikasketak ere egin zenituen?
Bai, baina ez arautuak. Legazpiko korua zuzendu nuen, eta Zumarragatik etorri ziren laguntza eske. Biak batera ezin, eta aldameneko herrikoa hartzea erabaki nuen. Neure istiluak izan nituen, Zumarragara joateagatik! Ezkioko eta Itsasoko Abesbatza ere zuzentzen dut. Herri txikietan, garrantzi handia dute hiletek.

Hiletek?
Herri osoa edo gehiena elkartzen den uneak dira, eta horiek goxatzea garrantzitsua da. Ez da helburua, baina lortu beharreko gauza bat da. Hortik aparte, jendea erakartzeko ez da eliza garaiotan oso aproposa. Baina koruan kantatzeko lekurik egokiena eliza da, daukan akustikagatik. Hileta, musikarik edo organurik gabe, oraindik hiletagoa da. Ezkontza bat edo elizkizun bat ere hotz gelditzen da. Ni ez naiz eliza girokoa, baina hor jotzeko ez dut arazorik; herriari egiten diodan aportazioa da; dakidana ematea.

Abeslari dohaina betikoa duzu?
Gaztetan belarri onekoa nintzen, baina ahotsa txikia neukan. Kantatuz, uste dut askoz gehiago handitu zaidala. Tenorea naiz, normalean nahiko altua. Adinarekin tonua jaisten da, baina oraindik urte batzuk badauzkadala uste dut.

Eskalan noraino iristen zara?
Goiko La-ra nahiko erraz. Erramun Martikorena, adibidez, ‘Xalbadorren heriotzean’ Fa-ra iristen da.

Asko zaintzen duzu eztarria?
Bai. Tenperatura aldaketetan, edo festetan, ahal baldin bada, ez hitz egin. Giro horietan behartu egiten da. Tabernetan erretzea debekatu zenetik asko nabaritu dut. Zigarro kea oso txarra da, hurrengo egunean ere ezin eztarria garbitu. Horretan gizonezkoek arazo gehiago daukagu, gainera: goizean ahotsa lo edukitzen dugu, emakumeek askoz errazago libratzen dute. Arratsaldean, goizean baino askoz hobeto kantatzen da; esnatu behar du. Garai batean, ez dakit nola egiten zuten goizeko meza nagusian solo-ak kantatzen zituzten tenoreek.

Talde askotan abesten duzu?
Donostiako Orfeoiarekin kolaboratzen dut tarteka. Conductus Ensemblerekin musika nahiko polita egiten dugu. Kea taldean ere 10 urte daramat. Eskifaiarekin bere garaian, Beasaingo Loinatzekin…

Goi mailan abestea eta koru txiki bat zuzentzea nola uztartzen dituzu?
Ezkiokoa bezalako talde batean beste zenbait gauza daude erakartzen nautenak. Jendearen esker ona nabaritzen da, askoz gertuagokoa da. Musika egitea zaila da agian, baina ez da musika bakarrik talde hauetan. Era berean, musika egitea lortzen badugu, bikain. Nik uste, Ezkion elizkizunak itxurosoak ateratzen direla. Jendea lortzeko egiten da folklorea, gazteak inguratuko direla pentsatuta. Baina ez da erraza.

Jarraikortasuna falta da abesbatzetan ere?
Paretaren kontra jotzea bezala da, orain gauden bezala. Inoiz kantatu ez duen bati kantatzera etortzeko esatea, oso zaila da. Taldea irekia dela, ondo pasatzen dugula eta gauza itxurosoak egiten ditugula erakutsi behar da. Beasainen eta Ordizian badaude haur koruak, baina Zumarragan edo Legazpin ez. Eta tartean ez dago ezer. 12-15 urte arte aritzen dira, baina hortik aurrera ez dago ezer. Denbora gutxi barru, hutsune bat egongo da koruetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>