Zaintzaren antologia

Zaintza

Goierri garaiko Jabekuntza Eskolaren barruan astero biltzen da Zaintzaile Taldea Urretxun. Taldea, etenak eten, 2012tik dago martxan. Barruak husteko espazioa da, informazioa jasotzeko gunea da, baita eztabaidatzeko lekua ere.

Antologia hitzak, bere etimologiari jarraiki, ‘aukeratutako loreak’ esanahia gordetzen du. Alegia, anthos-ek lorea esan nahi du antzinako grezieraz, eta legein da aukeratuko aditza : biak elkartuz sortzen da antologia. Eta antologia aukeratutako lorea bada, jarraian datorrena zaintzaren antologia da. Zaintzaileak diren emakume batzuk elkarrizketatu ditu GoiBerrik, beste emakume zaintzaile askoren ispilu izan daitezkeenak. Ez dago benetako izenik, andre bakoitzak berea ez den izen bat aukeratu du, finean eurenak beste emakume askoren ahotsak izan daitezkeela adierazi nahi baita. Izan ere, zaintzaren inpaktuaren adierazlerik ez dago. Ez dago zenbakirik. Ezin baita jakin zaintzak zenbateraino baldintzatzen duen emakumeen bizitza.

Artikulu honetan andre zaintzaile batzuen lekukotzak bildu ditura. Antologia bat da, irakurri eta norberak bere ondorioak atera ditzan.

Marí.
[andreak aukeratutako izena da, azentu-marka  jartzea eskatu du izena irakurleek hark nahi bezala irakur dezaten]: «Ni zaintzaile talde honetara iritsi nintzen 15 urtez gure ama zaintzen egon eta gero. Ordurako, gutxi-asko, gure egoeraren gogorraz jabetzen hasia nintzen, bakardadeaz ere bai.
Nire bizitza osoa zaintzaren inguruan ehuntzen zen. Jendearekin egoten nintzenean, azkenerako beti heltzen nion amaren gaiari. Gero nire buruarekin haserretzen nintzen. Eguneko 24 orduak zaintzaren bueltan egiten nituen. Ez nuen irtenbiderik ikusten.
Ama eguneko zentrora joaten zen, eta ni, nahi izanez gero, Parisera joan nintekeen, beti ere, 18:00etarako itzultzen banintzen. Zentroan 09:30ean uzten nuen. Zer lan aurkitu nezakeen baldintza horiek izanda?
Lagun batek talde honen berri eman zidan eta hasi nintzen etortzen. Hemen gertatzen zitzaidanaz hitz egin nezakeen eta nire bizitza osoa zen zaintzaz ere bai. Garai hartan errudun sentitzen nintzen, bizitza perspektiba exkasa nuen… Eta hemen nire egoeran edo egoera okerragoan zeuden emakume askoren adorea ikusi nuen eta gauza asko ulertzen hasi nintzen».

Lola.
«Zaintzaile taldeko beste lagun baten bitartez iritsi nintzen. Nik aita- amaginarreba ekarri nituen etxera eta hil ziren arte zaindu nituen; batak minbizia zuen eta besteak parkinsona. Haiek joan zirenean semeari gaixotasun mentala azaleratu zitzaion.
Lagunduko zidan zer edo zeren bila hasi nintzen. Nondik ari nintzen senideak zaintzen? Non geratzen ziren betebeharrak? Non desioak? Jabetu nintzen zaintza eta gure desioak uztartu ditzakegula. Hori guztia eta gehiago aurkitu dut talde honetan eta niretzat itzartzea izan da. Oso eskertuta nago. Nire bizipenak beste emakume batzuekin elkarbanatu ditut. Taldean nor bere beharrekin ager daiteke eta inork ez du epaitzen.
Gaur-gaurkoz semearen zaintzaz harago nire espazioa dudala argi daukat. Itzartu naizenetik behar guztiek beste ukitu bat dute. Gakoa gertatzen den guztiaren aurrean nik neuk nire tokia aukeratzea da».
Teresa. «Lagunaren semeak ere eskizofrenia dauka. Zaintzaile taldera zetorren eta etortzera gonbidatu ninduen. Aurreko udazkenean hasi nintzen etortzen. Ni lanerako bizi nintzen, guztia kontrolatuta izan nahi nuen, denari irtenbidea bilatu nahi nion, baina ez nintzen jabetzen mugak jarri behar ditudala, batez ere, nire burua zaintzeari uzten diodalako. Orain bistan da. Mugarik ez badut jartzen zaintzen ari naizen pertsona hori aprobetxatu egiten da eta nik ez diot ezertan ere laguntzen. Niretzat hori da zailena, zenbateraino zaindu behar dut bestea?».

Elena.
«Ni taldearen dinamizatzailea naiz. Feminismotik nator eta maila teorikoan zaintzaren gaia sakon landuta nuen. Alabaina, hemen hasi nintzenean zuzenean ukitu ninduen minbizia izan nuelako eta ni zaindu behar izan nindutelako.
Banekien teorikoki zaintza prekarietatea, inpaktu fisikoa, morala, errua eta abar direla. Aitzitik, emakumeon egoera bertatik bertara ezagutzen duzunean amorratzen zara. Emakume zaintzaile bakoitza bere kasa ari da, diru laguntzen berri izan behar du, gizarte zerbitzuetara jo behar du, toki batetik bestera joan behar da zaindutako pertsona bizilagunarekin ordubetez uzten duen bitartean. Ikuspegi kolektiborik ez dago. Zaintza ez da ondasun sozial gisa ulertzen, ikusezina da. Ez dakigu zaintzak zenbaterainoko  bizi-kostua duen emakumeen bizitzan».

Justizia soziala

Egunero gurutzatu gaitezke kalean Teresa, Lola edo Marí batekin. Ez dira beti pertsona nagusien zaindariak, seme-alaben zaindariak edo gisa guztietako mendekotasunak dituzten pertsonen zaindariak ere badira. Zaintzaile taldean senideen zaintzaileak daude. Jabekuntza eskolan biltzen den Sua emakume immigrante taldeko  kide asko ere zaintzaileak dira. Gehienek adinekoak zaintzen dituzte eta hori da, hain justu, euren lanpostua.

Zaintza bizitzari estu lotuta dago eta eztabaida sozialean tokia egin behar zaiola dio Lolak: «Berandu baino lehen denok beharko dugu». Feminismotik harago, justizia sozialaz ari da eta zaintzaren azken muturra bizi garen lurrazalean begiztatzen du: «Aldatzen dugun guztia emakumeontzat eta gizonentzat, biontzat, onuragarria izango da».

Taldean sareak josi dituzte, elkarri lana ematen jarraitzen dutela diote barre artean eta barre horiek taldea aterpea ere badela iradokitzen dute. Partaide bakoitzak bere alea jartzen duela diote. Egunero aurkitzen dituzten arazoak desagerrarazteko modurik ez dagoela badakite, baina taldeak beste perspektiba bat izateko bidea ireki die. Nork bere burua zaintzeko beharra, izapide katramilatsuak egiteko pautak eta haiei buruzko informazio baliagarriak, eztabaidarako hizpideak eta jakin-mina elikatu, eta batez ere, elkarrekin barre egiten dute.  Izan ere, antologia hau dramaz bete ordez, esnatzen ari diren emakumeen ahotsekin beterik dago. Orain, gizartearen txanda da: esnatu beharrean gaude, ikusteko.

Emakume zaintzaileak hatsarekin esperimentatzen

Bada Goierri garaiko Jabekuntza Eskolan elkartzen den emakume zaintzaile taldearen jarduna ulertzeko beste giltza bikoitz bat: arnasketa eta hatsa.

Taldean zaintzaz hitz egiten dute, bizipenak, minak, eztabaidak, indarrak eta bakardadeak partekatzen dituzte eta nork bere buruaren zaintza ere lantzen dute arnasketaren bitartez. Marí da alor horren gidaria. Hats esperimentagarria lantzen du, izan ere, dioenez, «esperimentatzen dugunean zerbait berria eratzen dugu, bizi egiten dugu».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>