«Olagizona Legazpiko herriarentzat izango delako oso pozik nago»

Jose_Luis_Arzuaga

Jose Luis Arzuaga (Legazpi, 1940) arotza da. Orain erretiroa hartuta dago, baina aroztegi barruan eta, batez ere, kanpoan orduak egiten ditu harria lantzen. Are, hura da bere toki kuttuna. Legazpiko herriari harriz egindako olagizonaren eskultura eman nahi zion, eta martxoan udalarekin hitzarmena sinatu zuen. Txikitako ametsa zuen: bere lan bat Legazpiri ematea eta han egotea.

Nongo harrobian hasi zen olagizon honen historia?
Olagizona egiteko asmoa nuen eta luzaroan ibili nintzen harri bila. Markina (Bizkaia) aldean,  harri grisa topatu nuen, baina ez nuen hura nahi, olagizonen lihozko jantzia irudikatzeko harri beixaren bila bainenbilen.
Tarragona (Katalunia) aldera joan ginen altzariak saltzen dituen enpresa batera. Bidean harrobi batetik pasa ginen eta han begiztatu nuen nik nahi nuen kolorea. Semea altzari lanetan utzi nuen eta ni harrobiaren bulegora joan nintzen. Ixteko zeuden, baina ni kareharri pusketa batzuekin atera nintzen handik.

Harri mota hura al zen?
Legazpira itzuli eta lanerako ona zela frogatu nuen; gozoa zen eta ongi lan egiten uzten zidan. Harrobira deitu nuen eta hiru metro inguruko pieza eskatu nuen. Hasieran halakorik ez zutela esan zidaten arren, atzera deitu zidaten harrobian zain handia aurkitu zutela eta eskaintzeko moduan zeudela esateko. Nik pieza hura niretzat zela esan nien.
Trailerrean ekarri genuen eta garabi baten laguntzarekin egin genituen zama lanak. Harriak 3,30 metroko luzera zuen eta 3,5 tonako pisua.

Nola heltzen zaio halako piezari?
Pieza etzan eta hantxe hasi nintzen harria kendu eta kendu. Ze gozamena! Zoriontsu sentitu nintzen. Zer aterako nuen ere ez nekien, ideia bat banuen, baina ez nekien zer irtengo zen.
Mirandaolako olagizonei argazkiak eginak nizkien. Nirea burumakur egon zedila nahi nuen;  beti lanean egonda ere, burua makurtuta baitaukate pentsatzeko. Tenazei heltzen egongo zen, itzaina makilan bermatzen den bezalaxe. Bozetoa egin nuen egurrean. Hiru urteko lana da.

Arotza izan zara ofizioz. Egurrak eta harriak ba al dute zerikusirik?
Ni arotza naiz, eta ofizioa ikaragarri gustatu izan zait. Horrek ere badu bere artea, beti sorginkeriak asmatzen ibili beharra dago, proportzioak mantentzen eta nik uste horrek asko lagundu didala gero harrian aritzeko. Ni ez daukat ikasketarik, beti egin dut lan buruz; hau da, burua gehiago  kantsatu behar dut hasiera batean, ez baitakit atera nahi dudan hori nola atera.

Sormenak beti piztu dizu zer edo zer barrenean, ezta?
Bai, mutikotatik gustatu izan zait. Nik mundu asko ez dut eduki artearen alorrean, baina Jorge Oteizaren obrek beti ukitu naute eta animatu ere bai. Umetan Legazpitik Udanara bizikletaz joaten nintzen lagun batekin, bizikleta han utzi eta Arantzazura oinez joaten ginen Oteiza lanean ikusteko. Hiru orduko ibilbidea zen.

Gerora arotza egin zinen familian aurrekaririk izan gabe.
Legazpiko Goiko kalean jaio nintzen, gure aita mikeletea zen eta gure ama emakume umil on bat. Nik arotza izatea erabaki nuen, nire kabuz.

Aroztegiek lehen bestela lan egiten zuten eta sormen lana nabaria zen. Zeure kasuan Legazpiko taberna asko egin dituzu.
Gurrutxaga, Andresenea, Elizondo… Dendak ere asko egin nituen Legazpin eta kanpoan,  eta den-dena buruz egiten nuen.

Zein izan zen zure harrizko lehenengo eskultura?
Amaren bustoa egin nuen, Italiako marmolean. Lanaz kanpo egin nuen 35 urte nituela, ukitu eta utzi, ukitu eta utzi egiten nuen denbora falta bainuen.
Harria gustukoa nuen eta hori barruan eraman dut beti, baina garai hartan negozioa genuen eta buru-belarri lanean aritu nintzen.

Olagizona Legazpin jarriko duzue.
Bai, nik beti garbi izan dut Legazpin egon zedila nahi nuela. Kokalekuari buruz banituen toki batzuk kuttunago eta, gauzak zer diren, azkenean hasiera batean pentsatu nuen tokian jarriko dute, Mirandaolan.
Prozesua luzea izan da, baina azkenean adostu dugu eta ni oso pozik nago Legazpiko herriarentzat izango delako. Legazpi gure jaioterria bada non egongo da hobeto?

Noiz ipiniko duten badakizu?
Beste proiektu bat daukate esku artean eta hura prest dutenean biak batera jarriko dituzte.

Zuk erabat amaituta duzu?
Bai, orain bai. Ez pentsa, hitzarmena sinatu artean tailerrera etorri eta beti aurkitzen nuen handik edo hemendik hobekuntza bat egiteko modua. Orain prest dago, muntaketa lana falta da. Oinak kokatzen dugun egunean moztuko ditut gona azpitik pixka bat ikus daitezen. Tenazak hementxe ditut prest, Julian Mediavillak eginak dira. Eskuetan egokituko ditut eta eskuak ahuldu ordez indartu ditzaten.

Beste lanen batean ari al zara?
Bai, ezin naiz geratu. Lan berriaz, hala ere, amaituta dagoenean hitz egingo dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>