Erretzekorik ez

stop

Urteak dira Minbiziaren Kontrako Elkartea tabakoaren kontsumoa ekiditeko lanean ari dela, baita Osakidetza ere. Osasun publikoko kontua baita. Paradoxa da, hala ere, multinazional handiek tabakoa saltzen segitzea.

Hasieran mundua aldatu nahi duzu, amaieran tabakoa uztearekin konformatzen zara, dio Karmelo C. Iribarren poeta donostiarrak. Sekula erre ez duenak ez daki zeinen zaila den uztea. Minbiziaren Kontrako Elkarteak laguntzen du, Osakidetzak ere bai. Gaur, maiatzak 31, Tabakorik Gabeko Mundu Eguna da.

Gaur bertan, Minbiziaren Kontrako Elkarteak urte osoan zehar gaiaren harira egindako guztiaren bueltako ekitaldi nagusia egingo du. Hain zuzen, Ordizian, Zarautzen eta Irunen osasun puntuak izeneko guneak kokatuko dituzte, non erretzaileei nahiz gaiarekiko interesa dutenei arreta zuzena eskainiko dieten.

Elkarteak, ikasturtean zehar, ikastetxeetan tabakoaren zein kalamuaren kontsumoaren inguruko hitzaldiak eta jarduerak egiten ditu. Halaber, erretzaileei tabakoa uzteko terapiak eskaintzen dizkie, hala indibidualak nola taldekoak.

Ohiko ekintzez gain, aurten Tolosaldean ekimen berezi bat egin dute. Tabakoa uzteko arrazoiak Instagram sarean biltzeko eskatu dute eta lehiaketa bat antolatu dute. Gaur saria emango dute; 150 euro arrazoiak ongien islatu dituenari. Helburua tabakoaren eta kalamuaren kontsumoa murriztea da.

Arrazoiak norberak bildu behar ditu eta tabakoa uzteko prest agertu. Laguntzak ongi etorriak dira, baina erabakia norberarena da. Lehenengo postuan, seguruenik, osasunari egiten dion kaltea dago. Horrez gain, tabakoa utzi aurretik bakoitzak zerrendatu beharko lituzke norberaren arrazoi zehatzenak zeintzuk diren.

Maquetación 1Minbiziaren Kontrako Elkarteak tabakoaren kontsumoaren datuak jasotzen eta biltzen dituen Behatokia dauka. Espainiako estatuko datuak jasotzen dituzte, eta haien barruan, Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkaoakoak.

Kontsumo datu orokorrari erreparatuta, beste lurralde batzuekin alderatuta, datua txikiagoa da. Euskal Herriko hiru lurralde horietan bizi direnen %22,38 dira erretzaileak; 411.205 pertsona. Horietatik 248.316 gizonezkoak dira eta 162.889 emakumezkoak. Egunero erretzen dutenen kopuruak dira.

Kontsumo kantitatearen datuek, kontsumitzaile kopuruaren datuekin batera behera doaz poliki-poliki. Alegia, gutxiago dira kontsumitzaileak Behatokiak jaso dituen azken datuetan, 2017koak. Beheranzko joera dagoela esan daiteke, nahiz eta apurka doan behera.
Beste datu bat ere jasotzen dute, ikasketa mailaren zein soldataren araberako datua. Etxeko ekonomian gero eta diru sarrera gutxiago, orduan eta gehiago erretzen da. Ikasketa maila oinarrizkoa dutenek erretzen dute gehien. Bitxia gerta daitekeen datua da. Alabaina, pobreziaren gaineko ikerketek, egunerokoan justu nahiz zailtasun handiekin dabiltzatenen estresari azpimarra egiten diote, zeren, finean, ez baita samurra egun bakoitza aurrera atera behar duenaren kinka; egunerokotik onik atera, iraunbizitzea edo ezer gutxirekin aho asko betetzea.

Paradoxa

Tabakoaren kontsumoa murrizteko lan eta lan ari diren elkarteen zein erakundeen ekimenen ifrentzuan, estatuak aspaldi gainditu dituzten multinazionalen jarduna dago. Maiatz hasieran, Amerikako Estatu Batuetako egungo gobernuak, Donald Trump buru duela, Philip Morris International multinazionalari IQOS gailuaren salmenta baimendu zion. Gailuari XXI. mendeko Marlboroa deitzen diote. Philip Morris munduko tabako ekoizlerik handiena da. IQOS-ak ez du kerik botatzen ezta errautsik sortzen ere. Kontsumitzaileen arropek ez dute tabako usainik izango eta kiskaltzeko arriskurik ez da egongo. Baina, letra larriz idatz liteke baina hori, tabakoa erretzeko beste modu bat da, erre baino tabakoa berotu egiten duena, lurrina eraginez. Horrenbestez, zigarroa bezain toxikoa eta mendekotasun eragilea da.

Tabako produktu berriak merkaturatu eta estatuen baimenak lortu zein erosi produktuok, eta lau haizeetara zabaldu. Mundua alderantziz dagoenaren beste seinale bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>