Eskuak

NEKANE GONZALEZEskuak burura eramaten ditugu 2016ko sanferminetan 18 urteko neska gaixo batek jasan behar izan zuen krudelkeria ikusita. Eta zerura, egileek horren ondorioz jaso duten epai arina dela tarteko. Eskuak airera altxatzen ditugu 8 urteko mutikoek pornografia kontsumitzen dutela dioen albistea entzutean. Eta bihotz ingurura, gizonezko batek indarkeria baliatu, eta emaztea edo bikotekidea akabatzen duen aldiro. Eskuekin akrobaziak egiten ditugu jaio den gorputzarekin gustura ez, eta sexu zein izen aldaketa egin duen pertsonaren erabakiaren aurka autobus laranja bat kaleratzen dutenean. Eta azkenerako… eskuekin zer egin ere ez dakigula bizi gara. Baina esango nuke keinu horiek guztiak egin aurretik, alegia, gure bizitza ia osoan zehar, gure egunerokoan, eskuak begien parean izaten ditugula beti. Traba eginez. Eta gu, itsu.

Zur eta lur geratu gara Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Skolae programaren diseinu zein trebakuntzan parte hartu duten adituak deklaratzera deitu dituenean. Iruñeko San Cernin ikastetxearen, Concapa elkartearen eta 18 M plataformaren akusaziopean eseri behar izan dute profesionalek aulkian. Zentzuz jokatuta eta berdintasun legeak beteta hezkidetza programa bat garatzeagatik 10 aditu jopuntuan jarri dituzte esku salatzaileek, oraindik ere begien aurreko traba edo zapia kendu ez duten edo kendu nahi ez duten horiek. Lerrook idaztean, epaia zein izango den ez dakigu oraindik, baina horretara iritsi izanak berak erakusten digu ez goazela bide onetik. Eskuak ezinbestean jarri beharko genituzke beste norabide baterantz; hots, esku jokoz aldatu beharko genuke.

Eskuen egitekoez ari garela, onartu behar dut beti iruditu zaizkidala ausartak, baita ero samarrak ere, eskuetan bandera txiki edo seinaletxo bat hartuta auto, kamioi eta enparauen aurrean jartzen diren pertsonak. Eta are gehiago, hegazkinen aurrean ipintzen direnak. Argibide batzuk emateko asmoz, metal pixka edo puska baten aurrean kokatzen dira, besoei gora eta behera eraginez. Babesgabe. Ñimiño. Egongo zen istripuren bat edo beste, seguru asko, baina harrituta geratzen naiz ikusita nola egiten diegun kasu. Bai baitakigu ez ikusiarena eginez gero, geureak egin dezakeela.

Noiz ohartuko gara, bada, gizartean gertatzen direnek batzuetan isil-misilka eta askotan oihuka esaten digutenari ez ikusiarena egiteak ere arrisku bera ekar diezagukeela? Noizko jabetu txiki-txikitatik jasotako heziketaren araberakoa izango dela helduaroko pentsaera zein portaera? Nola ulertu oinarrian ikasitako balioak zenbateraino diren garrantzitsuak? Eta, horrenbestez, noiz hasiko gara eskuei erabilera egokia ematen?

Helburu zintzo batek bultzatuta mugitu edo erabili beharko genituzke eskuak: salatu aurretik, luzatu, laguntzeko; goratu aurretik, zabaldu, eta babesa eman; okerreko norabidean jarri aurretik, egitera goazenari buruz hausnartu; zarta egin aurretik, heldu eta irakatsi… Eskuzabal jokatu, eskuz esku aritu, esku hartzea bultzatu, balioak eskutik eskura transmititu… Eta batez ere, goxo ukitzeko, laztantzeko eta ferekatzeko erabili beharko genituzke gure eskuak, badugu-eta horren premia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>