«Plazan, lekuan lekuko jendearen gustua egiteko dohaina izan behar da»

Ion_Elustondo(1)

Ion Elustondo (Legazpi, 1973) pandero jotzaile autodidakta da. Agurtzane arreba soinu-jolearekin hamaika plaza egin ditu. Bi disko kaleratu dituzte dagoeneko; azkena maiatzaren hondarrean aurkeztu zuten (Bizirik dauden eskuak, Elkar). Plaza gizona den arren, ez ditu lehen planoan kokatuko duten fokuak gustuko, eta horren isla da lotsagorritu egiten dela, sarri, bere buruaz mintzatzen denean. Alabaina, badu zer kontatu musikari gisa eta trikiti munduaren ezagutza oparoa ere bai baitu. Halaber, Trikitixa Elkarteko zuzendaritzako kidea da, boluntarioa.  Euskal Filologia ikasi zuen, Ingeniaritza mekanikoa ikasi zuen, antolakuntzan masterra egin zuen eta, egun, Orkliko bazkidea da; ingeniaritza ikasketak bertan lanean zela egin zituen. Oporrak, aspaldi-aspaldian plazan egin ditu panderoa eskuetan eta irrintziak ahoan.

Noiz hasi zen zure eskuen eta panderoaren arteko harremana?
Agurtzane arreba eta lehengusu bat Lajarengana joaten ziren trikitia ikastera, eta haren harira nire kasa hasi nintzen. Lehenengo pandero kolpeak, umetan, frisbee edo plastikozko borobil hegalari urdin bati eman nizkion. Hurrena, Zumarragako Urbe denda parean zegoen jostailu-denda batean erositako pandero txikia izan zen, harekin lardaskatzen jarraitu nuen, eta hala, lehen plazak egin nituen arrebarekin batera. Poliki-poliki urratsak egiten hasi ginen.

Zure kasa ikasi zenuen.
Txapelketarako zer edo zer prestatu nahi nuenean, Lajarena joan eta jakin beharrekoak banekizkiela esaten zidan.

Txapelketak aipatu dituzu.
Txapelketa ofizialetan, garai batean, parte hartu ahal izateko adin tartea askozaz itxiagoa zen eta Agurtzanerekin bat egitea ez zen erraza izan. Herri mailakoetan arauak malguagoak ziren, eta hainbat sari jaso genituen.

Trikitiaren historiaren berri sarean zabaltzeko lanetan zabiltza. Nolatan?
Gure etxean, gurasoek irrati-kasetean grabatzen zituzten Herri Irratian, Arrate Irratian edo Segura Irratian ematen zituzten trikiti jaialdiak edota bikoteek irratietan zuzenean grabatzen zituzten emankizunak. Denak harrapatzen zituzten eta umeak ginela erromeriatara eramaten gintuzten. Nonbait, jakintzatxo bat metatzen joan gara eta, batez ere, jakin-min hori izan dugu beti. Halaber, datuak, argazkiak, piezak biltzeko grina izan dugu. Agurtzanek berak material asko jaso du egunkarietatik. Gure etxean grabatzen ziren kaseteak digitalizatzen aritu izan naiz, baina lan amaitezina da.

 

Ion_Elustondo«Lehenengo pandero kolpeak, umetan, ‘frisbee’ urdin bati eman nizkion»

«Gurasoek irrati-kasetetan grabatzen zituzten irratiko trikiti emanaldiak»

«Trikiti munduko efemerideak zabaltzeko, batez ere, Facebook erabiltzen dut»

«Niretzat plazera eta ohorea da Agurtzaneren aldamenean ibiltzea»

Bilketa grinak eraman zaitu transmititzeko lanetara?
Iaz, otsailean, Zumarragako Trikitixaren sortzailearen eskusoinua dohaintzan eman zutenekoa zabaldu nuen sare sozialetan, eta biharamunean bi efemeridek bat egin zuten: Primi Erostarbe jaio zen egun berean hil zen Eugenio Zabaleta, otsailaren 24an. Informazio hori banuen eta zabaldu egin nuen. Harrera oso ona izan zuenez, handik gutxira beste bat, eta halaxe hasi nintzen neuk dauzkadan datuak gogora ekartzen eta partekatzen. Facebook erabiltzen dut batez ere.

Zein da informazio hau jasotzen eta partekatzen dutenen soslaia?
Gazte jendeak badu interesa, baina erromeriatan ikusten dugun adineko jendeak esaten dit jarraitzeko, zeren zukua ateratzen baitiete datuoi, ikusi eta Whatsapp bidez partekatzen dituztelako.
Batzuetan igotzen ditudan argazkietan agertzen diren pertsona guztiak ez daude identifikatuta, eta jendeak ekarpenak, zuzenketak zein komentarioak egiten ditu. Jardun polita da. Egia da, halere, egunak 24 ordu dituela eta ez naizela egunero iristen. Halakoetan datua eta argazkia igotzen ditut, eta gero informazio osatzen joaten naiz. Ekarpen xumea da eta ez dauka inolako pretentsiorik. Azkenean, iturri bat da. Jendeak galderak egiten dizkit pribatutik, eta  badirudi, konfiantza pixka bat badutela jakin dezakegunaren gainean, nahiz eta, akaso, hainbeste ez dakigun.

Plazarik plaza ibiltzen zara arrebarekin. Nolako lana da?
Asko gustatu behar zaizun lana da. Izan ere, zenbaitek pentsa dezake festarik festa jan eta edanean ibiltzen garela, baina gustukoa izan behar duzu erromeria giroa, lo falta, jendez inguratuta egotea… Batzuetan pazientzia eta jendetasuna behar dira. Jendearengana iristeko ikuspegi irekia behar da eta lekuan lekuko gustua egiten jakiteko dohaina izan behar da. Aurrean duzunaren arabera funtzionatu behar duzu.

Urteak dira Agurtzane arrebarekin batera zabiltzala. Zer behar du trikiti bikote batek?
Konfiantza handia behar da. Elkar ezagutzak elkarri begiratu gabe ere bestea nondik atera ahal den jakitea dakar. Gure kasuan, Agurtzane bera hain da erreferente trikiti munduan bere soinu jokeragatik ezen zaleek estimu handia diotela. Eskusoinuari ematen dion airea eta grazia bereziak dira. Niretzat plazera eta ohorea dira bere aldamenean ibili ahal izatea. Ni, bere bizkartzain lanetan ibiltzen naiz, oso muskulatua bainago [barre luzea egin du]. Agurtzane erreferente bat da ni ez naizen bezala, maila horretan behintzat, nire alorrean.

Gustura geratu zarete bigarren diskoarekin?
Bai, gainera jendearen erantzuna oso ona izaten ari da. Zertan busti ez duen musika eta trikiti munduko jendeak erosi duela esan digu eta hitz goxoak esan dizkigu. Bejondeiela, loreok zoriontsu egiten gaituztelako.

Bi diskoetan ahotsa jarri duzu.
Agurtzanek erromeriatan erritmo kaxa kudeatzen du eta hark egiten duen lanaren pisua nabarmena da; aurrekontua badago, musikari taldearekin jotzen dugu. Nik panderoa jo eta girotu –eupadak, irrintziak eta animo oihuak botatzen ditut– eta abestu egiten dut. Diskoan ere hala aritu naiz. Musika taldearekin grabatu dugu.

Nola dator uda?
Batzuetan astegunetan lanarekin uztartu beharko ditugu erromeriak eta asteburu gehienetan batera eta bestera ibiliko gara. Gustuko lana da. Guk, urtero ia, oporrak erromerietan egiten ditugu, baina gustuko lana da. Lagunak, bizipenak… Horrek asko balio du eta ez dago dirutan ordaintzerik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>