Duela bost urte sortu ziren aurreneko PuntuEus domeinuak, eta izen bereko fundazioak, urte horien balantzea egin du. Epe horretan 10.000 domeinu erregistratu dira, eta beste bi urtean 15.000ra iristea jarri dute helburu.
Hainbat urtetako ahaleginen ondoren, 2013an onartu zuten ‘.eus’ luzapena duten domeinuak erregistratzeko baimena. Hasiera hartan 4.000 domeinutan jarri zuten bizirauteko gutxieneko muga, baina aise gainditu dute kopuru hori. 10.000ko langara iristeak, datu sinbolikoaz haratago, izango du beste onurarik ere, hemendik aurrera merkeago eskaini ahal izango baitituzte domeinu berriak; hain zuzen ere, 19 euroan ari dira eskaintzen, aste honetan abiarazi duten kanpaina berriaren bitartez.
Bi urtean, 15.000 domeinura iritsi eta Euskal Herriko merkatuan hirugarren domeinu erabiliena izateko erronka jarri diote orain beraien buruari.