«Egunean egunekoa bizitzen ikasi dut, burua alferrik jaten da bestela»

GARIKOITZ_BRAVO_TXIRRINDUL

Lan beteko garaia dute uda ziklista profesionalek. Baina etxean atseden hartzen dagoenetan ere, Lazkaoko haurrekin goizetan txirrinduan bueltaxka egiteko astia eta umorea hartzen du Garikoitz Bravok (Lazkao, 1989). Beti irribarretsu, estimatua da herrian. Benetako txirrindularitzaren eredua da: saiatua, langilea, amore ematen ez duena. Ofizioak ez dio zor dion guztia itzuli. Baina baikor jarraitzen du. «Zer, bestela?».

Zorte handirik ez duzu eduki aurtengo denboraldian, baina irribarrea ez duzu galdu. Zein da zure indar horren sekretua?
Etxean neskalagunak ere askotan esaten dit. Euskaltel desagertu zenean eta Portugalera joan nintzenean, gaizki pasatu nuen. Orduan ikasi nuen egunetik egunera joaten. Katarroa duzula? Joango zaizu. Erori egin zarela? Zutitu, eta hurrengoan beste aukera bat. Gauzak ondo egiten ari naiz. Xabier Muriel prestatzailearekin jarraitzen dut, eta Gorka Prieto nutrizionistarekin nabil aurten. Itxaropena daukat karreraren batean nabarituko dela egindakoa. Etorriko da, eta kito. Horregatik ez dut galtzen irribarrea.

Etapatxo bat irabaztea falta?
Bai, agian. Nahi dut, egia esan.

Uztailaren 31n 30 urte beteko dituzu.
Bai, Getxoko Zirkuitua klasikoaren egunean.

Premonizio bat izan daiteke? Iaz Alex Aranburu ezkiotarrak ere hantxe irabazi zuen lehenengo karrera. Aurten Bravok?
Ea hala den! Getxoko klasikoan badaukat anekdota bat. Urte batean, Caja Ruralekin 11 ziklista joan ginen, eta taldeko 10 irten zitezkeen. Nire urteak zirelako eta etxean ospatzeko, ni geratu nintzen kanpora, batek gelditu beharra zeukan eta. Ea oraingoan desberdina den.

Hamargarren denboraldia duzu profesionaletan. Zer puntutan ikusten duzu zeure burua?
Caja Ruralen hiru urte egin nituen. Karrera onak egin nituen azken urtean, baina berde samar igo nintzen, afizionatuetan bi urte bakarrik lehiatuta. Betidanik esan izan da, eta egia da, txirrindulari urduria naizela, ihesaldiak harrapatzea gustatzen zaidana, tropelean geldi joaten ez dakidana. Kostatu zitzaidan ikastea.

Euskaltel desagertu, Portugalera joan, han ia geldirik… Urte gogorrak izan zenituen, ezta?
Euskaltelekin bi urte neuzkan sinatuta; 2013an bat osatu, eta, desagertu zelako, kalera. Burua jaten hasi nintzen. Efapelen gutxi gora-behera urte galdua izan zen. Murias Taldera iritsitakoan, kostatu zitzaidan erritmoa hartzen, maila galduta neukalako 10 hilabete ia geldirik egon ondoren. Harrezkero, konfiantza asko irabazi dut karreretan eta nire buruarekin. Geroz eta gogo handiagoa dut bizikletan ibiltzeko.

GARIKOITZ_BRAVO_TXIRRINDUL(2)«Lehen urteetan, burutik pasatu ere ez zitzaidan egin irabaz nezakeenik; orain, bai»

«Orainaldia bizi eta aprobetxatzeari ematen diot garrantzia. Bestela, zer?»

«Emaitza mailan, ziklismoak zerbait zor didala pentsatzen dut. Beste denean, ez»

Mentalitatea aldatu duzu?
Bai. Profesionaletako lehen urteetan, niri burutik pasatu ere ez zitzaidan egin irabazteko aukerarik nuenik. Orain, bai. Konfiantza taldeak transmititzen dizu. Muriasen, Jon Odriozolak esan zidan lehen urtean ez zidala ezer exijituko, poliki hastea nahi zuela. Gustura nabil.

Euskadi-Muriasen liderretakoa zara. Paper hori asumitu duzu?
Bai eta ez. Ondo nagoenean, taldea niri laguntzen saiatzen da. Baina gaizki nagoenean, besteei lagundu behar zaie. Hori horrela da. Lider bat bakarrik egotea baino gehiago gustatzen zait denok izatea aprobetxatzeko aukerak. Iaz eta aurten, lehen 10 postuetan ia taldekide gehienak sartu gara, karreraren batean.

Txirrindularitza beti da borroka. Baina gaur egun gehiago?
Borroka etengabea da, eta beti eduki izan du. Agian, daukan gauzarik negatiboena hori da. Jendeak uste du profesionala zarelako diru asko irabazten dela. Ez da lehen bezala. Orokorrean, taldeek ez daukate urte batzuetarako eraikitako ezer solidorik.

Segurtasun eza ematen du?
Bai. Bateko eta besteko, eta urtez urte kontratua luzatuz, Muriasekin bost urte noa. Neoprofesionalekin bi urte sinatzera behartuta daude, baina besteei urteka berritzen digute. Lehen gaizki pasatzen nuen, orain ez. Lasaiago nago alde horretatik, eta asko irabazten da.

Lasaitasun hori non topatzen duzu? Etxeko laguna aipatu duzu [Maite Arraiza atleta].
Egunerokoan lan asko dago, eta etxean Maitek asko laguntzen dit. Orain, gainera, Muriaseko nesken taldean txirrindularitzan hasi da, harrak helduta. Entrenatzera ere batzuetan elkarrekin joaten gara.

Sare sozialetan asko goraipatzen duzun beste figura bat zure aita da: Clemente Jesus Bravo. Beste erreferentzia bat?
Bai, dudarik gabe. Aita eta laguna da, makina bat. Berak erakutsi zidan erresistentzia kirolak maitatzen eta sufritzen. 10 urte egiterako, Aralarrera edo Igaratzara mendiko bizikletan joaten ginen. Baita mendira ere, Monte Perdidora edo Anetora. Lehen entrenatzailea izan da, eta asko lagundu dit.
Osaba zenak ere asko laguntzen zidan. Kotxe istripu batean galdu genuen, 2011n. Portugalgo Itzulian nenbilela —gazteen saria irabazi nuen—, egunero ikustera joan ziren izeba eta osaba. Bueltakoan, Gasteiz parean istripua eduki zuten, eta utzi gintuen. Asko eman zidan, eta egun onetan zein txarretan indarra eman izan dit. Jada ez dago hemen, baina aportatzen dit. Alfonso Mintegi zuen izena. Txirrindularitzak eman didan kolperik bortitzena izan da. Asko akordatzen naiz berekin.

Iraganari, orainari edo geroari begiratzen diozu gehiago?
Orainaldia bizi eta aprobetxatzeari. Bestela, zer? Taldeak datorren urtean jarraitzen badu eta niri aukera ematen badidate, gustura izango naiz. Eta kito. Bihar zer pasatuko zaizun pentsatzen hasten bazara, pedalei ez diezu fuerte eragiten. Hobe da ez pentsatzea datorren urtean Skyn 2 milioi kobratuz egongo naizenik. Tokatzen dena. Hemen pozik eta gustura nago, eta hori behar da.

Euskaltelekin maila gorena probatu zenuen. Berriro World Tourrera iristea da ametsa? Edo nahi ere ez?
Noski, ondo zegoen. World Tourretik azpimarratuko nuke bitarteko gehiago eta hobeak daudela, denerako: prestakuntzatik hasita, errekuperazioa, materiala, egutegia… Dena dela, Muriasek daukan gauza ona egutegia da. Oso ona eta konpletoa daukagu. Aurten, Flecha Valonan egon gara. Ekipo askok ez dute hori lortu.

2019an, gaur arte (VII-4), 46 egun eta 6.500 kilometro daramazu lehiatzen. Ez da gutxi.
Oso ondo dago. Orain Torres Vedrasko Itzulia Portugalen, euskal klasikoak –Ordizia, Getxo eta Donostiakoa– eta ondo bidean gero Espainiako Vuelta egingo ditudala kontuan hartuta, urtea 80 egunekin edo bukatuko dut.

2019a izango da Gari Bravoren urtea?
Oxala! Ez litzateke txarra etapa bat irabaztea. Gutxiena espero denean etorriko da. Okzitanian, adibidez, lehen egunean zulatua izan nuen azken kilometroan. Eta azkenekoan, Demarek esprintean irabazi zuenean, uste nuen ezer ez nuela egingo, baina 200 metroren faltan Demareren gurpilean nindoan. Horrela izaten da: gutxien uste duzunean etortzen da aukera.

Ziklismoak zerbait zor dizun sentsaziorik baduzu zuk?
Bai, agian bai. Emaitza mailan baietz, uste dut. Beste denean ez; taldekideak, taldeak, egin ditudan lagunak, korritu ditudan karrerak… ez dut kexarik. Baina emaitza aldetik falta zait, bai. Iaz oso gertu ibili nintzen, Aragoiko Itzulian. Bi egunetan 2. eta 3. egin nuen. Cerlerren bukatu zen etapan Mikel Bizkarra taldekideak irabazi zuen, erabaki taktikoagatik. Oso gertu izan nuen han garaipena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>