Memoria galera ekiditea

AfagiNekane Luque psikologoak eta Naroa Diaz Afagiko kideak estimulazio tailerrak eskaintzen dituzten Ordizian.  Bertan Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituztenen galera atzeratzeko saioak egiten dituzte.

Prestatuta ez gauden hainbat gauzei aurre egitea da bizitzak guretzako prestatuta dituen sorpresetako bat. Norberari edo gertukoei gaixotasun bat detektatzen diotenean bezala. Une horretan, dudak izan ohi dira nagusi. Zer egin, nora jo edo sendabiderik ote duen izaten dira sortzen diren galderetako batzuk.

Afagi, Alzheimerra duten senitarteko, lagun eta pertsonen Gipuzkoako elkartea, alzheimerra edo beste dementzia batzuk dituzten pertsonei eta haien gertukoei laguntzeko sortu zen, eta martxan jarritako ekintza askoren artean, estimulazio kognitiborako tailerra dago. Alzheimerra, dementzia sindrome eta galera kognitiboaren lehen fasean dauden pertsonentzako tailerra Ordiziako Zuhaizti zentroan ematen dute, Afagik eta udalak antolatuta. Afagiko kide Naroa Diaz eta Ordiziako taldearekin lanean ari den Nekane Luque psikologoa horrelako tailerrek gaixoarengan duten eragin positiboaren inguruan mintzatu dira.

Tailerren hastapena

Afagiren estimulazio tailerrak 2008an antolatu zituzten lehenengoz Eibarren eta Donostian, besteak beste.  «Alzheimerra edo dementziak dituzten pertsonek, hasierako fasean daudenean, estimulazio ariketak egitea da helburua, garuneko zonalde desberdinak estimulatzeko, eta horrela pertsona ahalik eta denbora gehien lehenengo fase horretan mantentzeko». Gainera, «aktibo mantentzea, beste pertsona batzuekin harremanak mantentzea, eguneroko zer egin batzuk edukitzea ere oso garrantzitsua da», Diazek argitu duenez. Modu horretan «gaixotasunaren eboluzioa pixkat etetea lortzen da». Alzheimerra bezalako gaitzekin «pertsonak pairatzen duen jatsiera hori hain azkarra ez izatea lortzen dugu honekin».

Egoera oso bereziak sortu ohi dira memoria arazoekin lotuta dauden gaitzak dituztenekin. Izan ere, gaixoak berak gauzak ahanzten zaizkiola ahazten du. Horregatik, gaixoak berak egoera berriari aurre egiteko duen gaitasuna ere garrantzitsua da. batez ere pertsona horrekin elkarbizitzeko.

Ordiziako tailerra 10 pertsonentzat dago pentsatuta, baina une honetan bost pertsonek parte hartzen dute. Kopuru  murriztua izateak badu zergatia: «Horrela arreta pertsonalizatua eman dakieke». Tratua zuzenagoa izateko antolatzen dira horrela.

Estimulazio kognitiborako tailerra martxan da Ordizian, udalak eta Afagik antolatuta
Alzheimerraren edo beste dementzia batzuen lehenengo fasean daudenentzat dago zuzenduta
Tailerra 10 pertsonentzat dago pentsatuta, arreta pertsonalizatua eman ahal izateko

Lehenengo fasea

Tailerra gaixotasunaren lehenengo fasean daudenentzat zuzenduta dagoela argi utzi nahi izan dute Luquek eta Diazek: «Egunerokotasuneko aktibitateak egiteko autonomoa izatea, idazten eta irakurtzen jakitea, gaitasun minimoak mantentzea beharrezkoa da estimulazio tailerrean parte hartu ahal izateko».

Larridura kognitibo arina dutenen kasuan, artean dementzia bat garatu gabeak dira, baina garuneko neuronek ez dute lehen funtzionatzen zuten bezala funtzionatzen». Pertsona horientzat ere zuzenduta dago tailerra.

Partaideak «gustura» joaten direla baieztatu dute biek eta «hori ere bada helburua». Gustura badaude eta ariketak egiterakoan zailtasun handiak ez badituzte, «pozik eta jarraitzeko gogoa izan ohi dute». Horrela ez denean, «desanimatu egiten dira eta ez dira hain gustura etortzen» eta horrek, «eragina du pertsonarengan».

Zuhaizti zentrora gerturatzeko «agian» laguntza behar izaten du baten batek, haien egunerokoan ez dela ohiko tokia izaten, «baina horrek ez du esan nahi aurretik aipatutako gauzak egiteko ahalmenik ez duenik».

Horregatik guztiagatik tailerrean parte hartzen hasi aurretik «balorazioa egitea oso garrantzitsua da». Lehen hitzorduan profila eman dezakeen edo ez neurtzen dute, balorazio bat egin ondoren.

Saioen izaera

Luque psikologoa da, hura da Ordiziako taldearen ardura daramana, eta lan saio bat nolakoa den kontatu du: «Asteburua zer moduz joan zaien kontatzen hasten dira lehenengo. Albisteren bat irakurtzen dugu. Saio guztietan egiten dugun zerbait zein egun den gogoratzea da. Haiek zentratzeko balio du horrek. Ondoren, denetariko ariketak egin ohi ditugu». Memoria eta arreta lantzeko ariketak dira, besteak beste: letra zopak, marrazkiak egin, desberdintasunak bilatu, lengoaia landu, funtzio exekutiboak, egunerokotasuneko aktibitateak, sekuentziak…

Saioaren amaieran, beste  ariketa batzuk egiten dituzte. «Erlaxazioa, luzaketak eta oroitzapenak mantentzeko gustuko musika entzuten dugu, besteak beste». Musikaren bidez, «gustuko abesti bat jarrita, letra jakin ohi dute eta hori gogoratzea ariketa oso ona» dela kontatu du. «Ia konturatu gabe egiten dute ariketa eta garuna estimulatzeko modua da hori».

Saioaren amaieran horrelako ariketak egitearen arrazoia «klasetik sentsazio onekin joatea da». Hasieran egin ohi dituzten ariketak zail xamarrak egin bazaizkie, amaierakoarekin «pozik» joan daitezen bilatu nahi du Luquek.

Duela 28 sortu zuten Afagi gaixotasunaren afektatuentzat

Afagi 1991n sortu zen, gaixotasun horrek eragindako familia gipuzkoarren bozeramaile eta defendatzaile bilakatzeko helburuarekin. Sorrera unetik gaur egunera arte, elkartearekin lanean aritu diren senide eta profesionalak buru-belarri aritzearen ondorioz sortu eta hazi da elkartea.

Beste hainbat zereginen artean, Afagi bere kideen jarduerak koordinatzeaz arduratzen da. Halaber, dementzia honek eragindako guztien  –senide eta gaixoen– bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko proiektuak egiten ditu.

‘Alzheimerraren aurrean, ez zaude bakarrik’ leloa lanerako filosofia bat da, Afagiren benetako izaera laburbiltzen duena. «Lelo hori zabaldu eta iraun dezan nahi dugu, edozein pertsonak gure laguntza behar duen guztietan».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>