«Presiorik gabe dabilen kirolaria naiz,dortsala jartzea gustatzen zaidana»

Josu_Urrestarazu

Josu Urrestarazu (Idiazabal, 1994) 2008 eta 2017 urteen artean txirrindularitzan aritu zen Goierriko  taldeetan, eta gaur egun, elite mailako kirolak sortzen duen presiorik eta konpromisorik gabe, baina dortsala janzteak sortzen duen ilusioarekin dabil, mendi lasterketa eta duatloietan, kirolarekin gozatzen.

Zergatik utzi zenuen txirrindularitza?
2017ko irailean elite mailako lehenengo urtea bukatuta nuenean, txirrindularitzan profesional bezala ez zegoela jarraitzerik ikusi nuen, gehiago nabarmendu beharko nuen aurrera egiteko. Nire bizitzan beste lehentasun batzuk bazeudela ikusita, txirrindularitza utzi  eta indibidualagoak diren kiroletara pasatu nintzen. Mendi duatloietan eta ziklo krosean hasi nintzen.

Korrikari ere heldu zenion.
Idiazabalen Axari Trail egiten da irailean eta gertukoa den kirol bat izan daitekeena, indibiduala eta lehiatu daitekeena da, eta 2018aren hasieran mendi lasterketak probatzea erabaki nuen. Urretxuko UZ Trailean estreinatu nintzen. Ikaragarrizko betekada izan zen. Lauzpabost lasterketa egin nituen. Lehertuta bukatu nuen, baina egia esan, lehiatzen, dortsala jartzen jarraitzeko alor polita zela ikusi nuen.  Presio edota konpromisorik gabe dabilen kirolaria naiz, dortsala jartzea gustatzen zaidana. Hala ere, oraindik korrikalari etiketa ez diot jartzen nire buruari; pixkanaka joan nahi dut. Oraindik ez naiz korrikalaria sentitzen; txirrindularia gehiago naiz.

Presiorik gabe ariko zara orain.
Nik erabakitzen dut noiz entrenatu, noiz lagunekin elkartu, zein karreretara joan… ez daukat presiorik, dena niretzat da, dena gozamenerako da.  Lasaitasunera pasatu naiz, baina aldi berean, gustatu egiten zait dortsala jartzea, zaintzea, entrenatzea, gorputzarekin ondo sentitzea.  Kirolaren inguruko bizitza estiloa gustatzen zait.

Emaitza onak lortu dituzu.
Asko ari naiz nabarmentzen 10-15-20 kilometroko lasterketetan, eta datorren urtean ere motzetan saiatu nahiko nuke. Ekainean eta uztailean, lau lasterketetatik hirutan podiuma  lortu nuen. Luzea egiteko denbora izango da.

Hala ere, dagoeneko Marimurumendi maratoia egin duzu.
Aurten Zegama-Aizkorri maratoian izena eman dut lehenengo aldiz, eta ez zait dortsalik egokitu. Baina Kilometro Bertikalean bai. Espezialitatea gustatzen zait, gustukoa dut. Pasilloa, giroa oso polita izan zen.  Nire maratoietako estreinua Tolosako 3 Tontorretan egin nuen. Marimurumendi, berriz, etxean den karrera delako eta etxeko giroa bizi nahi nuelako egin dut.

Ametsa duzu Zegama-Aizkorri maratoian parte hartzea?
Ametsa bihurtzen da. Ikustera joaten zarenean oilo ipurdia sentitzen baduzu, eta jakinda korrika egitean sentitzen dena zer den, ikaragarria izango da. Lotara joandakoan burura etortzen den irudia da Zegama-Aizkorrikoa.

Irailaren 8an Axari Trail izango duzu herrian.
Lasterketa motzean parte hartuko dut, eta emaitza ona lortuta ea urtea borobiltzen dudan. Paper ona egin nahiko nuke.

Dena den, txirrindua ez duzu erabat baztertu.
Ez. Euskal Herriko mendi duatloi zirkuitua irailean hasiko da, eta parte hartzeko asmoa daukat; iaz laugarren egin nuen sailkapen orokorrean. Mendi bizikletetako lasterketetan ere parte hartzen ari naiz eta ziklo krosean ere jarraituko dut.

Idiazabal izena jantzita aritzen zara.
Oso giro ona daukagu eta harro janzten dut Idiazabal izena daraman kamiseta. Batez ere, daukagun talde giro onagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>