Garia eta euskara, eskutik

Gariak eta gariarekin lotutako lanak berpizkunde txiki bat izan dute aurten Goierrin. Legazpiko Markastegi baserriko Joxe Olabidek eta Nere Arrondok etxe ondoan sail txiki bat erein, uzta bildu, lehortu eta aletu egin dute. Orain prozesuari amaiera ematekotan dira, Brinkolako errotan alea eho eta ateratako irinarekin etxean ogia eginda. Bide luze horretan garai batean baserrietan egiten zen lana ezezik, harekin lotutako euskara berreskuratzeko aukera izan dute.

Joxe Olabidek ez zuen Markastegi jaiotetxean garia ezagutu, bai ordea garia jotzeko makina, gorrizta bat, garai batean egiten zen lanaren azken arrastoa. Aditzeraz, berriz, bai, badaki Legazpiko Ibarrolan eta Eixal baserrietan ereiten zutela garia duela 40-45 bat urte, baita beste hainbat baserritan ere lehenago. Zergatik mantendu zen baserri batzuetan eta beste batzuetan ez? «Seguru nago ez dagoela erantzun ekonomikorik», dio Olabidek, «sentimendu kontua» baizik. Eta horixe izan da, hain zuzen, sentimendua, bera eta bere emazte Nere Arrondo Markastegiko sail txiki batean garilana martxan jartzera eraman dituena.

Sentimendu horren baitan, etxean ekoitzitako irinarekin ogia egitea ere sartzen da. Nere Arrondok Albacetetik ekarritako osoko irin ekologikoa erabiliz astean bitan-edo ogia egiteko ohitura du. «Etxeko irinarekin egiteak zirrara berezia sortzen digu, nolakoa aterako den ez jakin arren», aitortu du Markastegiko etxekoandreak.

Euskal lexikoa

Euskararekin lotutako arrazoiek ere pisu handia izan dute bikote honek etxean garilana berreskuratzeko orduan, horiek ere sentimenduzkoak. «Azkeneko urte mordoska honetan tokian tokiko euskarak direla eta, desagertutako hitz asko eta asko berreskuratu nahian ibili naiz», azaldu du Olabidek, eta hitz horien berri eman dien liburu batzuk aipatu ditu: Martin Ugarte Saletxe auzokidearen Legazpi barrutiko itzen bilduma, eta Aztiriko Julian Alustiza frantziskotarrarenak, Lihoaren penak eta nekeak, Euskal baserriaren inguruan… besteak beste. Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea helburu duen Ahotsak egitasmoko bideo batzuk ere lagungarri izan dituela aipatu du Olabidek.
Baina, garia eta euskara nola lotu ditu? «Lexikoa arlo eta esparru guztietan uztartuta joaten da ekintza edo jarduera batekin, eta hala, garilana galtzen bada, garia ereiteari uzten bazaio, gariaren inguruko ez hitzak bakarrik, baita gariaren inguruan dagoen jokamoldea ere galdu egingo da: auzolana adibidez».

Garia_eta_euskara_Markaste copia 2
«Aitzakia bila ibili naiz euskara jorratzeko eta ikasteko; gariak eman dit aukera»

«Alea Brinkolako errotara eramango dugu; irinarekin ogi bat edo beste egingo dugu»

Joxe Olabide

Garia eginda, langintza harekin lotutako hainbat hitz berreskuratzeko aukera izan du Olabidek: mutxurioa, galtzue, lastazaoa, galburue… «Aitzakia bila ibili naiz euskara jorratzeko eta ikasteko, eta aitzakia eta aukera eman dit gariak».

Lagungarri izan ditu prozesuan lehen aipatutako liburuak  eta bideoak, baita Juan Garmendia Larrañagaren lanak, Eibarko Udalak kaleratutako hiztegi etnografikoa edo  Bizkaiko «bi-hiru lan polit». Garilanetan ari zirela  horrek inguruan jarri duen hizpidea ere bai: «Beste batzuekin hitz egin eta haiek hitz bat edo beste nola esaten zuten eta halakoak».

«Azkenerako, gari egite hori izan da aitzakia sua pizteko eta baserri inguruan galdutako euskara berreskuratzeko. Garia lokarri bezala hartuta, errazago ikasi dut euskara», azaldu du Olabidek.

Lan neketsua

Lexikoaren galera, irina eta ogia…  halako batean OlabideArrondo senar-emazteek erabaki zuten garia egiteari ekin behar ziotela, «mutxurtxo bat» etxe ondoko sailean, eta Brinkolako errotako  Pepe Segadek ekarritako poltsakada bat hazi erein zuten iazko azaroan. Uztail bukaera-abuztu hasieran hasi ziren lanean: «Pauso guztiak lehengo era zaharrean egin nahi izan ditugu». Hala, igitaiarekin moztu zuten; hurrengo pausoa lastazaok edo sortak egitea zen, lokarritzat galtzue edo garia beraren enborra erabiliz, gero mutxuriatzea edo metak egitea…  baina euria zetorrela-eta presaka zenbiltzan,  eta traktore gainean jarri denak eta aterpera eraman zituzten, busti ez zitezen, eta hantxe izan dituzte lehortzen, batzuetan barruan beste batzuetan eguzkitara aterata.

«Hurrengo ekina garia jotzea izan da, eta hori harri baten gainean egin dugu», azaldu du Olabidek. «Gari jotzean ikusi dugu zer den hauts artean egotea eta zein lan neketsua den». Garia jotzen ari ziren eran, galburua ere jaulki edo aletu egiten zen.

Alea eta galtzue, «nolabaiteko alearen soinekoa» traktore gainean dauzkate, eta orain azken pausoa falta da, galbahetik pasa eta alea hutsik uztea: bost bat kilo izatea espero dute. «Gero Brinkolako errotara eramango dugu. Eta handik ateratako irinarekin ogi bat edo beste egitea nahiko genuke. Orduan ikusi behar Markastegiko gariarekin egindako ogia nolakoa ateratzen den!».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>