«Guztia dago kutsatuta, baina gizartearen zati handi batek ez du aldatzeko intentziorik»

Angela-Linskey-1

Naturarekiko eta bizitza osasuntsuaren inguruko benetako kontzientzia du Angela Linskeyk (Birstall, Ingalaterra, 1949). Duela urtebete eskasetik bizi da Ordizian, ia 40 urtean Jesus Mari Gonzalez senarra zuenarekin batera landa eremuan bizi ondoren, Abaltzisketako Naera Haundin azken urteetan. Baserrian bizi eta baserritik bizitzea izan zen hartu zuten erabakia, eta nekazaritza ekologikoa haien aukera. Toki askotan ezagunak ziren ekoizten zituzten produktuengatik, baina baita ingurumenarekiko oso konprometituta egon diren bikotea osatzen zutelako ere.

Nekazaritza ekologikoa geroz eta jende gehiago erakartzen ari da. Zuk eta zure senarrak 1970eko hamarkada inguruan ekin zenioten.
Ingelesa irakasten nuen garai hartan. Jesus Mari nire ikaslea zen. Horrela ezagutu genuen elkar. Ingelesa hobetzeko intentzioarekin, Ingalaterrara joan ginen eta han jende oso interesgarria ezagutu genuen. Naturarekiko kontzientzia handia zuen jendea zen. Politikoki bat gentozen haiekin, baina politikoki bat etortzea baino gehiago zen, elikadurari dagokionez ere kontzientzia zutenak ziren. Elikagaien inguruan asko ikasi genuen. Nondik datozen eta zein onura duten besteak beste. Hori izan zen abiapuntua. Ingalaterran 18 urte igaro ondoren Euskal Herrira bueltatu ginen.

Non kokatu zineten?
Bizimodua aldatu nahi genuen, pentsatzen genuelako hori zela bide egokia. Urnietan baserri batean bizitzeko erabakia hartu genuen eta han hasi ginen pixkana-pixkana. Ingeles irakasle lana, baserriko lanarekin uztartzen nuen garai hartan. 1979an zen hori. Hiru urte igaro genituen bertan.

Eta ondoren?
Baserria utzita, euskara behar-beharrezkoa denez, Lazkaon egon ginen ikasten. Ezagun batzuei baserrian laguntzen ere ibili ginen garai hartan.
1984an, berriz, Abaltzisketako Naiera Haundi baserria erosi genuen. Bertan igaro genuen gure bizitzako zati oso garrantzitsu bat, 34 urte. Igarotako denboragatik bakarrik ez, bizimodu filosofia desberdina zen, gure pentsakerarekin bat zetorren filosofia. Asko ikasi genuen eta ikasitako hori praktikan jarrita ia 40 urte igaro ditugu, baserria saldu genuen arte. Iaz izan zen hori. Orain, Ordizian bizi naiz.

Zergatik aukeratu zenuten nekazaritza ekologikoaren bidea?
Elikadura osasungarriagobat nahi genuelako. Ikusten genuen, elikatzeko modua okerrera zihoala eta ez genuen horrelakorik nahi guretzat. Gaur- gaurkoz arrazoi genuela uste dut, nahiz eta horrek ez nauen batere pozten.

Nolakoa izan zen bide hori aukeratzea?
Euskal Herrian ez zen oso ezaguna nekazaritza ekologikoa. Katalunian izan ziren lehenetarikoak. Ingalaterran, adibidez, hemen baino aurreratuago zeuden arlo horretan. Bigarren Mundu Gerra baino lehen bazegoen nekazaritza ekologikoaren aldeko mugimendu bat, eta Jesus eta biok ere hortxe sartu ginen Ingalaterran bizi ginen bitartean. Handik informazio asko jaso genuen. Urnietako baserrian ikasitako hura praktikan jartzen hasi ginen, nahiz eta hemen produktu ekologikoak aurkitzea zaila zen.
Garbi geneukan baserritik ateratzen genituen elikagaiez elikatu eta biziko ginela, guk geuk landatu eta zaindutakoekin. Erositakoak ez zigun konfiantzarik ematen.

Osasunagatik egin zenutela aipatu duzu.
Bai, osasunagatik batez ere,  baina ez gureaz bakarrik, baita lurraren osasunagatik eta gizarte osoaren osagunagatik ere. Gizartearen zati handi bati guk aukeratutako bizimodu horrek lan handia suposatzen dio, gehiegizkoa; norberak jan behar duena norberak landatzea eta zaintzea. Jendeak nahiago du edozer gauza jan, eta ondoren medikamentuak hartu.
Nire familia Ingalaterran bizi da. Badakit han baserri batean bizi nahi izatekotan ingurukoak laguntzeko prest izango genituela, ideia oso ona dela iritzita. Naturarekiko beste konzientzia bat dute.

Euskal Herrian oztopoak izan zenituzten?
Erabaki hau hartu genuenean inguruko batzuek ez zuten ulertu. Ez ginen babestuta sentitu. Aldentzen ere hasi ziren batzuk. Ez eztabaidagatik, baizik eta gure aukerarengatik, baserrian bizi eta baserritik bizitzeagatik.
Eta bai, gauzak aldatzen ari dira. Gazteengan kontzientzia sortzen ari da. Baina orain lan oso handia dugu egiteko hori guztia aldatu aurretik. Guztia baitago kutsatuta eta gainera gizartearen zati oso handi batek ez du aldatzeko batere intentziorik. Pentsatzen dute horrela oso ondo bizi direla. Horrek aldatu egin behar du, baina oso zaila da.

Ingurukoekin erlazioak aipatu dituzu…
Begetarianoa naiz, eta nahiko zorrotza gainera. Barazkiak, frutak, zerealak eta lekaleak jaten ditut, arrautza egosiak, eta baita gazta pixka bat ere. Haragirik ez, ezta arrainik ere. Esnerik ere ez dut edaten. Beganoa izan nahiko nuke. Bestalde, azukre asko kontsumitzen dute beganoek, eta hori ere ez dut nahi. Ez da hain erraza guztiz koherentea izatea.
Nire elikatzeko modua erabaki bat da, bizitzeko filosofia bat eta benetan onuragarria delako egiten dut. Eta horrek, askotan gertukoekin ditugun harremanetan eragin du. Lagunekin elkartzerakoan arazo bat ere izan daiteke.

Zergatik?
Adibide bat jarriko dizut. Bazkari bat antolatzerakoan, normalean ez gaituzte kontutan hartzen. Bazkaria ordaindu dut, baina ia ezin izan dut ezer ere ez jan. Horrelakoak gertatu zaizkit,  eta azkenean ez joatea erabakitzen duzu.
Beste batzuk, saiatzen dira gehiago ulertzen, eta egoera zelebre xamarrak sortzen dira. Begira, behin familiako baten etxera bazkaltzera joan eta galdetu zidan: ‘Haragia jan gabe jarraitzen duzu ezta?’. Baietz erantzun nion eta berak ‘ondo orduan, arraina jarri dut eta!’. Ez nion ezer esan, baina garbi dago ez duela ulertzen zer den begetarianoa izatea.

Medikamentuak ere aipatu dituzu. Zer duzu esateko medikamentuen kontsumoaren inguruan?
Gehiegi kontsumitzen direla. Borondate falta dago orokorrean. Jendeak nahiago du medikamentuak kontsumitzea elikadura zaindu baino. Botiken kontsumoa ikaragarria da hemen, Ingalaterran ez nuen horrelakorik ezagutu. Beldurgarria da. Edozer gauzagatik, txikikeriak izanda ere, botikak hartzen ditu jendeak. Gure gorputzarentzat ez da ona. Daukaguna sendatzeko asmoarekin hartu,  eta beste zerbaiti eragiten diote botikek.
Egia da, bizi esperantzak gora egin duela. Baina ondo bizi al dira? Eta hori, kontutan hartuta adin askoko pertsonei buruz hitz egiten ari naizela, eta gazteak zirenean orain baino hobeto jaten zutela. Zer gertatuko da elikadura ez osasungarria daramaten gazteak zahartzen direnean? Nola egongo dira? Ikustekoa izango da.
Borroka luzea dago aurretik, baina ez gizarteak ez boterea dutenek ez dute beste norabide bat hartzeko benetako saiakerarik egiten, ezta asmorik ere.

Angela-Linskey-3 copia«Erabakia hartu genuenean batzuek ez zuten ulertu. Ez ginen babestuta sentitu»

«Jendeak nahiago du medikamentuak kontsumitzea elikadura zaintzea baino»

«Gizarte arloaz, politikaz eta administrazioaren funtzionamenduaz ere ikasi dut»

Duela gutxi ogia albiste izan da. Saltoki askotan salgai duten ogiaren kalitatea zalantzagarria dela eta, osagaiak zehaztera behartuta daude, jendeak erosten duenaren informazio osoa izan dezan.
Ingalaterran bizitzen egon ginenean , Gure eguneroko ogia izenburua duen liburua irakurri genuen. Idazleak kontatzen du okindegi industrial batera egindako bisitan izandako esperientzia. Oso inpaktatuta gelditu ginen eta gu geu hasi ginen etxean ogia egiten. Ez zen oso ona, baina hori jatea nahiago genuen.
Jendeak ez daki zer erosten duen, baina interesa ere ez dute jartzen. Saltoki askotan ogi integral moduan saltzen duten hori, ez da benetako ogi integrala. Gari-garia baino ez diote gehitzen. Fermentazio laburrekoak dira gainera. Azken finean, ez dira osasungarriak.
20 urte inguru nituenean, Ingalaterran, erosketak egiten nituen tokian bazegoen ogi bat, gainontzekoak baino askoz garestiagoa. Oso ona zegoen, eta on egiten zidan. Okinari galdetu nion ogi horren prezioaren zergatia. ‘Beste modu batean egindakoa delako’, erantzun zidan. Ez nuen oso ondo ulertu zer esan nahi zuen horrek, eta ez nion gehiago galdetu. Orain konturatzen naiz zer esan nahi izan zidan.
Garestiagoa izanda ere, garbi daukat zein den aukera egokia. Nahiago dut jatekoan gehiago gastatu, hori eginda oporretan joaterik ez badut ere.

Portugalen 16 urtez azpikoei zuzenduta dauden eta azukrea daramaten produktu industrialen publizitatea debekatu dute. Ze iritzi duzu horren inguruan?
Aurrerapauso bat da hori. Portugal atzetik dagoenaren irudia dugu sarri eta horrelako erabakiek kontrakoa erakusten dute.

Zure bizimodura bueltatuz, zer suposatu dizu horrenbeste urtean baserrian bizi izanak?
Kalean bizita ikasiko ez nituzkeen gauza asko ikasi ditut nekazaritzari eta naturari dagokionez: urtaroek duten garrantziaz, noiz landatu eta nola zaindu landareak, faunak inguruan duen garrantziaz, eta beste gauza asko. Pozgarria da ikustea hainbat eskolatan baratze txikiak jarri dituztela, Itsasondoko Herri Eskolan bezala. Horrela, txikitatik barazkiak eta frutak nondik datozen ikasten dute. Haiekin kolaboratzen aritu nintzen denbora batean.
Gizarte arloaz, politikaz eta administrazioaren funtzionamenduaz ikasteko ere balio izan dit baserriko esperientziak. Baserritik bizi ahal izateko, administrazioak nola funtzionatzen duen ikasi behar izan genuen. Batzuk laguntzeko prest daude, beste batzuk ez ordea.

Herrietan, baratze sarearen bidez, lur eremuak landu ditzakete herritarrek.
Baratze ekologikoak egiteko proposamena Abaltzisketako udaletxean egin genuen duela urte asko, Jesus Mari herriko alkate izan zenean. Proposamena ez zuten batere ongi jaso.
Horrez gain sagardo ekologikoa egiteko  eta hantxe baserriko produktuak saltzeko  eraikin bat egitea proposatu zuen. Aldundia ados zegoen, eta beraz aurrera atera zen proiektua. Baina denborarekin hasierako ideia apurtu egin zen. Negozio batean bilakatu nahi zuten. Gaur egun itxita dago.

Orain Ordizian bizi zara pisu batean. Nolakoa da zure egunerokoa?
Etxea zaindu, jatekoa prestatu, mendira joateko ohitura dut, frantsesa ikasten ari naiz, Donostiako lagunak bisitatzera joaten naiz, Ingalaterrara ere egin ohi dut bidaiaren bat edo beste. Hori da nire bizimodua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>