«Eskoletan berdintasuna lantzeko behetik gorako lanketan sinisten dugu»

Maialen_Aristimu_o(1)

Maialen Aristimuñok (Legazpi, 1998) Mondragon Unibertsitateko LEINN –Lidergotza, Ekintzailetza eta Berrikuntza– ikasketetan hirugarren ikasturtea du. Lehenengo mailatik, beste hiru kiderekin batera, eskoletan berdintasuna eta genero gaiak lantzeko moduak aldatzeko Gugan proiektua jarri zuten martxan, eta orduz geroztik buru-belarri ari dira proiektua osatzen.

Nondik sortu zen ideia?
Gutako bakoitza herri ezberdinekoa izan arren, eskola guztietan berdintasun gaietan jasotzen genuena oso puntuala  zela jebetu ginen; adituak etorri, hitzaldia egin, joan eta esandakoak eragin iraunkorrik ez zuen. LEINN ikasketen oinarria erronkak dira eta gure taldeak aurrekoa aldatzeko erronka hartu zuen. Hura izan zen Gugan proiektuaren ernamuina.

Zertan datza?
Berdintasunaren arloan eskola komunitateekin elkarlanean ari gara. Hezkidetza batzordeekin eta ikasleekin aritzen gara, ikasgeletan. Behetik gora doan lanketan sinisten dugu. Hasieran kanpoan gertatzen denaz mintzatzen gara eta gero gela bakoitzeko errealitatera hurbiltzen gara esperientziaren komunikazioa erabilita. Barrenak mugitzen dizkie. Saio bakarrean ikasle bakoitzak bere saio propioa dauka.
Helburua da saioak amaituta lanean jarrai dezaten. Horretarako talde motorrak osatzen ditugu eta antolatzen laguntzen diegu eskolan berdintasunaren eta parekidetasunaren eragile izan daitezen.

Orain artekoaren balantzea zein da?
Pozik gaude, proiektua gero eta osoagoa da. Gutako bakoitza feminismoari ekarpenak egiten dizkio, baina Gugan-en bitartez ekarpena komunitateari egiten diogu. Gazte gehiago piztea dugu helburu, pentsatuarazteko, hitz eginarazteko, eta batik bat, ekintzetara bultzatzeko.

Euskal Herriko eskoletan eta atzerrian ere aritu zarete.
Bai, ikasketen bidez urtero irteera bat egiten dugu. Finlandian izan ginen, San Franciscon ere bai. Toki bietan ikasitakoa proiektuan txertatu dugu; lehenengoan ekintzaren bitarteko hezkuntzaz ikasi genuen eta San Franciscon teknologia nola aplikatu. Datorren urte hasieran Indiara eta Txinara goaz. Euskal Herrian Oñatin, Ordizian eta Zumaian aritu gara. Zumaiako ikastetxeari Unesco saria eman diote egiten ari diren lanketagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>