«Aitak mendiko txabolan erabilitako zumitzak dauzkat oraindik»

JEXUXA_ETXABE_ZALDIBIARRA(3)

Aita zenak utzitako bi zumitz esku zailduetan hartuta, detaile guztiekin kontatzen ditu Jexuxa Etxabek (Zaldibia, 1932) gaztagintzaren sekretuak. Konporta baserrian artzain familian jaioa, 21 urteko Gorriñe artzain familiako etxera ezkondu zen. Intzentsaron amandrearekin egondako udak ondo gogoan ditu, baita Aralarko larre goxoenak ere. Osasun eta kemen inbidiagarriak dauzka, berari gaurko bizimoduak batere inbidiarik ematen ez badio ere.

Ardiki Egunean urtetan Zaldibiako plazan gazta egiten ikusitik ezagutuko zaitu jendeak.
Mahaia pronto jartzen zidaten eta, joan egin behar… Aurrenetik beldurra ematen zidan, baina gazta egiten ohituta nengoela eta, baietz esan nien. Lehenengo Urretagoenekoa hasi zen gazta egiten.

Erreleboa iaz hartu zizuten gazteagoek.
Bai, semea eta nire lehengusuaren semea hasi ziren, biak lagunak. Aspertu ez naiz egin, baina edadea ere bai, eta beti ni ez naizela arituko eta, utzi nuen. Semea bi-hiru alditan aritu zen etxean. Matoirik ez zitzaion ateratzen; «horixe! Nola aterako duk ba? Ez duk nahastu eta». Nahiko barre egin genuen.

Zeuk lehentxeago ikasiko zenuen gazta egiten.
Konporta baserrian jaiotakoa naiz, Aiestaran Erreka bailaran. Aita artzaina nuen. Gorriñera 21 urterekin ezkondu nintzen, eta hemengo aitaginarreba ere artzaina zen. Amandre zenarekin aritzen nintzen gazta egiten; hark egiten zuen, eta gu estutzen jartzen gintuen. Neu, egiten, Gorriñen hasi nintzen, aurrena ardi esnearekin eta gero behi esnearekin. Mendian ere laguntzen nion amandreari.

Aralarren amandrearekin?
Eskolako opor garaian, amandrea eta biok mendian egoten ginen, batera. Intzentsaron genuen txabola Konportakoek; Gorriñekoek, Oiduegin. Ume egiteko txerriak eramaten zituzten. Gazura egosita ematen genien animaliei, txerriei eta letxoei. 10-11 urte izango nituen.

Noiz arte egoten zineten?
Urriaren aurrenean jaisten ginen beti. Ardi antzuak denak ez zituzten agian jaisten. Arkumea beranduago izaten zen orain baino.

Eskolara, Zaldibiara?
Askotan, dotrinara bakarrik. Ardiak zaintzen ibiltzen ginen, etxe inguruan, eta ez geneukan eskolara joaterik. Dotrina hamabietan zela uste dut, eta hara bidaltzen gintuzten.

Dotrina garrantzitsuagoa zen eskola baino, beraz?
Oraintxe esan duzu. Orduan ere baziren maisu-maistra egiten zirenak, baina gu ez ginen izan. Irakurtzen eta idazten ikasi genuen, baina lezioak ez. Beti baserriko lanean, ez genuen beste erremediorik.

Feriara joaten al zineten?
Bai, diru pixka bat sortzeko behar zen. Arrautza dela, oilaskoak, indaba… Etxeko gauzak saltzen genituen. Ordiziara bakarrik joaten ginen.

JEXUXA_ETXABE_ZALDIBIARRA(1)

«Pobreenak artzainak zirela hots egiten zuten lehenago elizako sermoian»
«Mendiko belarra jandako esnearen gazta hobea da. Han ere, toki batzuk hobeak»

Gazta egiteko modua aldatu al da, zure ezagueran?
Nik lehen bezala egiten dut. Bestela, esnea makinan berotzen dute. Orain hemen ez dakit zeinek egiten duen. Guk dena eskuz egiten genuen. Makinan ere hasi ginen azkenera.

Esnea tenperatura egokira iritsi den jakiteko sistema berezia omen duzu.
Nik tenplea behatzarekin hartzen diot. Semeak ez, hark termometroa sartzen dio. Esnea beroegi egotea ez da ona: gazura gehiago eta matoia gogorragoa ateratzen da, eta gazta, elkorragoa. Hoztxo gelditzen bada, ur bero pixka bat bota, eta horrela ekarrarazten nuen berriz tenplera.

Zenbat litro esnerekin egiten zenuen gazta bat?
Zazpi litro esne, gazta batentzako.

Intzentsaron eta Oiduegin egiten al zenuten gazta?
Bai, eskuz egiten zituen aita zenak. Han ere, berdin. Zumitzetan sartzen zituen. Hark utzitako zumitzak dauzkat oraindik. Obran aritu ginenean, eginahalak egin nituen aitaren zumitzak bilatzen, eta ezin bilatu. Beste batean hara non bilatzen ditudan. Nik hartu nuen poza! Inon ez da aurkitzen gaur egun zumitzik. Luberrik egiten zituen.

Mendian ala etxean egindako gazta izan, ba al du alderik?
Bai, hangoa hobea. Mendiko belarrarena hobea zela esaten zuten. Eta, han ere, toki batekoa ona ez, eta beste batekoa hobea. Orain ere esaten dute hori; Arruarteko artzainari, Joseba Intsaustiri, aditzen diot mendikoa desberdina dela.

Aralarren zein ziren belardi onak?
Urretagoenekoena [Oiduegi] eta Pagabekoak. Onenak Pagabekoak ziren. Domingo Haundie edo Atxutxe esaten genion gizon handi bat bazen, artzaina, aspaldi hil zen. Haien gazta izaten zen onena. Oso onak egiten zituen. Pagabeko saroia erabiltzen zuten.

Gaztak ketzen zenituzten?
Bai, denak. Mendiko txabolan, lurreko sua beti piztuta egoten zen, eta haren kea gaztandegira joaten zen. Konporta jaiotetxean, borobil handia egiten genuen, barrundik apalak jarri, behean ontzian kea, eta etxe guztia ketan. Gehienean artaburuen koskola erabiltzen genuen ketzeko, eta gereziaren adarrak.

Lehen artzaina ugari izango zen Zaldibian, ezta?
Hemen, besterik ez! Aiestaran Erreka bailaran, etxe denetan ziren artzainak: Lazkaoetxen, Auntxietan lau bizitzak, Aiestragoenekoak, Aierdikoak, Olaldekoak, Olakoak… Horiek denak behintzat bai, eta gehiago izango dira. Baina pobreenak ere artzainak omen ziren, sermoian hots egiten zuten hori. Ez dakit hala ziren edo ez, baina hori gogoan hartu nuen.

Zuek pasatu dituzuenak pasatu, eta oraingo bizimodua ikusita, zer?
Bada, nik ez daukat batere inbidiarik oraingoarekin. Gero okerrago, oraindik. Gauza onik ez da ikusten, komeriak izango dira. Etxean bi txerri handi hiltzen genituen –11 senide ginen–, ardia toki gehienetan zen, eta gazta ez zen falta. Indaba, nahikoa; saltzeko eta dena. Artoa ere bai, eta garia ere etxean ereiten zen. Orain dena kanpotik dator. Dirurik ez zen hartzen lana eginda ere, hori ez. Baina oraingo bizimoduaren inbidiarik? Ezta batere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>