Artilea gastu bihurtu da

Artilea_Salbatoren

Artilea biltzeko gunea, iaz Beasaingo Salbatore auzoan, Sasieta Mankomunitatean.

Legeak esanda, hondakin izaera hartu du artileak. Aurten lehenengo aldiz ordaindu beharko dute jasotzeagatik.

Artilea jadanik ez da mundu honetakoa. Baserritarren mundukoa bada, baina orain legeak hondakin bihurtu du eta gero eta zailagoa egiten zaie uda ostean ganbarak hustu eta artilea jasoko duenik aurkitzea. Goimen Landa Garapen elkarteak Goierriko bilketaren berri eman du. Oraingoan baina, lehenengo aldiz gastua sortuko die. Ardi latxak Goierriko belazeetan ari dira bazkan, haien ilea baina, ez da jada mundu honetakoa.

Latxa ardien artilea ordaintzen zeneko garaia amaitu da eta, momentuz, baserritarrentzat gastu bihurtu da. Hain zuzen, artilea jasotzeagatik 0,115euro kilogramoko ordaindu beharko dute, %10eko BEZaren gehigarriarekin. Fakturan %50eko deskontua egingo diete, Gipuzkoako Foru Aldundiak bilketaren  kostuaren %50a bere gain hartuko baitu. Kontuak ateraz, 100 ardiko artaldearen jabeak 15,81 euro ordainduko ditu.

Lege berriak sortu dira eta legeak hondakin bihurtu du artilea. Hondakin direnez gero, artilearen kudeaketari baldintza berriak ezarri zaizkio; hala nola bilketa, kudeaketa eta garraioa baimendutako enpresek baino ezin dute egin. Trazabilitatea ere aipatzen da, hura bermatzeko neurriak hartzea beharrezkoa bihurtu baita. Zer da? Produktu baten eboluzio prozesuak egiten dituen urrats bakoitzari erreparatzen dioten prozedurak. Pista ez galtzea, alegia.

Baserritarrentzat artilearen kudeaketa gero eta zailagoa dela ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiak, ardi sektoreko elkarteak, nekazaritza sindikatuak eta landa garapen elkarteak gaia lantzen aritu dira. Sistema berri baten bila ibili dira, legeak ezarritako baldintzak beteko dituena. Bide batez, abeltzainei euren artilearen kudeaketa egokia egin dutenaren ziurtagiria bermatzeko beharra sumatu dute. Gogoeta horrek aurtengo artile bilketa atzeratu du eta, aurki, azaroaren 4tik 15era egingo dute Idiazabalgo Abeltzainen Elkartean.

Artileari berriro balioa emateko ikerketak martxan daude eta Goimenek diotenez, «landa garapeneko elkarteak proiektu horiek laguntzen ari gara». Helburua garai bateko balioa ematea litzateke edo, gutxienez, gasturik ez eragitea.

Artile bilketa azaroaren 4tik 15era.

  • Idiazabalgo Abeltzainen Elkartearen pabiloira. Goierriko baserritarrek lehengo Gorrotxategirenara eraman beharko dute artilea, zakutan bilduta, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 18:00etara.
  • Esplotazio kodea. Artzain bakoitzaren artilea pisatua eta etiketatua izan behar du esplotazio kodearekin artilearen trazabilitatea bermatuta gera dadin. Artileak eramaterakoan, beraz, esplotazio kodea edo txartel berdea eraman behar da. Zerbitzuaren nondik norakoaren argibide gehiago behar izanez gero, Goimen Landa Garapen elkartera deitu daiteke: 943 16 12 44.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>