Dantzarako azken festa

Ezpatadantzariak dantzan, 1934ko uztailaren 22an, Ataun San Martinen, abertzaleen mitin batean. / Jesus Elosegi / Guregipuzkoa

Ezpatadantzariak dantzan, 1934ko uztailaren 22an, Ataun San Martinen, abertzaleen mitin batean. / Jesus Elosegi / Guregipuzkoa

Ataunen urteko sei hilabetetan ospatu izan dira festak. Azkenekoak San Martin auzokoak dira. Guztietan, dantza egitea zen lehenago osagai orokorra. Igandeetan erromeriak ere egiten ziren. Baita udalerrien arteko trukeak ere.

Auzoak adina festa ditu Ataunek. Urteak dauzkan hilabeteen erdietan bada ospakizunen bat: inauteria otsailean; San Gregorio festa zaharra eta San Jose (Lizarrustin) martxoan; San Joan ekainean; Santixabel Aian eta Santiago San Martinen, uztailean; San Gregorio irailean; eta San Martin jaiak azaroan, urteko azkenak.

Ekainean, Garaipen Eguna ere ospatu ohi zuten ataundarrek, hilaren 15ean. Ataunek bere armarria lortu zueneko eguna (1584an) eta udalerri izendapena eskuratu zuena (1616an) ospatzen zituzten.

Dena delako festak izanda ere, dantza izan dute guztiek ezaugarri komun. Edo, hobeto esanda, egun horietan egin zitekeen dantza, nahieran. Maria San Sebastian antropologoak 2008an ikertu zuen gaia, Antropologia de la danza: el caso de Ataun lanean (Jentilbaratz 11, 2008, 81-109).

Festa ofizial horiez gain, ordea, XX. mendearen joanean, ia igandero izaten ziren dantzaldiak, San Martinen eta San Gregorion. Lehenengo plazan Migel Mari txistulariak jotzen zuen erromeria;  egun seinalatuetan, semeak atabalarekin eta San Gregorioko beste txistulari batek laguntzen zien. Soinua izaten zen batzuetan alaigarri, izan eskukoa edo ahokoa.

Horiez gain, zuzeneko musikarik ez zegoenean, San Gregorion Mario Albisu apaizari gramola eta bozgorailua plazaren erdira ateratzeko eskatzen zioten gazteek, 1950eko hamarkadan.

Dantza, «gizonezkoena»

Geroago, eta beti ere bildutako diruaren arabera, kanpoko orkestinak eta taldeak ekartzen hasi ziren Ataunera festetan. Lizarrako dultzaineroak ere bai, tartean.

Dantzak protokolarioak eta publikoak zirenean, emakumezkoak aparte uzten zituzten. «Dantzak Ataunen, eta oro har euskal kultura osoan, gizonezkoen ondare izan dira eta dira, bai gutxienez kualifikazio maila bat eskatzen zutenak», dio San Sebastianek ikerketan.

Ataunen, soka-dantza egiteko ohitura ere bazegoen. Goierriko soka-dantzaren harreman ohituretan, Ataunek Lazkaorekin egiten zuen gonbidautza trukea. Baina Ataunek Zaldibiarekin eta Beasainekin Atazabalea herri elkargoa osatu zuen, XIX. mendean. Orduan, hiru herrietako dantzariak elkartzen ziren, ezpata-dantzan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>