Pilotaren historia, ispilu bat

Pilotaren_historia(1)

Indalecio Ojanguren / Gipuzkoa Kultura

Euskal pilotaren historiari buruzko liburu bat argitaratu berri du Jose Antonio Azpiazu historiagileak.

XVI. mendeko auzi baten gaineko dokumentuaren aurkikuntza da Jose Antonio Azpiazuk (Legazpi, 1944) ondutako azken liburuaren abiapuntua: Una historia de la pelota. Del siglo XVI. A la revolución de Chiquito de Eibar (Elkar, Txertoa, 2019). Antropologoa eta historialaria da Azpiazu, merkataritza izan du ikerketa gai nagusia. Aitzitik, azkenaldian jokoa eta pilota gurutzatu zaizkio bidean. Izan ere, pilotari buruz egindako ikerketaren aurretik jokoarena egin zuen, beti Euskal Herrian kokatuta; hura ere liburu bilakatu zen. Honezkero bilduta  duen informazioarekin, litekeena da hurrengo liburua karta-jokoen inguruan idaztea. Azpiazuren lanetan nabaria da historia gaiak irakurle orori hurbiltzeko gogoa, baita gaiok garai bateko euskal gizartearen ispilu izateko daukaten gaitasuna azpimarratzeko grina ere.

Maquetación 1Zein izan zen pilotaren historia modernoari buruz idatzi duen liburuaren abiapuntua bihurtu zuen auzia? Goazen Flandriara. XVI. mendea da. Merkatari euskaldun bat da protagonista, pilota jokoaren bueltan apustua egin zuena; 1.000 dukat, «dirutza garairako», Azpiazuren esanetan. Datu gehiago topatu zituen agiritegian, eta bitxia egin zitzaion pilotaren historia jasotzeko ikerlari bakar bat ere artxibategietara joan ez izana. Gaiari heldu zion, izan ere, beste gai batzuen bila artxiboetara joan denean ere, begiaren ertzetik sartu zaizkio jokoen eta apustuen gaiak.

Pilota jokoaren gaineko ikerketa aro modernoan abiatu du, XVI. mendean. «Erdi Aroko oso dokumentu gutxi dago. XVI. mendean estatuak indartu ziren eta kanpora negozio asko egitera atera ziren. Emandako hitzak negozioak ixteko nahikoa izateari utzi zion eta dokumentuak ikaragarri ugaldu ziren».

Valladolideko (Gaztela) Chancileria-ra joaten da hiru hilabetean behin. Euskal auzien arrastoak ugariak dira han. Han agertu zen Flandriako auzia. Tolosa, Bergara eta Oñatiko agiritegiak oparoak dira baita ere. «Oñatin, Martin Sukia legazpiarrak zuzentzen duen artxibategian dokumentu notarial asko eta asko gordetzen dira; XIX. mende bukaera aldeko dokumentu bitxi ugari dago. Esate baterako, Amerikara pilotari profesional gisa joandako Indalecio Sarasketaren,  Txikito de Eibar,  berri ematen duten dokumentuak daude. 1884an 6.000 pezetan jaso zituen Buenos Airesera bidaiatzegatik. «Garai hartan etxe bat eros zitekeen diru horrekin».

Liburuan hainbat eta hainbat auzi jaso ditu, eta Azpiazuren antropologo begiak guztietan  euskal gizartearen nolakotasunaren arrastoak aurkitu ditu. Markinan (Bizkaia), adibidez, 1511n pilotaren inguruan auzi bat sortu zen. Korrejidorea hara joan zen eta pilota partidetan apustuak debekatu zituen. «Aurretik apustuak oparo egiten zirela adierazten du debekuak », dio Azpiazuk.

Auzitik auzira

Pilota, alabaina, ez zen soilik Euskal Herriko jokoa. Frantzian asko jokatzen zuten. «Parisen 200 frontoi zeuden eta Juan de Austria erregeak nahiz aristokratek asko jokatzen zuten pilotan. Are, pilota kirol osasungarritzat jotzen zuten».

Ilustrazioan, pilotaren aurrekari bat, Erdi Aroan eta Aro Modernoaren hasieran aristokraten entretenimendu nagusienetakoa izan zen.

Ilustrazioan, pilotaren aurrekari bat, Erdi Aroan eta Aro Modernoaren hasieran aristokraten entretenimendu nagusienetakoa izan zen.

Aristokraten jokoa zela eta, agiritegietan aurkitu duen beste auzi bat kontatu du Azpiazuk: «Toledon aristokrata talde batek palan eta pilotan egiten zuten horma baten kontra. Horma hura, baina, mojen komentu baten pareta zen eta mojak zaratagatik kexatu ziren. Aristokratei 10.000 marabediko isuna jarri zieten eta aristokrata harro batek dirutza hura beretzat ezer ez zela esan zuen».

Beste auzi bat, Toledon hura, pilotan Euskal Herritik kanpo asko egiten zela adierazteko: «Valladoliden, markes baten etxean pilotan jokatzen zen eta apustuak arautzeko epaile eta guzti zuten».

Euskal Herrian, batik bat, luzean jokatzen zen pilotan. XVI. eta XVII. mendeetan pobreek ez zuten hormarik izaten pilotan jokatzeko eta tenis antzeko batean aritzen ziren. Sare bat jartzen zuten eta puntuak gerora tenisak hartutako moduan zenbatzen ziren, kintzeka: 15, 30, 40… «Nafarroan inon baino luzaroagoan jokatu zuten era hartan». XVII. eta XVIII. mendeetan ugaldu ziren frontoiak. «Pilotaren inguruko dokumentuak baino gehiago, pilota inguruko  auziei buruzkoak  aurkitu ditut».

Auziak auzi, Azpiazuren antropologo ikuspegia agerian da, «pilota auziak Euskal Herriko izaeraren eta ohituren ispilua dira ikuspegi antropologikotik. Erretratu bat da. Harrigarriena da pilotaren kronikak euskaldunen bizimodua nolakoa zen kontatzen digula». Adibidea jarri du: «Markinan XVIII. mendean frontoi izugarri handia eraiki zuten eta frontoia eraikitzeko ardoari tasa bat ezarri zion udalak». Beste adibide bat: «Oiartzunen 1775ean pilota partida bat antolatu zuten, sona handia izan zuena. Iparraldeko jendea, abadeak, irakasleak joan ziren, eta bertan bazkaldu, kartetan egin eta lo egin zuten. Hots, pilotaren inguruan antolatzen zuten bizimodua». Pilota munduan emakumeen arrastorik ia ez dago Azpiazuk arakatu dituen artxibategietan. «Emakume baten testigantzaren arabera, Oiartzungo partida haren harira, andreak dio bere tabernaren leihotik ikusi ahal izan zuela jokoa, baina astirik ere ez zuela ostatuan zuen lan guztiarekin. Emakumeak pilotatik aparte egon ziren».

Apustura jositako jokoa izan ohi da pilota, euskal jokoa, inondik ere, baina mundu guztira zabaldu zena. Amerika, Afrika, Txina eta India aipatu ditu, baita ere. «Zaldi lasterketak, zezenketak eta pilota jokoa XIX. mendeko aristokraten hiru denbora pasa nagusiak ziren».

Historia txiki askorekin puzzlea osatu du, pieza bakoitzak bere kasa funtziona dezake, baina denek, elkarrekin, euskaldunon garai bateko bizimoduaren ikuspegi orokorra eskaintzen dute, eta pilota jokotik harago eskaini ere Azpiazuk argitaratu duen azken liburuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>