Rude Ska, Subeltza kolektiboko talde berria

Rude_Ska_musika_taldea

Jon eta Mikel Aldama, Jon Ros, Xabi Arana, Igor Baigorri, Andoni Marti, Urko Valdivielso eta Aitzol Aldabaldetreku, Rude Ska taldeko zortzikotea, Subeltzako lokaletako batean. / G. Gomez

Ska musikak bizirik jarraitzen du Legazpin. Talde nabarmena izan du herriak musika estilo honetan, Skapando taldea alegia, baina jarraipenik gabe egon da azken urte honerarte. Rude Ska eta Aitti-Skalari taldeek ska estiloaren bizia ekarri dute bueltan herrira eta Gipuzkoako hainbat puntutara.

Hiru aste daramate Legazpiko Subeltza kolektiboaren parte izaten. Gazteenak dira momentu honetan. Bertan lokala eskuratu dute eta aitortu dutenez, honekin batera «askatasuna ere bai». Izan ere, Subeltzan sartu aurretik, beste talde batzuei eskatu behar zieten musika lokala. Orain, nahiz eta Kontuz Erromeriya! taldearekin espazioa konpartitu, edozein unetan entseatzeko aukera lortu dute.

Musika eskolan hasitakoak dira guztiak. Txikitatik musika kontzertuetara joateak, etorkizunean talde bat izatearen ideia barnean izatera ekarri zien. Bi konbo desberdin ziren hasiera batean, baina batzea erabaki eta gero, taldea sortu zuten.

Adin desberdinetako kideak dituzte taldean; nagusienak, Andoni Martik, 19 urte ditu, eta gazteenek berriz, 16. Andoniren laguntza asko nabarmentzen  dute gainontzeko taldekideek, izan ere, bere esperientzia, musikarekiko erraztasuna eta teknikaren ezagutza baliagarria zaie Rude Skako gazteenei.  Taldekide bakoitzak esparru desberdinetan dituen puntu onak batzen dituzte.

Maiatzean egin zuten beraien lehenengo kontzertua Legazpiko jaietan, txosnagunean, bertako antolatzaileen gonbidapena onartu eta gero. Argi zeukaten hasieratik zein musika estilo jo nahi zuten.  Zartako-K talde nafarra daukate erreferente bezala, eta horien abesti asko bertsionatzen dituzte.

Subeltzaren laguntza

Izugarri eskertzen diete Subeltzako kide guztiei beraien berotasuna. Kolektiboak argi dauka gazteenak direla Subeltza bizirik mantenduko dutenak eta nabarmena da hauek bultzatzeko eskaintzen duten laguntza. Musikaz gain, talde eta pertsonen arteko erlazioa ere indartzeko balio du. Gainera, Rude Ska talde berria denez, material aldetik laguntza jasotzen du Subeltzako beste taldeen eskutik. «Subeltza egunak ezkutuan dauden talde berriak azaleratzen laguntzen du», esan du Andoni Martik.

Bi kontzertu 15 egunean

Azaroaren 30ean kontzertua izan zuten Subeltza egunean, Legazpiko Gaztetxean. Abenduaren 14an, berriz, Bergaran izango dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>