Tresna zahar emankorra

GABIRIAKO_ELIZAKO_ORGANO_BGabiriako organo barrokoak goren mailako musikari ugari trebatu ditu: Larrea, Azarola eta Artzelus sonatuak.

Askotan, ezak luzarora onura ekartzen du. Halakorik gertatu izango zen Gabiriako Andre Mari elizako organoarekin. Barroko estilokoa da. Gipuzkoan oso urri geratzen dira halakoak, eta hortik datorkio balio bat. Ekonomikoki ahal izan zuten elizetan, organo erromantiko modernoagoak eta musikologikoki aberatsagoak jarri edo aldatu zituzten.

Barrokoaren xarma zaharra edukitzeaz gain, badu beste meritu bat ere Gabiriako organuak: goren mailako musikarien harrobi eta eskola izan da. Euskal Herrian eta nazioartean sona handia lortu zuten piano jotzaileak trebatu dira haize-tresnaren tekletan, ume zirela. XIX. mende hasierakoa denez, aspalditik zeukaten gabiriarrek musikaren eta organoaren erreferentzia. Seinale da.

Pedro Albisua artisau organogileak aurrenekoetarikoa egin zuena da Gabiriakoa, 1804an eraikia. Barroko bukaeratik erromantikoranzko «trantsizioko» gisa katalogatu du Esteban Elizondo adituak.

Valentin Larrea dotorea

VALENTIN_LARREA_ITURBE_MUSMendea bukatzerako, Valentin Larrea Iturbek (Gabiria, 1876 –Iruñea, 1970) distiratu zituen metalezko tutuak. Madrilen ikasi zuen musika, eta Iruñean garatu zuen musikari bizitza. Han bizi izan zen. 1898tik 1948ra, Eslaba kasino berriko piano jotzaile titularra izan zen. Omenaldia egin zioten lan hartan 50 urte bete zituenean.

Konposatzaile gisara ere lan mardula utzi zuen Larreak. Pianorako, txisturako, hari laukoteentzako, abesbatzentzako eta, nola ez, organorako pieza ederrak ondu zituen. Musika haren grabaziorik ez da ezagutzen, eta, ia 50 urtean lehenengo aldiz, Iruñean irailaren 4an entzun ahal izan zen berriro Larrearen arte berpiztua, Itxaso Aristizabal pianista irundarraren eskuetatik. Gaur, abenduak 13, Zarauzko Modelo aretoan errepikatuko du kontzertua.

Pepe Azarola birtuosoa

JOSE_AZAROLA_PIANO_JOTZAILOrganoaren sakratutasunetik parranda eroenetarainoko musika-abaniko guztia ukitu zuen, bere aldetik, Pepe Azarola Aldazek (Zumaia, 1906 – Mexiko Hiria, 1956). Aita gabiriarra zuen, eta joera handia zuen harako. Gerra piztu zenean, fronteak Gabirian harrapatu zuen, eta furriel lanak egiten jardun zen motorrarekin, Defentsa Batzorde errepublikarrarentzat. Festetan eta igandeetan, mezan elizako organoa jotzen zuen lehenik; ostatuan soinu handia ondoren, parrandan.

Kasino, klub eta gau giroko aretoetan piano jotzaile arituta lortu zuen ospea Azarolak. Herrialde askotan ibili zen. Hainbat disko grabatu zituen AEBetan. Ignacio F. Iquino zuzendariaren film pare batean ere atera zen, pianoa joz, showman eran. Erraztasun harrigarriko estilo berezia zuen, erritmoaren menderatzaile zen.

Pepe Artzelus maisua

OLYMPUS DIGITAL CAMERAGabiriako organoaren eskola emankorreko beste fruitu bat Pepe Artzelus Igartzabal (Gabiria, 1937 – Ordizia, 2019) izan da. Piano eta organo maisu estimatua, Tolosako Santa Maria Musika Kaperan jardun zen 27 urtean. Okasio berezietan eta urtero San Roke egunean, beti itzultzen zen herriko organora.

Artzelusen omenez Ordizian Eguberri kontzertua egingo dute, abenduaren 22an, Santa Ana eta Gaztelubide abesbatzek (elizan, 19:00etan).

Hain justu, Larrea, Azarola eta Artzelusen bide erakusleak eta lehenengo maisuak haien aitak izan ziren: Meliton Larrea Perez de Lazarraga (Zalduondo, 1838–Gabiria, 1933), Juan Azarola Txintxurreta (Gabiria, 1861) eta Antonio Artzelus Labaka (Gabiria, 1903-1950), denak ere organo jotzaileak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>