Musika baino gehiago

Beti_Argi_40_urte

Ia 40 urte igaro dira Ordiziako Beti Argi musika bandak 1980ko ekainaren 5ean, Korpus egunean, lehen emanaldia egin zuenetik. Historia luze horren abestia ez dute idatzi, baina belaunaldi desberdinetako taldeko hiru musikari elkartu eta 40 urte horien nota batzuk jo dituzte, melodia nolakoa izan den susmoa hartzeko. Haien «etxean», Ordiziako Dorrea etxean, hitzordua egin eta Mikel Maria (Ordizia, 1960), Iker Gomez de Segura (Ordizia, 1977) eta Sara Gonzalez (Ordizia, 2001) agertu dira, bakoitzarentzat taldeko kide izateak zer suposatu duen kontatzeko gogotsu.

Beti_Argi_musika_banda(3)

1980ko taldekideak. Ezkerrean Jose Manuel Bergara.

1980ko Korpus egun hartan lehen emanaldia egin ahal izateko, aurretik pausoak ematen hasiak ziren Beti Argikoak. «1979. urtean antolatzen hasi eta entseguak egin zituzten». Ordiziako musika bandak 40 urte beteko dituela irakurri, eta datu hori motz gelditzen denaren sentsazioa izango dute askok. Horren inguruan, Gomez de Segurak argitu du «Ordizian musikarako tradizio handia» egon dela, eta «bai, Beti Argiren aurretik ere beste batzuk» izan zirela. Saxofoi jotzaileetako bat da bera baina, antza, historian sakontzea ere gustuko du: «Azken 100 urteetako Ordiziako musika banden historia jasota daukat».

Beti_Argi_musika_banda(1)

1992ko uztaileko haurren jaietako larunbateko mozorro berbenaren aurretik.

Luzatutako dokumentazioaren arabera, 1916tik 1963ra, Udal Musika Banda izan zen Ordizian. Urte gutxi lehenago desagertu zen, 1864ean. 1905ean sortu zuten aurreko Udal Musika Banda izan zena. Azken hori, bigarren musika banda batekin batera aritu zen denboran. Izan ere, 1902. urtera arte, Ordicia Elkartea banda pribatua ere bazegoen herrian. Gomez de Segurak kontatu duenez, «biak izan ziren bitartean, talka handia izan zen». Denboran oraindik atzerago joan beharra dago, Ordiziako lehen musika bandaren jatorriaz hitz egin ahal izateko. Baina lerro asko beharko lirateke guztia kontatzeko.

Beti_Argi_musika_banda(2)

Extremadurako Santa Amalia herrira 1998an egindako bidaia.

Lagun talde bat

Beti_Argi_musika_banda

2001-07-24ko danborradaren ondoren.

Parrokiako musika taldetik dator Beti Argi, Jose Manuel Bergararen lanari esker. Txistulari taldea eta errondaila ere bazeuden, eta haietatik ere batu ziren batzuk. Jende «oso gazteak osatu zuen eta udalaren laguntza ere bazuten». Musika tresnak «aurreko taldeek utzitakoak izan ziren, eta haiei esker izan zen posible proiektu berriari ekitea». Harrezkero, zaila da esaten zenbat emanaldi egin dituzten. Baina hortik harago, taldeko beteranoetakoa den Mariak esan du «talde giroa» izan dela Beti Argiri «nortasuna» eman diona: «Kontzertuetara joateko egiten genituen bidaiez gain, beste bidaia batzuk ere egin izan ditugu». Beti Argiko kideak, musikak baino zerbait gehiagok batzen zituen. Gomez de Segura ere bat dator ideia horrekin: «Musikak batu bai, baina lagun talde bat ere bagara, eta hortxe egon daiteke hainbeste urtez aktibo egotearen arrazoietako bat».

Zentzu horretan agian urte onenak igaro zirela aitortzen du Mariak: «Taldearen egoera oso ona bada ere, aspaldiko urte haietako harremana eta oraingoa ez da guztiz berdina». Bizitza osoa eman du taldeari lotuta, eta hark duen ikuspegia oso kontuan hartzekoa bada ere, atzetik etorritakoek «ilusioa» mantentzen dutela erakutsi dute, bestela Sara Gonzalez gazteari entzutea baino ez dago.

Gonzalez txikitan hasi zen musika eskolan. Pianoa jo nahi zuen eta azkenean klarinetearekin hasi zen. Urteak eman zituen bera baino zaharragoak zirenei entzuten, «taldean sartzeko desiatzen», Beti Argiko zuzendaria den Josune Aierbek aukera eman zion arte. Duela lau-bost bat urte izan zen hori eta harrezkero, Mariak aipatutako sentipen horri eutsiz, «kuadrillaz aparte, lagun talde moduan» duela aitortu du. Musika «guztia» da Gonzalezentzat, baina Beti Argi «hori baino gehiago da!».

Hirurak, gainontzeko taldekideekin musika egiteaz gain luze hitz egiteko tarteak hartzen badituzte ere, 40. urteurrena aitzakia hartuta egindako hizketalditxoak «lagun talde izaera oraindik badagoela» konturatzeko ere balio izan du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>