5 urte. 33 iritzi artikulu

Joxe BegiristainBadaramatzat bost urte dagoeneko, leiho honetatik zuen agerira ateraz! Hogeita hamahirugarren iritzi artikulua dut oraingo hau, dozenaerdi bat lagun zein bere txandan gabiltzala, GoiBerri aldizkarian.

Euskaltzaindiaren Literatura Terminoen Hiztegiak dionez, iritzi artikuluak edo zutabeak «egile jakin batzuen komentario izenpetu eta finkoak dira, eta ezaugarri nagusi hauek dituzte: aldizkakotasuna eta jarraikitasuna, antzeko luzera, toki jakina, aurkeztapen berezia, gai librea…».

Definizio hori erabat bat dator aldizkari honetako Iritzia sail finko hau inori azaldu behar izan diodanerako. Sekula ez diet behar adina eskertuko aukera hau eskaini eta mantendu didatenei. Bergarako Idazle Eskolan bi ikasturteko graduondokoa bukatu berria nintzen eta han ikasitakoa askatasun osoz praktikan jartzeko erronka nuen bat-batean. Eta ni, baita ausartu ere!
Eta, ordea, atentzioa eman izan ohi dit beti Euskaltzaindiaren azalpen horretan, beste zera honek: «Gaur egungo gaiei buruz, nornahirentzat jakingarri direnei buruz irakurlea konbentzitu nahirik iritzia ematen dutenak dira iritzi artikuluak».

Alegia, berez, «irakurlea konbentzitu nahirik» ere aritzen gara, nonbait, ni tarteko. Eta noski, definizio horrek bere baitan hartzen ditu egunero-egunero gutako bakoitza tentel hutsatzat gauzkaten orojakile iritzi-emaile gaiztoak, zein Euskal Herrian, adibidez, izan baditugun intelektualik zintzo eta borondaterik onenekoak ere. Za-ku berean guztiak.

Ez zait sekula ahaztuko nola bidaltzen nizkion idatzi hauek Bergaran irakasle izan nuen Pako Aristiri, argitaratu aurretik bere iritzia ezagutu nahian. Eta nola erantzun zidan behin, ez al nuen ba ikasi zer zen iritzi artikulua: zertan nenbilen, orduan, idatzia idatzi orduko, segidan, adierazi nahi nuena justifikatu beharrean bezala!

Bai, piloa eskertzen diet hari eta nire inguruko beste batzuei ere, idazten segi nezan hasiera hartan eman zidaten babesa. Askotan esan nahi bai, baina esatea kostatzen diren kontuak argitaratzera ere iritsi bainaiz horiei esker.

«Aldizkari honek ekin behar dion aro berrian ere beste hainbeste denboraz eta iritzi kritikoa are eta gehiago landuz jarraitzeko gogo bizian naiz»

Aipatutako 5 urteetako nire idatzien artean gehien irakurriak (GoiBerri-ren webguneko datuak begi-bistakoak dira:  http://goiberri.eus/category/aldizkaria-2/iritzia-aldizkaria-2/itzainak/) 2016ko udarako gomendatu nituen Oporretarako 11 arau, 2017ko urriko Zuek euskaraz, nik zergatik ez? eta iazko otsaileko Ertzainak: «Todo esta correcto» iritzi artikuluak dira. Lehenengoak ez dakit arrakastarik izan zuen; bigarrenaz, ere, irakurleen artean inoren kontzientziarik astindu zuen ez dakit, baina zoritxarrez badakidana da, hirugarren horretan salatu nuen egoerak bere horretan segitzen duela, neurri handi batean.

Beraz, inor konbentzituko dudan ala ez, ezjakinean, aldizkari honek ekin behar dion aro berrian ere beste hainbeste denboraz eta iritzi kritikoa are eta gehiago landuz jarraitzeko gogo bizian naiz. Atxagak Ataunen esan zizkigun hitzetan, zuengana iristen dena ez baita nik idatzi dudana, baizik eta irakurle bakoitzak bere galbahetik pasatutakoan «aurkituko du bere burua, kontzientzian ez dauden gauza asko daude-eta gure barruan. Kontzientzia zabaltzen du irakurtzeak».

Hori esanda, ordea, ez legoke gaizki ni aldameneratuko nindukeen gazte-uholdea balego zain, leiho honetara agertzeko txanda eske!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>