Joxepa Madariaga eta Inaxio Usarralde

Joxepa Madariaga

Aupa!, Inaxio. Zer moduz bizi haiz? Klima aldaketa, lurraren berotzea, larrialdi egoera, kontsumo malapartatua… Daukagun eta suntsitzen ari garen planetari, Lur Planetari, begira jarrita, nola geratu txikizioa? Zer egin zezakeat nik, balazta sakatu eta CO2 isurketak murrizteko, adibidez? Txirrindua erabili, ahal dudan guztian; eta garraio publikoa; eta autoa, behar badut, jende gehiagorekin partekatu; hegazkina, bidaia luze luzeak egiteko soilik erabili… Auto eta txirrindu elektrikoak, geroz eta gehiago ikusten ditiagu. Elektrikoak, elektrizitatea behar dutenak. Elektrizitatea, nondik? Zentral elektrikoetatik? Zentral nuklearretatik? Energia berriztagarrietatik lortzea gustatuko litzaidakek, ez behintzat nuklearretatik!

Txirrindu elektrikoak garraiobide: lanera joateko, enkarguetarako, oporretarako, batera eta bestera joateko erabiltzen badiagu txirrindua, autoa geldirik daukagun seinale, beraz, CO2 gutxiago eguratserako; guztiontzat mesede! Ahal dugun gutxien kontsumitzea izan beharko genikek helburu (erregaia, arropa…).

Barneratuak ditugun ohitura guztiak bat-batean hankaz gora botatzea ez duk erraza, ez duk posible, baina zer egiten ari garen pentsatu, kontzientzia hartu eta, pixkanaka ohitura kontsumista txarrak kentzen saiatzea ona izango huke. Birziklatzea, berrerabiltzea, konpontzea… ze ohitura onak! Ez gaitezela troglodita bihur, konforme; aurrerapenaren eta Madariaga-Usarraldegarapenaren alde egin dezagun apustu, bai, baina ondorengoetan pentsatuz, daukaguna suntsitu gabe, txikiziorik gabe.

Inaxio Usarralde

Suntsitu gabe, txikiziorik gabe dion, Joxepa? Zerbait gelditzen al dun, ba, suntsitzeko? Honen guztiaren konponbidea? Portaera umiltzea eta Ama Lurrari erreparatu eta berari entzutea… Gizaki Harroaren aroan bizi garela iruditzen zaidan. Ikusi, bestela, espainiar penintsulako Mediterraneo aldean ekaitzak egin dituen triskantzak, hondar puska ederrak janez. Pentsa, nik neuk ikusi ez badut ere, entzun dinat lekuren batean hondartzatik bigarren lerroan zegoen etxe ilara, lehen lerroa izatera pasatu dela, zegoena urak eraman duelako. Baina, esan beharko din, ba, norbaitek nork eman zuen itsasotik hain gertu eraikitzeko baimena? Lasai, neuk erantzungo dinat: gizakiaren handinahikeriak eta negozio goseak!

Horrez gain, badun beste tresna eraginkor bat, nire ustez: koherentzia. Esaten dugunaren eta egiten dugunaren artean zintzoago jokatu. Eta zuzentzeko zeregin horretan neure burua jarriko dinat zerrendan lehenbizi, denok daukagulako zer hobetua: hondakin gutxiago sortuz, bertako produktuak lehenetsiz, autoa gutxiago eta garraio publikoa gehiago erabiliz… Eta agintaria bahaiz, botere guneetatik gertu bahabil, are eta gehiago iruditzen zaidan koherentziak behar duela izan iparrorratza: predikatutakoak eta egindakoak bat joan behar diten. Sarri entzun dizkinat igandero meza entzutera joan, jauna hartu eta elizatik irten orduko bere gustukoak ez zirenak larrutzen ibiltzen zirenen pasadizoak. No eta to koherentzia! Antzerako mailan ez ote gabiltzan…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>