Trena, bizitza, bidaia

Joseba ImazTarterik baduzu, irakurle, altxa begiak pantailatik. Artikulu hau mugikorrean irakurtzen ari bazara, berdin. Eta ez arduratu, ez dizut eta konturik eskatuko. Begiratu zure ingurura momentu batez. Ziur sorpresa ederren bat hartuko duzula. Bai, hala? Orain arte ikusi gabeko zerbait, norbait, keinu bat, xehetasun txiki bat.

Trena. Nahi gabe edo aurretik pentsatu gabe egin badut ere, aurreko lerroetan azaldutako ariketa egin dut gaur arratsaldean. Donostiatik bueltan trenean natorrela izan da. Zirrara eragin didate nire begiek ikusi eta belarriek entzun dutenak. Mugikorreko pantailatik –hala joan ohi gara trenbideko joan-etorrian– hezur-haragizko errealitatera salto egin eta hor jabetu naiz munduaz. Hobe esanda, eguneroko martxan konturatu gabe pasatzen zaizkigun mundu txikiez.

Alboan eserita dudan gizonari begiratu eta herriko zinegotzi ohi batekin egin dut topo, patxada ederrean eserita. Orain dela ez hainbeste urte, oker ez banago, ezingo zukeen trenean lasai bidaiatu. Ez behintzat bizkartzainen itzala gainean izan gabe. Gaur, antza, lasai doa bidean, trenaren trinkili-trankuluaren babesean. Beste guztiok bezala. Eta poztu egin naiz. Bakearen metafora ederra iruditu zait. Bortizkeriarik eza delako, trenean bezala bizitzan, aske bidaiatzea, ezezagunez edo zuk bezala pentsatzen ez dutenez inguratuta akaso, baina libre, azken finean.

«Begiratu ingurura momentu batez. Ziur sorpresa ederren bat hartuko duzula. Orain arte ikusi gabeko zerbait, norbait, keinu bat, xehetasun txiki bat»

Bizitza. Ohikoa da trenean, baita ere, kanpotik etorritako gipuzkoar berrien hizkerak eta esamoldeak entzutea. Elkarren artean kontutan batzuetan, telefonoz urruneko norbaitekin hizketan, besteetan. Eta haien guztien artean, mutil gazte baten hitzak iritsi zaizkit belarrietara. Pareko eserlekuan dago, emakume heldu batekin eta bere adineko beste gaztetxo batekin kontutan. Joan den urtean bizitako pasadizo larria ari zaie kontatzen. Drogak, buruko gaixotasuna, bizitzaren trenera atzera nola igo. Nola jarraitu bizitzaren erlojuari soka ematen, munduari lotzen gaituen haria eten gabe.

Gaztetxoaren kontakizunak ere munduaren gordintasunaz zer pentsatua eman dit. Badagoelako asko sufritzen duen jendea, dela bizitzako momentu txar horietako batek kolpatu duelako, dela gaitzak edo beste edozer egoerak osasuna galarazi diolako. Horrelakoetan, pareko eserlekuan norbait egoteak, berebiziko garrantzia izaten du. Entzungo zaituen norbait. Altxatzen lagunduko dizut norbait. Behar dugu komunitate bat, ingurua, behar ditugu bidaideak bizitzan.

Bidaia. Geltokitik geltokirako saltoan, trenean ez baina txalupa prekarioetan Mediterraneoan itsasoratzen direnez oroitu naiz. Eguneroko ehunka lagun, bizitza berri baten bila. Jakin gabe ertz batetik bestera iritsiko diren. Itsasoaren zabalak irentsiko dituen ala ez. Aita Mari itsasontziak azken egunotan 93 lagun erreskatatu ditu bertan. Heriotzatik erreskatatu ere. Gure begiak pantailetan iltzatuta ditugun bitartean, Europako atarian bizi dugun errealitate gordina da hori ere. Zorionez, zenbaiten lanak migratzaileen sufrimendua azaleratu –eta gozatu, neurri batean– eta gizatasun pixka bat ezartzen du (pantailaz betetako) mundu ero honetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>