Hurrengoan beharko du

Joseba-TelleriaJoseba Telleria Albizu • Irakaslea eta ikaslea

Alarma egoera honetako iluntze bat. Etxekoei komentatu behar… «Goiberri-koek aldian behingo kolaborazioa eskatu didate». Erantzuna bat batean: «Etzazu behintzet koronabirusaz idatzi».

Ez zaie arrazoirik falta. Aliritzian, ez dut nik ere asmorik, gainiformazioaz, buloez, hildakoez, kutsatuez, osatuez, prebentzio neurriez, gaixotasunaren lehen lerroan ari direnez, gure adinekoek izango dituzten burutazioez, alarma egoeran lanera joan beharraz, ume txiki edo nerabeekin 24 orduz elkarbizi beharraz, adinekoen erresidentzietako egoeraz, kustodia partekatua dutenenaz, 1918ko espainiar gripeaz, AEBek 1918an erabilitako odol transfusioen aukera berrerabiltzeaz,  etxean geratzearen alde onaz, urtebetetzeak ez atzeratzearen zergatiaz, kutsadura datuen hobekuntzaz, gure aitona-amonek gerra egoera ezagutu izanaz, sistema ekonomiko egokienez, kirola etxean egiteaz, supermerkatuetako jende ilarez, enpresa txiki eta ertainen galerez, lanpostuenez, jendearen imaginazioaz eta umoreaz, hipokondriakoez, adineko eta ezinduen laguntza taldeez, klausurako monjek pentsatuko dutenez, preso daudenen egoeraz, zortzietako txaloez, bederatzietako lapikokadez, hamarretako kubatez, hamaiketako disko festez, balkoien erabilera anitzez, Jon Maiaren ixolamenduaren bertsoez, sare sozialen kolapsoez, geure barnera egin beharreko bidaiaz, gauzak beste era batera baloratzen ikasi beharraz, osasun publikoaren ezinbestekoaz, basoen desagertzeak birus honetan izan dezakeen eraginaz, kaleak hartzen hasi zaizkigun animaliez, birusaren mutazioez, bizi ohitura aldaketaz, ikasleen klase ez presentzialez, ejerzitoaren partehartzeaz, jenderik gabeko hiletez, familiarekin egotearen balioaz, kirol ikuskizunik gabeko asteburuez, txakurra ateratzeko kola egiteaz, udaberria puri-purian dugunaz, deklaratu gabeko datuez, hau guztia amaitzean antolatuko ditugunez, bakardadean daudenez, bestelako gaixotasunak dituztenez, berrogeialdiaren ondorio psikosozialez, erbesteratuez, bizilagunekin balkoitik balkoira hitz egiteko nobedadeaz, hau guztia amaituko den egunaz, gizarte hobeago bat eraikitzeko balioko ote digunaz, gaurko gazteek euren ondorengoei emango dieten tabarraz… idazteko.

Behingoz, ez diet kasorik egin. Hurrengoan beharko du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>