«Arkumean geldialdia dago, eta prezioak bota dizkigute»

Lehen sektorea, ataka berri baten aurrean

Mariano_ImazMariano Imaz (Aizkondo baserria, Ataun)

Kezka handiz bizi du ataundarrak egungo egoera, arkumea ustiategietan bideragarria ez izatera irits litekeela ikusten baitu. Egoera larriak sumatzen ditu, eta laguntzarik eza.

Zein da baserritar eta ekoizle modura gaur egun bizi duzun egoera?
Arkumearen kasuan izan da geldialdia merkatuan, eta aprobetxatu da prezioak behera botatzeko saltoki handietan. Baina prezioak bota guri, saltoki handiek egin dutena da prezioak mantendu eta kasu batzuetan igo ere bai. Askoz merkeago saldu beharra guk, saltzen genuenetik %64 gutxiago jasotzen dugu. Hilketa arazorik ez dugu, arazoa dugu prezioan, eta eskatzen duguna da, eta ez zaigu bidezkoa iruditzen, ekoizten ari baginen kostuan baino prezio handiagoan, gutxiagoa jasoaz, momentu honetan oraindik merkeago saldu behar izatea arkume hori. Galerak itzelak dira. Azkenean egoera hau bihurtzen ari da arkumea bideragarria ez izatea gure ustiategietan.

Nola ari zara zure ekoizpena merkaturatzen?
Larsabi bezala azken lau urteetan saiatzen ari gara gure produktua bertan kolokatzen, komertzial bat daukagu lan hori egiten duena. Komertzial harremanak genituen harakin batzuekin eta gero Uvescorekin. Eta momentu honetan, kanpoko arkumea sartu delako konpetentzian, eta horregatik guk ere prezioa jaitsi behar izan dugu zerbait saldu nahi baldin badugu. Komertzializazio sare batzuk gainbehera etorri zaizkigu, gaur egun hemen sartzen ari den arkumearen prezioan. Ezin dugu. Guk %64 gutxiagoz ari bagara, badakit sektorea %82 gutxiago jasoaz ari direla saltzen artzainak, norbanako bezala saltzen ari direnak. Nahaste-borraste horretan kaltetua zein da? Alde batetik, ekoizlea, ez delako adostutako diru hori jasotzen, eta kontsumitzailea bera ere bai, guri nahiz eta prezioak jaitsi beraiei ez baitzaie prezioa jaisten ari. Bitartekariak ari dira poltsa potolotzen. Arkumearekin hori. Gaztarekin, nola kontsumitzaileak ezin duen ekoizlearen etxera dagoen egoerarengatik, etxetik saltzen zuen artzaina saldu ezinik dabil, ez du diru iturririk, iturria itxi egin zaio, eta gastuak hor segitzen dute. Artzain horien egoera estua da, eta ez dugu ikusten inondik inora laguntzarik.

Zer egin beharko litzateke egoera bideratzeko?
Administrazioak laguntza eman beharko luke etxetik etxera saltzeko. Hau da, Internet bitartez, eta produktua ekoizlearen etxetik kontsumitzailearen etxera garraaituko duen zerbitzuaren bitartez, bitartekoak jarriaz. Gaztela-Mantxan hori egin dute arkumearekin, eta arrakasta izaten ari omen da. Formula horrek hemen funtzionatuko duen ala ez? Nik ez naiz igarlea, baina nik uste administrazioaren lana izan beharko litzatekeela horrelako saiakerak, ekoizlea ez dadin kaltetua suertatu egoera honen aurrean. Lehentasunezkoa ikusten dugu hori.

Nola ikusten du etorkizuna epe labur-ertainean?
Arkumearen asuntoan oso kezkatuta dago sektorea, ez Larsabi bakarrik. Administrazioaren azken proposamen honi ez diogu aterabide egokirik ikusten, kaltegarria izan baitaiteke hurrengo kanpainarako. Orain izozkailuan sartzen den arkumea, gainera diru laguntza publikoekin lagunduaz, arkume horrek merkatuan jarraitzen badu, hurrengo urteko kanpainako arkume salmentan baldintzatuko du prezioa. Eta lehen baldin bagabiltza arkumearekin zorrak eginez, eta prezioak botatzen badizkigute, panorama eskasa ikusten dugu hurrengo urterako ere. Guk ikusten duguna da, hemen hartu diren neurri hauek, eta esaten duten bezala arkume hauekin arazoa baldin badago, arkume hori merkatutik kanpora atera beharko litzatekeela, eta diru publikoaz lagunduta dagoenez gero, jangela sozialetara-edo bideratu beharko litzatekeela.
Baserritarra ez dadila kaltetua izan egoerarengatik inondik inora, eta kaltetua bada beste aterabiderik ez dagoelako, administrazioak lagundu egin beharko liguke, enpresa txikiei-eta laguntzen zaien bezala. Hemen daude artzainak inbertsioetan sartuta daudenak, eta badakigu egoera larrian daudela, eta ez dut uste inor prest egon beharko litzatekeenik egoera honegatik ustiategi bat edo beste itxi behar izatea. Egoera benetan larriak ikusten dut nik, eta batere laguntzarik ez dut ikusten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>