Gaur egun Agurrak edo Aurreskuak betetzen duen protokolo-papera, ehunka urtetan sokadantzak bete izan zuen, arma-dantzekin batera. Hain justu, sokaren ikurra eszenaratzeak, bertan parte hartzen zuten kideen, erakundeen edo herritarren arteko lotura irudikatzen zuen. «Dantzan eta eskuak lotuta, guztiak dira ‘soka bateko’», dio Juan Antonio Urbeltzek Dantza Beasainen liburuaren hitzaurrean. Elkartasunezkoak eta atxikimenduzkoak ziren sokadantza saioak, bere ustez.
Mota askotako sokadantzak daude. Haurrena, helduena, agintariena… Alkatea izaten zen azken horietan buru, eta egitura finkatua zeukan sokak. Dantzariek elkarri helduta osatzen dute katea, eta bi soka-muturrak elkarrekin bat egingo dira, ‘zubi’ deitzen diren figuren bitartez lotura ahalbidetuta. Bukatzeko, gudari-adinean dauden gazterik trebe eta egokienek erakustaldia egingo dute. Sokadantzako dantzarien adina jaitsiz joan da, zenbait herritan.
Juan Inazio Iztuetak 1824ko liburuan jada argi esan zuen sokadantzak udaletxe barrutik formazioan irten behar zuela «plaza agirikora». Aurrendaria zeritzon aurreskuari, eta atzeskua da beste muturra ixten duena. Bat-bateko sokadantzak ere badira, entseatu gabe egiten direnak plazan.
Aspaldiko ohiturak dira Goierrin, baina XX. mendearen hasieran hasi ziren berriro berreskuratzen. Agintariena, adibidez. Noiz egin, eguna zehaztuta izaten dute, herriko jai nagusiaren egunean normalean. Protokoloa ere ondo finkatuta zeukaten: «Billafrancan Santa Ana arratsaldean, lendabizico dantza eguingo du Beasaingo alcateac, eta bigarrena Isasondocoac», idatzi zuen Iztuetak, duela 196 urteko liburuan. Beasain, Lazkao, Olaberria, Idiazabal, Segura, Ataun, Zaldibia, Gaintza, Legorreta, Itsasondo, Arama eta Tolosaldeko auzo herrietako ohiturak ere azaldu zituen.
Emakumeak ere bai
Iztuetak sokadantzak zuzenean alkateekin lotzen zituen. Horregatik, agian, gizonezkoek soilik egin zitzaketen dantzatzat hartu izan dira. Baina historialariek frogatu dute sokadantzan emakumeak ere aritzen zirela dantzan, baita aurrendari edo buru bezala ere.