«Urretxu edo Parisen, moda munduan lan asko egin behar da»

Lleire-2

Leire Santillanek (Urretxu, 1974) umetan ikasi zuen josten, ama ere jostuna baitu. Moda diseinua ikasi ondoren, Amaya Arzuaga diseinatzaile ospetsuarekin lan egin zuen. Madrilen lan egitea eskaini zion, baina nahiago izan zuen Urretxura itzuli. Ur denda ireki zuen eta bertan diseinu esklusiboak egiten ditu.

Zure ama jostuna da. Bere eraginez al duzu gustuko moda mundua?
Bai. Beti gustatu izan zaizkit eskulanak, sormen lanak, lan artistikoak… Etxean koloretako hariak, oihalak eta josteko makina egunero ikusten nituen, amak joste eskolak ematen baitzituen. Hala, amaren lan materialarekin jolasten nuen. Jolasa lanbide bihurtu zen.

Nola jolasten zenuen?
Jantziak egiten nituen. Panpinentzat baino gehiago, niretzat. Askotan, amak ez zidan nik egindako jantziekin kalera ateratzen uzten.

Zenbat urterekin ikasi zenuen josten?
Amak 6 urterekin dagoeneko josi egiten nuela esaten du. Amak irakatsi zidan josten. Beti bere atzetik ibiltzen nintzen, gehiago irakatsi ziezadan.

Oso argi al zenuen jostuna edo diseinatzailea izan nahi zenuela?
Sormenarekin lotutako zerbait egin nahi nuen. Arte Ederrak ikastea pentsatu nuen behin baino gehiagotan, baina jostea asko gustatzen zitzaidan eta josten jarraitu nuen. Bartzelonara joan nintzen, Ingalaterrako Southampton hiriko unibertsitatearekin akordioa zuen eskola batera. Moda lizentziatura egin ondoren, Londreseko Royal College of Art eskolara joan nintzen. Han gradu ondorengoa egin nuen.

Non hasi zinen lanean?
Pasaiako North Company enpresan eman nituen lehen pausoak. Kirola egiteko jantzia egiten genuen, batez ere. Amaya Arzuagaren enpresara curriculuma bidali nuen eta deitu egin zidaten. Joatea erabaki nuen: Arzuagak egiten zuen jantzi mota gehiago gustatzen zitzaidan, Londresen-eta desfileak egiten zituen…

Zer egiten zenuen Arzuagarentzat?
Bere laguntzailea nintzen. Ideiak ematen nizkion. Sormenezko lana zen eta askatasun handia nuen. Oso gustura nengoen, baina enpresa Burgoseko Lerma herrian zegoen eta ez nuen nire burua bizitza osoan han ikusten. Nahiago nuen Urretxun bizi. Amayari ez nuela jarraitu nahi esan nionean, Madrilgo  denda eta tailerrera joatea eskaini zidan. Baina nire burua Urretxun ikusten nuen. Etorri nintzenean, berarentzat diseinuak egiten jarraitu nuen denboraldi batean.

Oso argi zenuen zure jaioterrian bizi nahi zenuela.
Ordurako erreta nengoen. Izan ere, urte asko neramatzan herritik kanpo. Amak denda bat zuen: oihalak eta mertzeriako produktuak saltzen zituen, jantziak egiten zituen bezeroen neurrira eta joste eskolak ematen zituen. Berarekin lan egiten hasi nintzen eta bildumak ere egiten nituen. Bilduma horiek beste denda batzuetan ere saltzen nituen, baina moda mundua asko aldatu da eta diseinatzaileek geroz eta zailago dute bildumak saltzea. Gainera, semeak jaio ziren. Hori dela eta, bilduma txikiagoak egitea eta nire dendan saltzea komeni zitzaidala ikusi nuen. Izan ere, ahaleginak ez zuen merezi zuen saririk jasotzen.

Zer eskaintzen duzu Ur dendan?
Eredu batzuk ditugu eta jantziak neurrira egiten dugu. Bilduma txikiak ere egiten ditut. Azkena Moonrise kingdom pelikulan oinarritua dago. Bilduma horretan egunero erabiltzeko moduko soinekoak daude, 1960ko hamarkadako estetikan oinarrituak. Ezkontza soineko arinak ere egin ditut. Asko motzak eta evase-dunak dira. Hauek ere 1960ko hamarkadako estiloa jarraitzen dute.

Zergatik hartu duzu oinarri bezala ‘Moonrise kingdom’ pelikula?
Lagun batek, Maria Parrak, aholkatu zidan pelikula hori ikustea. Bi nerabeen arteko amodio istorioa da. 1960ko hamarkadan gertatzen da, fantasiazko irla batean. Bi protagonisten izaera asko gustatzen zait, nerabeen freskotasunetik, bikote bat zer den oso ondo azaltzen baitute: bidelagun garrantzitsuena.

Nongo jendea etortzen da Ur dendara?
Gipuzkoa osokoa, baina batez ere Urretxu, Zumarraga, Legazpi, Beasain, Bergara eta Antzuolakoa.

Zeren bila etortzen dira zure dendara?
Asko ezkontza bat dutelako etortzen dira. Baina beste asko kapritxo bat dutelako. Beste inork eramango ez duen gona bat nahi dute, adibidez. Bestalde, neguan beroki dezente egiten ditugu. Denda askotan beroki bera saltzen dute eta guk oihal eta kolore eskaintza zabala dugu.

Emakumeentzat bakarrik lan egiten al duzu?
Gizonezkoentzat ere lan egin izan dugu, baina emakumezkoentzat lan egiten dugu batez ere.

Maskarak egiten ari zara.
Bezero batek maskara bat egiteko eskatu zidan eta gehiago egitea eta dendan salgai jartzea pentsatu nuen. Barrualdeko oihala kotoi organikoz egindako popelina da. Erdian beste bi popelin zati ditu, filtro moduan. Kanpokoa ere oihal naturala da, baina politagoa. Lisoak, loredunak, geometrikoak eta afrikar marrazkidunak egin ditut. %75a gutxienez kotoi organikoarekin egina dago.

Bakarrik lan egiten al duzu?
Ur atelierrean (jostun tailerra) diseinuak, patroiak eta probaketak nik egiten ditut. Mari Luz Nebredak eta Cristina Lopezek josten laguntzen didate.

Lleire-3«Arropa gutxiago erosten eta hobeto erosten saiatu behar dugu: ez dugu horrenbeste arropa behar»

«Lihoa oihal atsegina da: udarako egokia da, zimur polita du eta kolore politak hartzen ditu»

«Cristobal Balentziagak filosofia eta estilo propioa zituen eta oso koherentea izan zen bere lan ibilbide osoan»

Azkenaldian, hainbat ikuskizunetako jantziak egiteaz arduratu zarete.
Iaz MCC-koek Humanity at Music ikuskizuna antolatu zuten eta Kukai Dantza taldekoei jantziak egin genizkien. Humanity at Music ikuskizuna Josu Camarak zuzendu zuen eta nik jantziak diseinatu nituen, bere zuzendaritzapean. Aurten, berriz, Iparragirreri buruzko Anjela, Iparragirreren bertso askea antzezlaneko jantziak egin ditugu.

Ez al duzu inoiz pentsatu hiri handi batean lan egingo bazenu, beharbada errekonozimendu handiagoa izango zenukeela?
Niri hemen bizitzea gustatzen zait. Bidaiatzea eta gauza berriak ezagutzea oso gogoko dut, baina hemengo egunerokotasuna gustatzen zait. Gainera, umeak eduki nituen eta ez nuen nire burua Madrilen edo Bartzelonan ikusten. Oso lanbide zaila da eta ez dakit hiri batean lan egingo banu arrakasta handiagoa izango nukeen. Urretxun edo Parisen, lanean jarraitzeko, lan asko egin behar da, eta kemen eta pazientzia handia eduki behar da.

Ze baliabide erabiltzen dituzu zure lana ezagutzera emateko?
Ahoz ahokoa oso garrantzitsua da. Gainera, Instagram eta Facebook sare sozialak erabiltzen ditut, Goierriko Hitza-n publizitatea egiten dut, tarteka Donostian moda desfileak egiten ditut… Bestalde, aurten Gipuzkoako Green Fashion cluster-ean sartu naiz. Beti eman diot garrantzia ingurumena zaintzeari eta ahalik eta modu ekologikoenean lan egiteari. Hala, Uggasa garapen agentziaren ekonomia zirkularrari buruzko ikastaroan parte hartu nuen.

Nola jarraitzen duzu munduan zehar egiten dena?
Komunikabideak, webguneak… jarraitzeaz gain, dendak ikustea gustatzen zait. Desfileetara joatea baino gustukoago dut. Nire anaia Vienan bizi da eta bertan oso denda politak daude. Gainera, moda ekologikoak indar handia du. Nire anaia bizi den auzoan, oso denda ezberdinak eta artisau asko daude. Oso leku ederra eta inspiratzailea da.

Non gehiago egon zara?
Urtero Europako hiriburu bat ezagutzera joaten gara. Hiri asko ezagutu ditugu, baina Viena izan da gehien harritu nauena. Paris, Amsterdam eta Berlinen ere oso denda politak daude.

Nola ikusten duzu moda mundua?
Nire ustez, arropa gutxiago erosten eta hobeto erosten saiatu behar dugu. Azken finean, ez dugu horrenbeste arropa behar. Zerbait erosi aurretik, ondo pentsatu behar da. Batzuk oso sarritan aldatzen dute arropa. Nik ez dut halako beharrik sentitzen. Jantzi bat gustukoa badut, urratu arte ez dut berria erosten. Beste gai batzuetan dugun kontzientzia arropa mundura eramaten saiatu behar dugu. Ez ditugu horrenbeste ondasun behar eta zerbait erosi aurretik ondo pentsatu behar da. Denbora luzerako erosi. Ez lehenbailehen bota eta antzeko zerbait erosi.

Koronabirusak kalte handia egingo al dizue?
Arazo honek naturarekiko errespetuaren inguruan hausnartzera eramatea espero dut. Ondorioz, jantziak erosterakoan, estiloaz eta prezioaz aparte, beste zenbait faktore kontutan hartzen hasi gara: enpresaren jarrera langile, gizarte eta ingurumenarekiko, herrian bertan erostea edota gertutasuna… Gure erosketen bidez aztarna positiboa utz dezakegu.

Zuk ze material erabiltzen dituzu?
Material organikoak erosten saiatzen naiz. Oihal jasangarriak erosten saiatzen naiz. Datorren denboraldirako cuproa erosi dut. Cuproa kotoizko oihalak egiterakoan sobratzen denarekin egiten den oihala da. Apur bat tratatua da, baina biodegradagarria. Oso oihal ekologikoa da, bota behar zen materialarekin egiten baita.

Zein da zuri gehien gustatzen zaizun oihala?
Zeta asko gustatzen zait, oso kolore politak hartzen baititu. Kotoia, lihoa… Lihoaz gutxitan gogoratzen gara, baina oso oihal atsegina da. Lihozko jantziak udarako oso egokiak dira, freskoak baitira. Gainera, lihoaren zimurra polita da eta oso kolore politak hartzen dituen oihala da.

Gustuko kolorea?
Arrosa guztiak, gorria, zuriak, karei tonuak, itsas urdina eta beltza. Kolore nahasketak ere atsegin ditut.

Diseinatzaile bat?
Cristobal Balentziagaren lana asko gustatzen zait. Filosofia eta estilo propioa zituen eta oso koherentea izan zen bere lan ibilbide osoan. Gainera, bere estetika atenporala da. Ez da zaharkitua gelditu. Horrek meritu handia du. Balentziagak duela 70 urte egin zituen jantzi asko eta asko erabilgarriak dira gaur egun ere.

Brinkolako jostunaren alaba

santillanDEFBernardo Atxagaren nobelako protagonista soinujolearen semea zen eta elkarrizketa honetako protagonista, berriz, jostunaren alaba da. Leire Santillanen ama jostuna da eta haren familian jostun asko egon dira. «Nire amaren bi ahizpa, Dolores eta Milagros, jostunak izan ziren. Eta bere anaia batean alaba ere bai. Nire amak ere bazekien josten, baina ez zen sekula bere lanbidea izan», aipatu du Begoña Luzuriagak, Leireren amak.

Luzuriagak bere lehengusuarekin ikasi zuen ofizioa. «Nire lehen lana 16 urterekin egin nuen. Jostea oso gustuko nuen eta nire ogibidea izan zen. Leireri gauza bera gertatu zitzaion: mundu hau jaio zenetik ezagutzen du eta berak ere mundu honetan lan egitea erabaki zuen. Sei urterekin josteko makina erabiltzen zekien eta patroiak egiten irakasteko eskatzen zidan. Trapuzale familia gara».

Oso harro dago alabak lortutakoaz, noski. «Nola ez naiz harro egongo ba! Ama guztiak seme-alabek egiten dutenaz harro egoteko joera dugu. Are gehiago gure bidea jarraitu eta guk egindakoa hobetu badute. Leirek, nik ez bezala, ospe handiko eskoletan ikasteko aukera eduki zuen».

Luzuriaga Brinkolan jaio zen, bere aita trenbideetako langilea baitzen. Bere lehengusuak irakatsi zion ofizioa. 21 urterekin Urretxura joan zen. Bertan, joste eskolak eman zituen. Hasieran bere etxean eta ondoren berak irekitako Txuri-Beltz dendan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>