Antzerkigintza berpizten

Segura_LurdesImaz

Atzeko ilaran, ezkerretik hasita: Rafael Izagirre, Joakin Imaz, Anparo Elortza, Lurdes Imaz. Aurreko ilaran: Joxepa Albisu, Miel Telleria. Lurdes Imazek utzia

Lurdes Imaz • Segura

Argazki hau Seguran 1961ean egindako antzezlan batekoa da. Nik 9 urte nituen eta bertan parte hartzeko zortea izan nuen. Zortea esaten dut, ume gehienen nahia antzezlan batean parte hartzea izaten zelako.

Eskolan euskaraz hitz egitea debekatuta geneukanean, gure hizkuntzan antzerki bat egitea pozgarria izan beharra zeukan derrigor. Parte hartzeko, ez dakit, niri galdetu zidaten edo nire amari esan zioten, baina bat-batean antzerki entseguetan ikusi nuen neure burua. Partaide guztiak helduak ziren, ni bakarrik umea. Hala ere oroimen bikaina daukat.

Bikaintasuna lausotu zuen gertakari bakarra eskolako mojari entsegu batera joateko baimena eskatzeak sortu zidana izan zen. Nire eskaera ez zidan onartu eta entsegurik gabe gelditu nintzen. Herri mailan euskararen inguruan antolatutako ekintzetan parte hartzea ez zuten begi onez ikusten moja batzuk.

Ez naiz gogoratzen antzezlanaren izenarekin ezta argumentu osoarekin ere, baina antzezlan hartan Ama Birjinaren papera egin zuenak, Joxepa Albisuk, Berri On izena zuela esan dit. Estalpe batean Jesus Haurtxoa, San Jose eta Ama Birjina azaltzen ziren, artzainak, profetak, erregeak, pajeak ere bai. Ni itsua nintzen. Nire ama Anparo Elortza zen eta Jesus Haurtxoa agurtzera joan ginen. Nik Haurtxoari abestu egin nion, eta bukatu nuenean begi bista etorri zitzaidan. Hura miraria!

Asko gustatu zen antzezlana eta gogoan dut Ataunera ere joan ginela antzerkia egitera.

Gure ume garaia, trabaz eta debekuz betetako garaia izan zen, Frankismoak bete-betean harrapatutakoa, hala ere antzerki batzuk ikusteko aukera izan genuen. Oraindik telebistarik ez zen garai hartan, antzerkia ikusteko aukera izateak sortzen zigun poza deskribaezina da.

Antzerki zaletasun handia

Nire herrian bezala, inguruan eta nola ez herrialde osoan, antzerki zaletasun handia zegoen. Izan ere III.  Karlistadaren ondoren hasi eta 1937ra arte, euskal kulturak indar handia hartu zuen, baita antzerkiak ere. Errepublika garaian jo zuen gailurra, orduko Antzerti aldizkarian bost urte baino gutxiagotan berrogeita hamar baino antzezlan gehiago argitaratu omen ziren.

Antzezlan horietako batzuk herrian bertan topatu ditut, nire senarraren aitaren eta osabaren paper artean, eurak ere zuzendari eta antzezle gisa ibilitakoak antza. Nahiz eta Francoren diktadurak lur jota utzi suspertzen hasita zegoen euskal kultura, 60ko hamarkadan antzerkigintza berpizten hasi zen eta hori herri gehienetan islatu zen. Baita geurean ere.

Hemen,  Seguran, egindako antzezlanetako batzuk hauek izan ziren: Iziartxo (Bitor Garitaonandia, 1929), Aterako gara (Toribio Altzaga, 1888), Garbiñe (Katarine Eleizegi), Aldiz aldiz eta Meza Berria (Barriola / Gau Ostatua).

Gure aurrekoek ereindako antzerki zaletasun hazia fruitua ematen ari da. Gaur ere, adin ezberdineko antzezleak hor gabiltza, herriko jaietan giroa alaitzen batzuk eta gure historia zabaltzen besteak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>