Bazen behin

Xegun-AltolagirreXegun Altolagirre • Gidoigilea eta sortzailea

Itxialdi honetan gauza asko ikasi eta desikasi ditugu. Hobeak egin ote gaituen? Nork jakin! Gure buruak aurrez aurre ikusteko parada eman digu, eta batzuetan ispiluak bueltatzen digun isla hori ez zaigu gustatu. Aldaketa garaia dator. Baina zer aldatu? Honako istorio hau ekarri dit honek guztiak gogora.

Bazen behin, mundua oraindik magiaz beterik zegoenean, azokan bihotz magikoak saltzen zituen haur bat. Azenario, aza eta pataten artean, zakuetan, kaxatxoetan gordetzen zituen bihotzak sekretuan. «Bihotz magikoak, bihotz magikoak! Zure bihotza harri koxkor bat dela? Ba aldatu, aldatu bihotz hobeago baten truke!»

Gizon handi bat gerturatu zitzaion. «Ba al duzu errazegi sumintzen ez den bihotzik?» Mutikoak zirraraz baietsi zion eta zakuetan pilatuta zituen kaxa txikien artean gizonarentzat aproposena izango zenaren bila hasi zen. «Zortea izan duzu beste inori saldu ez izana, jauna! Asko dira klase honetakoen bila datozenak! Bakarra daukat horrelakoa. Bihotz klase hau zaila da lortzen!» Gizonari kaxa txikia eman zion. «Zaharra aldatu baino lehen lasaitu egin behar duzu, ez dezala arrastorik utzi, garbi irten behar du bihotz zaharrak berria sartu baino lehen! Utzi kaxatxoa ohe azpian eta lo zaudela aldatuko dute bihotzek tokia beren kasa». Gizona metro batzuk urrundu zenean buelta eman zuen zurtuta. «Ordaintzea ahaztu zait! Zenbat zor dizut? Etxekoek eskertuko dute aldaketa, zalantzarik gabe, eta horrek merezi du garestia bada ere!» Mutikoak burua astindu zuen. «Bihotzak ez dira prezio batean saltzen. Zuk ekarri duzun borondate ona nahikoa ordaina da niretzako». Gizona, eskerrak eman eta etxera itzuli zen pauso alaian.

Beranduago emakume eder bat gerturatu zitzaion. «Bihotz estra bat nahiko nuke», eskatu zion emakumeak. Mutikoak betozkoa jarri zuen. «Estra? Baina zein motatakoa?». «Ez da motarik, berdin zait nolakoa den. Entzun, bi gizonekin nago maiteminduta eta zaila egiten zait bihotz bakarrarekin biei merezi dutena ematea», azaldu zion emakume ederrak. «Sentitzen dut, baina ezingo dizut lagundu. Ederra izanda ere, zure gorputzak bakarra eraman dezake, bi eramanez gero bihotzek ezingo lukete arnasa hartu. Egunen batean duzuna aldatu nahi bazenu etorri eta lagunduko dizut!» Emakumeak arduratuta alde egin zuen.

Gizon gazte bat gerturatu zitzaion hurrengoa, bihotza hautsi ziotela eta konpondu egin nahi zuela esanaz. «Nik ez ditut bihotzak konpontzen… aldatu nahi ez baduzu, denborak sendatuko dizu, denborak eta haize hotzak. Eta sendatutakoan aldatu nahi baduzu, orduan bai, etorri. Bitartean…». Gizon gaztea bere ondoan eseri zen burumakur. «Nondik ateratzen dituzu bihotz hauek guztiak?». «Sekretua da, ezin dizut esan».

Ezin zion behi bihotzak zirela esan. Zer pentsatuko luke hori esango balio? Behi bihotzak oparitzen zituela… Azenario, patata, aza eta behi bihotzez betetako kaxa txikiz betetako zaku guztiak gurdira jaso eta tiraka kalean gora urrundu zen. Zergatik pentsatuko dute guztiek bihotz zaharra kendu eta berria jarrita konponduko dugula guztia? Dugun bitartean zainduko bagenu dugun bihotz hori… Asmoa, intentzioa, borondateak bakarrik alda gaitzake.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>