Txatalkako kronika

Elixabete-GarmendiaAspaldiko egonaldirik luzeena egin dut Goierrin –Zerainen– itxialdiko hiru hilabeteetan. Ezarritako arauekin ezin nolanahi mugitu, baina premiazko erosketek behartuta –eta  ahalbidetuta– batetik bestera ibili naiz apur bat. Gehienbat Seguran; Ormaiztegin ere bai. Hurrena Beasaineraino joan nintzen, inprimagailuarentzako tinta kartutxoak erostera –hala esplikatu behar izan nien, gaztelera goierritarrean, Castillo hotelaren parean kontrola zeukaten ertzainei–. Eta halako batean, Ordiziara ere iritsi nintzen, asteazkenez.

Goiz batean, itxialdia hasi berri xamar artean, Segurako atari batean ikusi nuen emakume bat buzoian Hitza sartzen. Hara! Zu zara, hortaz, Hitza-ren banatzailea? Poza eman zidan gure buzoira ere Hitza –eta Goiberri– eramaten dituen pertsona ezagutzeak. Pozarekin batera esker ona sentitu nuen. Segurako kalean, ia goizero, zabor-biltzaileekin gurutzatu izan naiz; hirugarren egunetik aurrera elkar agurtzen genuen; haiekiko ere esker ona neukan. Zer esanik ez egunero ogia eta egunkaria eskura jartzen zizkigutenekiko. Harategian, arraindegian edo beste edozein dendetan «eskerrik asko!» esaten bazidaten ordaintzean, «zuei!» erantzuten nien, eta ez kortesia hutsagatik. Balkoietako txalo festak bukatu ziren, baina adierazi beharra neukan hau ahanzturan utzi gabe: eguneroko bizimodua bermatu diguten profesional guztiek merezi dute aitorpena.

Esperientziak dio zenbat eta hutsago egon kaleak –eta baita baserri bideak ere–, orduan eta gehiago trabatzen zarela jendearekin. Igande iluntze batean artaldeak eta zakurrak txintxo-txintxo itxoin zuten Josetxok eta biok mundua konpontzen genuen bitartean. Geroxeago Julitak inongo ilarrik finenekin bidali ninduen etxera. Beste egun batean Unaik, bakar-bakarrik egiten ari zen pilota entrenamendua eten, eta bere kronika kontatu zidan, zer zihoan ondo eta zer ez, gaztetxo aztiaren ikuspegitik.

Beste fronte bat izan da naturarena; martxoaren 30eko elur malutetatik hasi –izotzak ere izan ziren aurretik– eta bikinia janzteko moduko egunetaraino, paleta osoa erakutsi digu udaberriak. Zuhaitzak soiltasunetik erabat hostotzerainoko prozesua jarraitu eta belarra birritan ikusi dugu hazten, mozten eta biltzen. Fauna basaren inbentarioan, kattagorriak, orkatzak, erbiak eta axeria. Eta txori festa, sekulakoa.

Krisi betean, zenbatetan ez ote dut entzun landaguneko giro horretan «gu pribilegiatuak gara!». Ifrentzuan, beste guztia zegoen, adinekoen egoitzetan eta erietxeetan bizi izan den mundu perpendikular hori.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>