‘Bidezigorra’ Beasain eta Bergara artean

A_636

Beasain-Bergara arteko A-636 errepidean bidesaria jartzea onartu du, prezioak zehaztu eta lizitaziora atera berri du kobrantza sistema Gipuzkoako Diputazioak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak uztailaren 17an onartu zituen Beasain-Bergara A-636 errepidea erabiltzeko bidesariaren prezioak, eta astebetera, hilaren 24an, Bidegiko administrazio kontseiluak proiektua idaztea, obra gauzatzea eta kobratzeko sistema mantentzea lizitaziora atera zuen. Lizitazioak 10.352.000 euroko aurrekontua du, gehi BEZa, eta 5 urte eta erdiko iraupena. Aldi horrek 12 hilabete aurreikusten ditu proiektua xehetasunez idazteko eta, ondoren, 4 urte eta erdiz kudeatzeko eta ustiatzeko.

Albiste horien aurrean, hainbat erreakzio jaso ditu aldizkari honek. Batetik, Urretxu-Zumarragan urte hasieran herritarrek sortu zuten A-636 Peajerik Ez! plataformako kideenak. Bestetik, Tomas Etxaniz Ezkioko alkatearen eta Jon Enrike Ormaiztegikoarenak, baita herritar hainbatenak ere.

Bizi-kalitatearen kaltetan

«Haserre» daudela adierazi dute peajearen kontrako herri plataformako kideek: «Sakonki sentitzen dugu herritarren eskaera bati, bide horren erabiltzaileen eskaera bati, erantzun nahi ez izatea». Garbi dute, «hartutako neurria diskriminatzailea eta gehiegizkoa» dela, eta «gaitzesten jarraituko» dute. «Goierriko herri guztietako herritarrei egingo die kalte erabakiak, baina baita Goierritik kanpo bizi baina lanagatik edo beste arrazoi batzuengatik errepide hortatik igaro behar duten guztiei ere».

Maquetación 1Herri plataformaren arabera, alternatibak garraio publiko eskasa edo errepide ez-seguruak eta igarobide zailekoak erabiltzea da. «Herritarrak prest daude bigarren mailako errepide horietan ibiltzeko, gidarien segurtasunak behera eginda ere», eta gaineratu dute, «Ezkioko eta Ormaiztegiko bizi kalitatean ere eragingo» duela: «Harrapaketa honen erantzule diren erakundeei kontuak eskatzen jarraituko dugu, kaltetutako herrien interesa hausnartu eta irtenbideak bila ditzaten. Azpikontratatutako kudeatzailearen onura ekonomikoaren aurretik herritarrak daude, eta hartu duten erabakiarekin prezio garestiegia ordaintzera kondenatuta gaude. Aspaldi ordainduta dago azpiegitura hori».

Herritarren poltsiekoetan ere eragingo du: «Egunero bide hori erabiltzen dugunok gure aurrekontuak karga berri horretara egokitu beharko ditugu. Atera ditugun kalkuluen arabera, 400 bat euro suposatuko digu urtero, eta beraz errepide zaharra erabili behar izatea, atzerapenak, kutsadura, segurtasunik eza eta hiriguneak trafikoz betetzea eragingo du». Plataformak «herritarrak mobilizatzen jarraitzeko asmoa» du, «guztion artean konponbide justua lortu ahal izateko».

Errepide zaharreko herriak

Plataformako kideek aurreikusten dutena betetzen bada, Ezkion eta Ormaiztegin nabarituko dute gehien trafikoaren gorakada. Ezkioko alkate Tomas Etxaniz eskertuta dago «gai honi tokia emateagatik», sentitzen baitu «aldundiak jaramonik ez» diela egin: «Pandemiaren aurretik prentsaren bidez jakin genuen. Udal bezala ez zaigu inongo komunikaziorik egin eta oso kezkagarria da hori». Horregatik, «lau herri txiki kaltetuenek», –Ezkiok, Itsasok, Gabiriak eta Ormaiztegik– duten kezka jakinarazi zioten aldundiari. «Jakin nahi dugu nola gauzatuko den, zergatik eta nola hartu den erabaki hori. Elkarrizketa eskatu dugu, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso».

Bidesariaren aurkakoak «haserre» daude, eta herritarren eskaerei entzungor egitea egozten diote foru aldundiari
Ezkioko eta Ormaiztegiko udalek, eta herritarrek, alderdi ekonomikoa eta segurtasuna izan dituzte hizpide nagusi

Bidesaria aurrean «bi errealitate» ikusten ditu Etxanizek: «Bata, ekonomikoa, eta bestea, herritarren ongizateari dagokiona». Plataformak darabiltzan argumentuarekin «bat egin» du: «Ez da logikoa egunero errepide horretan ibili behar duten garraiolari eta herritarrek ordaindu behar izatea zati horretan, eta beste leku batzuetan doan izatea. Diskriminatuta sentitzen gara».

Ezkiotarraren egunerokoan «eragin zuzena» izango duela ere uste du, zirkulazioak «nabarmen gora» egingo duelako: «Ezkiok kale bakarra du, Santa Lutzi zeharkatzen duena. Lehendik ere badugu ibilgailuen joan etorri handia, hainbat jarduera ekonomiko daudelako bertan. Kamioien joan etorria handia da berez, eta honek, autoena ere handituko du. Egoera kezkagarria da».

Erabakia hartzeko moduagatik «esateko gutxi» dagoela adierazi du bere aldetik Ormaiztegiko alkate Jon Enrikek:  «Peajea jartzearen erabakia Batzar Nagusietan onartua izan zen,  ia aho batez, Elkarrekin Podemosek abstentziora jo zuen». Enrikeri kezka handiena sortzen dion gaia da «herriak jasango duen trafikoaren gorakada eta segurtasuna» dira. Nabarmendu du, Markel Olano Diputatu Nagusiari eta haren lan taldeari hala jakinarazi ziola, otsailean, bilera batean, albistea jakin eta astebetera.  «Bi erakundeok proiektu bat adosteko eskatu nien, segurtasuna bermatzeko Ormaiztegitik pasatzerakoan».

Irizar da Enrikeren beste kezka nagusia: «Kontutan izan behar da, Irizarrek autobusen probak errepide horretan egiten dituela, horregatik, tratu berezi bat eskatu dugu, eta garai hauetan, are gehiago». Errepide hori igaro behar duten herritarrentzat ere tratu berezia eskatuko ote duten galderaren aurrean, ondorengoa izan da erantzuna, hitzez hitz: «Errotondatik errontodara ez da peajerik ordaindu beharko, beraz, bermatu daiteke datorren trafikoa kanpotik joatea, baina barrutik etortzen badira, herritarrek seguru egon behar dute, hori garbi dago!». Ordaindu behar izatea «orokorrean inori» ez zaiola gustatzen dio, baina «atzerapausurik ez» du ikusten, «are gutxiago Batzar Nagusietan izan zuen babesa ikusita».

Herritarren iritziak

Ormaiztegiko kalean galdetu die herritarrei kazetariak bidesariaren inguruan. Galdetutako herritar guzti-guztiak kontra agertu dira. Zerrenda benetan luzea da, eta izen eta abizenak dituzte. Arrazoiak denetarikoak dira, baina horietako askok ildo berari heldu diote.«Gaur egun, bizi dugun egoeran, poltsikoa gehiago estutuko» zaiela «herritar xumeei eta langileei», eta «bidesaria baino, bidezigorra izango» dela. Beste batzuek gogorarazi dute, «etxe batzuetan, errepide hori bi pertsonek igaro beharko» dutela lanera joateko, eta «beraz kolpea bikoitza» dela.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>