Ikasteko bidea, Jakintza

Itxaro-argazkia

Goitik hasita,ezkerretik eskuinera: J. Sagasti- zabal, G. Cordero, M. Garin, L. Iztueta, E. Lasa, F. Arrieta, J. Amondarain, G. Cuadrado, A. Reyes, L. Garmendia, A. De Juan (irakaslea), N. Arza, I. Mendizabal, U. Oiartzabal, A. Garmendia, A. Landa, A. Izagirre, U. Rubio, J. Aierbe, J. Aranzegi, M. Arizmendi, A. Mintegi, L. Etxeberria eta A. Barandiaran.

Itxaro Mendizabal Amundarain • Ordizia

Ordiziako Jakintza ikastolan pasa nituen urteen oroitzapenak bueltaka dabilzkit azken urte honetan. Oroitzapen gazi-gozoak. Gure haurtzaroak markatzen gaituela garbi dago eta haurtzaro horretan bizitako ordu gehienak ikastola honetan pasatakoak dira.

Jakintza Ikastolan 18 urte izan arte ikasi nuen. Eta duela urtebete berriro bertan izateko aukera suertatu zitzaidan. Bizitzak kasualitaterik ez dituela sinesten duen horietako bat naiz. Iazko urtean bertan lanean hasteko aukera izatea benetan opari bat izan da niretzako.

Oroitzapen gazi-gozoak diodanean, badatozkit batzuk burura, gozoak, lagun arteko jolasak, elkarrizketak, aurreneko nerabezaroko maitemintzeak, irteerak. Baina gozoena, gure ama. Juanita andereñoa. Edozer gauza zela hantxe neukan nik babesa. Gogoratzen dut nola, ikastolara sartu behar ginen orduan astero euskal musikako abesti bat jartzen zuela bozgorailuetatik. Ikastolako eguna hasteko modu ezin hoberik ez zait bururatzen. Gero, guk gelan aste horretan tokatzen zen abestia lantzen genuen. Horrela ikasi genituen askok Hertzainak taldearen Aitormena-ren letra, Benito lertxundiren abestiak…

Urteak aurrera pasa ahala eta nire emozio gorabeherak dantzan zeudenean, banekien bere gelara joateko aukera banuela. UBI garaian, klaseren batean pira egin behar banuen ere 3. solairuan zuen txokora joan eta esan egiten nion… «Ama, gaur ez naiz fisikako klasera joango, lagunekin kiroldegira noa».  Ondo egina ez bazegoen ere, ez zidan inoiz hitz txarrik esango. Bazekien adin horrekin klase batzuk galtzeko aukera bagenuela, eta galdutako hori berreskuratuko nuen konfiantza ere ematen zidan.

Jakintzara bueltatzea oparia izan dela aipatu dut. Gurasoak istripuz hil zirenetik ez dut indarrik izan ikastolara joateko, eta are gutxiago gure amaren gelan sartzeko. Lanean hasi nintzen astea oso gogorra izan zen. Oroitzapen asko bueltaka. Gozoak zirenak aipatu baditut ere gaziak badaude. Horien artean, txikitan gizena nintzelako isekak, ondoren betaurrekoak jarri zizkidaten eta  «boliche de manteca, cuatro ojos» izenordea jartzea, 7. mailan jasandako jazarpen egoera… Eta urte batzuetara elikadurarekin izan nituen arazoak daude. Aste horretan denak batera etorri zitzaizkidan eta egunero-egunero negarrez itzuli nintzen etxera.

Gela agurtu eta atea itxi

Egun horietako batean, gure amaren gelara lagundu zidan lankide batek, uf! Ezin dut deskribatu bertan sentitu nuena. Oraindik berak sortutako materiala zegoen bertan, baita bere apunte zahar batzuk ere. Gauzak nola diren, lanean hasi eta urtebetera Jakintza ikastolak aldaketa prozesu bat hasi du. Obratan daude, eta desagertzen ikusi dudan aurreneko gauza, Juanitaren gela izan da, gure amaren gela. Dagoeneko ez dago. Baina nik bertara bueltatzeko aukera izan dut. Gela hori agurtu eta beste ate bat ixtekoa. Ez dakit besteentzako ikastola zer izango den, baino niretzako hau da, kontatu dudan guztia. Ona eta ez hain ona. Ikasteko bidea. Jakintza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>