Elikadura osasungarria

Noemi_Insausti_LopezNoemi Insausti Lopez • Dietista (Beasain-Urretxu)

Askorentzat iraila izaten da ohitura berriekin hasteko hilabetea, eta aldatu nahi horien artean dago elikadura osasungarriari heltzearena. Baina zer da elikadura osasungarria? Ez dago definizio zehatzik, baina kalitate eta kantitate egokian kontsumitzen diren elikagaien bidez, behar adina energia eta nutriente eskaintzen dituen elikadura dela esan daiteke, besteak beste, gure gorputzaren funtzionamendu ona mantentzeko, osasuna bermatzeko, gaixotasunen arriskua murrizteko edota garapen egokia izateko.

Azken urte hauetan, ordea, elikadurarekin zer ikusia duten hainbat gaixotasunek hedapen handia izan dute; horien artean, obesitatea, diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak, eta abar.

Gaixotasun horien prebentziorako eta bizi-kalitate ona izateko, ezinbestekoa da osasuntsu elikatzea. Nola lortu daiteke hori? Askotan hainbesteko garrantzia ematen ez diogun arren, beharbada erosketa da elikadura ona lortzeko lehen pausua. Gure saskian sartzen duguna izango delako guk jango duguna, eta horregatik da garrantzitsua. Produktu freskoak lehenetsi eta garaian garaiko eta gertuko produktuak kontsumitzen saiatu behar da. Erosketak egiterako garaian gomendagarria da goserik gabe joatea, horrela zailagoa izango baita osasungarriak ez diren produktuak etxeratzea. Horretaz gain, lagungarria da etxetik erosketa-zerrenda eginda eramatea ere.

Erositakoa platerera

Erositako elikagaiak osasungarriak badira, gure plateraren konposizioa kalitate onekoa izango da; baina nolakoa izan behar du plateraren konposizioa?

Harvard-eko elikadura adituen arabera, plateraren erdia barazkiez eta frutez osaturik egon behar du, laurden bat proteinez (animalia jatorrikoak nahiz landare jatorrikoak) eta beste laurdena karbohidratoez. Horietaz gain, edateko ura, tea edo kafea gomendatzen dira eta gantz-iturri nagusi bezala oliba olioa, nahiz eta ahuakatea eta fruitu lehorrak ere gantz-iturri onak diren.

Bizi-osasuntsua eta kalitatezkoa, ordea, ez da ondo elikatzearekin bakarrik lortzen, garrantzitsuak dira beste faktore batzuk ere; horien artean daude, besteak beste, jarduera fisikoa izatea, egunean 7-8 orduz lo ondo egitea edota ongizate emozionala.

Ikusten duzuenez, ez da horren zaila. Animatu eta aurrera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>