Joxpinixi Albisu pilotari lazkaotarra

JOXPINIXI_ALBISU_PILOTARI_

Joxpinixi Albisu pilotaria, 78 urteko, Eibarko frontoian 1938an, pilota eskuan duela. Pascual Marin / Santiago Lesmesen ‘Pelotavasca.org’-etik

Erraketisten fenomenoaren aurretik, emakumezko pilotari ospetsua izan zen Joxpinixi Albisu Aranburu lazkaotarra. Ahoa bete hortz utzi zituen frontoian gizonezkoak menperatzeko gai zen jokalari trebe hark, bai ikusleak, bai prentsa.

Josefa Ignacia Albisu izenez, Lazkaoko San Migel elizan 1860ko irailaren 20an bataiatu zuten. 1885eko martxoaren 8an, bi pilota partida jokatu zituen Lazkaoko plazan, bat goizean eta bestea arratsaldean, bi gizonezkoren aurka. Urrutitik iritsi zen jendea halako ikuskizuna galdu nahi ezta, prentsan aurrez iragarrita baitzegoen «partida arraro eta bitxia».

Aurreneko partida 09:00etan zen hastekoa. Ordubete lehenagotik, plaza, balkoiak eta leihoak «gainezka» zeuden. Oinez parrastaka iritsi zen jendea, zalgurdiz ere bai, Donostiatik, Tolosatik edo Seguratik. Bi guardia zibilek eta «lau edo sei» mikeletek egin zuten frontoian lekua, 10 minutu lehenago.

Aurkari, 28 urteko Mateo Lasa zuen. Emakumeen balioaz iseka egina, Albisuk pilotarako bota zion erronkari heldu besterik ez zuen izan. Sakea erabakitzeko, kobrezko txakur txiki bat bota zuen airera Lasak. Albisuk, txalo eta oihu artean sartua, hankarekin jo eta baztertu zuen txanpona. Duroko distiratsua atera zuen, zozketarako. Lehen kolpea, eta tanto psikologikoa, horrela eman zion arerioari.

Lehen sakea, Lasarentzat. Falta. Hogei minutuan, 30-11 irabazi eta neskatoa garaile, jokaldi ederrak eginda.

Aita, behia jokatzeko prest

Hilabete batzuk lehenago tifusa pasatua zen Joxpinixi. Hortzak eta ilea galdu zituen, eta burua motz-motz ebakita eta zapi beltzarekin estalita jokatu zuen. Pilotarako kemena ez zitzaion apaldu. Aita Jose Joaquin Albisu hain zegoen alabaren ahalmenaz ziur, behi bat jokatzeko prest baitzegoen haren alde.

Eguneko balentriak ez ziren hartan bukatu. Partida amaitu berritan, jende uholdeak etortzen segitzen zuen, trenetik Ordizian eta Beasainen jaitsita. Haientzat, beste partida bat antolatu zuen alkateak, Prantxesa zeritzon pilotari iaio bati deituta. Arratsaldeko bostetan, haren aurka jokatu zuen Albisuk. La Voz de Guipuzcoa egunkariaren kronikaren arabera, 2.500 lagunek ikusi zuten. «Tolosa guztia hemen dago».

Eztitik errukietxera

Bi partidak irabazita, ‘pilotari’ izendapen ohoretsua lortu zuen Albisuk. Izar mediatiko bihurtu zen: Ramon Azkarate bertsolariak Lazkauko pelotari neskatx bati bertso sorta jarri zion; Gorrotxategi margolariak Joxpinixi izeneko olio-margoa egin zion. Idiazabalen ere beste emakumezko pilotari bat bazegoela dio prentsako albisteak. Gehiago ere baziren pilotariak: 1896an, bi emakumek jokatu zuten partida, Abandon.

Erraketistek 1938an omendu zuten Joxpinixi Albisu, Eibarren. Ez zen sekula ezkondu. Amerikara jokatzera joateko «6.000 duroko eskaintzari» muzin egin zion, bere garaian. Donostiako Errukietxean bizi izan zen, 1931tik 1950ean hil zen arte. Lazkaoko jaietara urtero joaten zen, emakumearen balioa borrokatu, garaitu eta goratutako plazara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>