aittu, lehen hazia

Euskaraldia-Aittu

Aittu Euskara Elkarteak bigarren Euskaraldiaren aurkezpena egin zuen uztailean.

Lehenengoz antolatutako Euskaraldia eragilea ere izan zen zenbait herritan. Beasainen, esaterako, Aittu euskara taldea sortzeko abiapuntua izan zen.

Aittu euskaraz! aldarriarekin amaitu zen 2018ko Euskaraldia Beasainen abenduaren 3an, Euskararen Eguneko ekitaldian. «Aittu etxekoekin, aittu etxekoena: Aittu euskaraz! Aittu lagunekin, aittu lagunena: Aittu euskaraz! Aittu irakasleekin eta aittu irakasleena, aittu ikaskideekin eta aittu ikaskideena, aittu eskolako lagunekin eta aittu eskolako lagunena: Aittu euskaraz! Aittu lanean, aittu lankideena eta aittu lankideekin: Aittu euskaraz!», zioen Euskaraldiko Batzordearen izenean Patxi Saez Belokik irakurritako testuak.

Ekitaldi berean, Euskaraldiko txapa ez eranzteko deia egin zieten Euskaraldian parte hartu zuten 2.500 beasaindar Ahobizi eta Belarriprestei: «Eraman txapa jantzita. Bihar ere, etzi ere, etzidamu ere, 15.ean eta 16.ean, 20.enean eta 80.ean ere, eraman txapa jantzita eta erabili txaparen indarra: Aittu euskaraz!».

Hitz haiek erantzuna izan zuten beasaindarren artean, eta 2019ko otsailaren amaieran, Aittu Euskara Taldea sortzea erabaki zuten. Beasainen euskal giroa berpiztea, kultur elkarte  eta euskaltzale guztien indarrak batzea eta euskararen erabilera sendotzea dira Aitturen helburu nagusiak. Noranzko horretan, «Beasainen antolatutako ekintza guztietan, eta batez ere,  eguneroko bizitzan eragina duten zerbitzu, esparru eta jardueretan euskararen presentzia ziurtatu eta sendotzen saiatuko da, proposamenak eginez, laguntza eskaini eta gabeziak estali» nahi ditu Aittuk.

Aurtengo datuak

Bigarren Euskaldirako ere indartsu dira Beasainen. Ariguneen ordez, euskaraz aritzeko Aittuguneak sortu dituzte herriko erakunde, denda, enpresa eta tabernetan, euskara taldearen izenari keinu eginez. Datuei dagokionez, 194 erakundek eman dute izena; euskaraz aritzeko 1.182 gune sortu dituzte eta Aittugune horietan 2.685 beasaindar euskaraz ari dira eta arituko dira Euskaraldian.

Hala ere, are urrutiago joan dira Beasainen euskaraz aritzeko Aittuguneak sortzerakoan: Beasaingo 100 familia, eta 44 gaztetxo eta gazte kuadrilla ere Aittugune izango baitira. Horrezaz gain, ia 500 Aittukide saretu ditu Aittu Euskara Taldeak Whatsappeko kanalean,  eta egunetik egunera goraka doan kopurua da.

Lehenengo Euskaraldian ereindako hazia loratu da beraz Beasainen. Eta gaurtik aurrera, Marik ekarriko dituen Murumendiko iturrian beratutako txapa sorginduekin,  Beasainen euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko lanean «aittuko» dira beasaindarrak.

11 eguneko sentipenak, 11 gakotan

Euskaraldia amaitutakoan Beasainen galdeketa egin zuten Euskaraldian parte hartutako 2.500 beasaindarren artean (350 lagunek erantzun zuten). 11 egunetako sentipenak 11 gakotan edo ondoriotan laburbildu zituen Euskaraldiko batzordeak.

  • Masiboa. Parte hartze handia izan da. Jendea euskaraz aritzeko gogotsu zegoen.
  • Poza. Konplizitatea eta ilusioa sortu ditu herritarren artean.
  • Babesa. Euskaraz hitz egitearren azalpenik eman beharrik ez da egon eta horrek estres linguistikorik ez izaten lagundu du.
  • Aldaketa. Gaztelaniaz egiteko ohitura izan eta euskaraz hitz egitera pasatzea sentsazio arraroa izan arren, jendea ohiturak aldatzen saiatu da.
  • Elkarlana. Pentsaera ezberdineko jendea aritu da norabide berean.
  • Sorpresa. Euskaraz hitz egin eta ulertzeko gai diren zenbat lagun dauden identifikatzeko balio izan du.
  • Ausardia. Euskara ikasleak lotsak kendu eta euskaraz hitz egiteko saltoa ematera animatu dira.
  • Garrantzia. Euskarari behar duen garrantzia eman zaio; kalean euskara gehiago entzun da.
  • Grina. Amaitu ondoren ere, euskaraz aritzeko grina geratu zaie hainbat herritarri.
  • Etorkizuna. Uzta ez da urte batean jasoko. Beraz, egunero jarraitu behar da euskaraz bizitzeko lanean.
  • Euskalgintza. Ilusio handia eragin du herriko antolatzaileen artean eta indartze hori baliatu nahi izan zuten Beasainen euskararen alde lanean jarraitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>