Zeren zain daude/gaude?

Judit-GarciaJudit Garcia Llorens • Baserritarra

Hizkuntz gutxitua izateak hamaika borroka, sormena, mota askotariko proiektuak, entseguak, esperimentazioa, analisiak, festak, kultur ekintzak eta abar sorrarazi digu euskararen normalizazioaren alde. Euskaldunok herri ondasun paregabea ari gara pilatzen mundu globalizatu honetan, euskara den altxor txikiaren inguruan. Euskara ederra da, gure estaturik gabeko herriaren bihotza eta denon topalekurik onena, joan beharreko tokia, nondik gatozen garrantzirik izan gabe.

Euskaraldiak, behin behinean, euskara plazaren erdira gerturatzen lagundu digu, denok haruntz joan gaitezen. Biharamunean, berriz zokoratua izan ez dadin eta urrats sendoak ematen joan gaitezen, arlo guztietako benetako sustapena eta bitartekoak beharrezkoak izango dira, bereziki, instituzio publikoen beste maila bateko anbizio eta politikak. Bestela, arrisku handia dago behin behinekotasunean jarraitzeko, eremu euskaldunetan eta gazteen artean erabilera beherantz doan bitartean. Kontua ez da berria, beraz, jakinak diren kontuetan zeren zain daude gure agintariak?

Galdera honekin globalizazioak areagotu duen beste arazo bat etorri zait burura, nola ez, COVID-19a. Zientzialariek diote birusen mutazioak ingurumen inpaktu handiak zein baldintza sozioekonomiko txarrak dauden tokietan gertatzen direla gehienetan. Animalien metaketa natural zein artifizialetan estresa sortzen da, eta animalien sistema immulogikoa ahuldu egiten da birusen mutazioak erraztuz. Hori omen da Danimarkan bisoiekin gertatu dena, edota Asian hegaztien gripearekin edo Mexikon txerrien A gripearekin; azken hori ere munduko txerri granja handienak dauden tokian sortua.

Animalien metaketa eta milaka kilometro egiten dituzten lehengaiak behar dituen ekoizpen intensifikatuaren natur inpaktua zein gizarte eragin txarrak ezagunak dira. Hala ere, politika publikoen aurrekontuen parterik handiena eredu industriala bultzatzeko eta mantentzeko bideratzen jarraitzen da. Bitartean, elikadura burujabetzarantz urratsak emateko beharrezkoak diren gero eta baserri gehiago desagertzen doaz. Hemen ere berandu samar kontu jakinetan.

Hizkuntz ohituretan, eta baita kontsumo ohituretan ere, badakigu norbanakoen ohiturak giltzarri direla, hori norberaren esku dago, gure esku dago. Kontsumo handiko garai hauetan  euskara ahoan darabilgula, herriko azoka eta dendetan, kontsumo taldeetan edota baserrietan zuzenean garaiko elikagaiak eskuratzeko aukera ederra dugu. Kontsumo arduratsu hau eginez, bestelako saltokietan promozio kanpaina ponpoxoekin iragartzen diren baserriko edota bertako elikagai ekologikoak aurkituko ditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>