Irimo Santa Barbaratik. Erregeen pasabide zazpi punten azpitik

Naturak eta historiak bat egiten dute Urretxuko Irimo mendian. Baso hauetan basurdeak ikus daitezke gaur egun, baina duela berrehun urte soldadu frantsesek eta erregeek ere erabiltzen zituzten bideok, Europarako bidea paraje hauetatik igarotzen baitzen, Ipeñarrieta jauregia lekuko.

Toki askotatik igo daiteke Urretxuko Irimo mendira. Gaurkoan, Santa Barbara baselizatik abiatu da hiru laguneko taldea, Jonmikel Intsaustik prestaturiko ibilbidea egiteko gogoz. Eguraldiak ez du askriko laguntzen, baina saria izango dute ibiltariek, urteko lehenengo elurraz gozatuko dute eta.

Hasi eta berehala, Ipeñarrieta jauregiaren ondotik pasatzen da bidea. Bazekien zertan ari zen Cristobal Ipeñarrietakoa (1556-1612), izan ere, Goierri bailara osoa ikusten da hemendik, eta orduko Madril-Paris autopistaren albo-alboan kokatuta dago. Zumaiatik gurdietan ekarritako harriez altxatutako eraikin honek 575 metro koadro ditu eta monumentu izendatuta dago. Hementxe hartu zuen ostatu 1617an Felipe III.aren alaba Austriako Ana printzesak, Frantziako errege Luis XIII.arekin ezkontzeko bidean zihoala. Ez zen Ana (14 urtekoa) bakarrik iritsi Ipeñarrietara, ez horixe: garaiko kronikek diotenez, 190 karrozek, 74 kotxek, 74 ohatzek, 2.750 zela-mandok eta 2.000 zamaberek osatu zuten segizioa. Betekada ederra hartuko zuen Ipeñarrietako restop-ak…

Ibiltari Irimo07

Irimoko gurutzea.

Inork gutxik daki gaur egun, baina Euskaltzaindiako kide bat ere sortu zen jauregi honetan, Kandido Izagirre frantziskotarra hain zuzen ere, zeina Arantzazun irakasle izan zen eta inguruotako euskara aztertu zuen urte luzez. Euskaltzain urgazle izandako Kandidoren liburuetako batek egunotan hain erabilia izan den hitz bat dakar tituluan: El vocabulario vasco de Aranzazu-Oñate y zonas colindantes.

Beain baserriaren inguruan hasten da Nebera edo elurzuloen eremua. Inguru laiotza, iparraldera ematen baitu. Hemendik ondo ikusten dira Urretxu eta Zumarraga, baita Urola bailarako mendiak ere, Ernio handia horien artean. Pagadiak eta pinudiak dira nagusi, eta umeltasuna nonahi antzematen da negu giroko egunetan.

Elurzuloak, lehengo hozkailuak

Nebera izena nondik datorkio? Bada garai batean, orain bezala hozkailurik ez zegoenean, Euskal Herriko toki askotan elurra bildu egiten zuten zulo sakonetan neguan, eta urtu gabe ahalik eta denbora gehien mantentzen saiatzen ziren. Horretarako, jakina, leku hotzak, laiotzak eta aldapatsuak behar ziren, eta ezaugarri horiexek ditu Neberak. Bidetik oso gertu daude Laarregiko elur-zuloak, baina gaur egun sasiak hartuta daude eta ezinezkoa da ikustea. Jonmikel Intsaustiren irizten dion moduan, garbituta, markatuta eta bisitatzeko moduan egon behar lukete.

Bidea erraza da, aldaparik gabea, eta berehala iritsi dira ibiltariak Trekutzera. Meaka ere deitzen zaio Urretxuk Antzuolarekin konpartitzen duen lepo honi, baina ez da guztiz zuzena, Meaka, berez, Irimoko Zazpi Puntetako lehena baita.

Ibiltari Irimo11

Trekutzeko iturria.

Trekutzen, duela hilabete gutxi berritu duten iturriaz eta aisialdirako mahaiez gain, ondare arkeologiko garrantzitsua dago. 19 metro diametroko eta 1,75 metro garaierako tumulua aurkitu zuen hemen Jose Migel Barandiaran handiak, 1921ean. Barnealdea suntsituta dauka gaur egun eta tokan jokatzeko kaxa ezarri dute erdian: erabilera bitxia, beste hitz bat ez erabiltzeagatik…

Meaka, Mugarri, Trintxuleku…

Aurreneko punta igotzea da, zalantzarik gabe, gaurko ibilbideko lanik zailena. Aldapa dezentea da, eta ia gora iristearekin batera, elurra hasi du. Iparraldeko bizkarra berehala zuritu da, ez ordea hegoaldekoa, seinale nondik datorren hotza. Banan bana, puntak igarotzen doaz ibiltariak: Meaka, Mugarri, Trintxuleku, Arrizuri, Losakate, Buzoia (garaiena, 898 metrorekin) eta Arbeleta. Irimo gainean aterpea eta gurutze ezaguna daude; egungoa burdinazko gurutzea da, 1955ean jarritakoa, baina aurretik zurezkoa zegoen, eta horixe da aterpearen barruan gordetakoa. 1970ean, ikurriña oraindik legez kanpokoa zelarik, hementxe erakutsi zuten urretxuarrek, eta Joxemari Lasa zenak jo zuen txistua. Pello Rodriguezi zor diogu egun gogoangarri haren grabazioa, eta Youtuben ikusgai dago egun.

Ibiltari Irimo05

Mendizale bat Trintxeleku monolito paretik pasatzen.

Frantsesei eraso

Irimotik behera, bidezidorrari jarraiki, Lizarriturriko iturria topatu dute ibiltariek. Honek ere badu bere historia. Herriko mendizaleek eta inguru honetako baserritarrek eraiki zuten, 1936ko gerra hasi baino egun batzuk lehenago, ekainaren 28an. Uda eta negu, ezinbestekoa du bertan tragoxka hartzea aldapan gora doan mendizaleak. Hemendik ez oso urruti, beste iturri bat, Iturraindikoa. Inguru hauetatik abiatuta egiten zien eraso frantsesei Deskargan Gaspar Jauregikoa gerrillariak 1811-1813 tartean, Independentzia Gerra delakoan.

Hasitako tokian bukatuko da gaurko ibilbidea. Santa Barbara baseliza eta taberna aterpe izango ditu ibiltariak, joan deneko urte askoan bezalaxe. Izan ere, 1540 urterako eraikita zegoen baseliza (Martin Elizaldekoa eta Miguel Alzolakoa zumarragar arotzek egin zuten zura lana); taberna beranduagokoa izango da, baina dokumentatuta dago 1893tik egiten dela bertan San Juan eguneko erromeria. Ea aurtengo etenaren ondoren datorren urtean berriro ospatzerik dagoen…

Kontuan hartzeko

  • Bitxikeria bat. Neberako hiru iturburuak (Laarregi, Urritz Iturri eta Otzazulueta), Urretxuko sailetan egon arren, Zumarragako Udalaren jabego dira. 1902an Jose Antonio Ugalderi eta Ignacio Bagazgoitiari erosi zizkien.
  • Hamazazpi monolito. Irimo mendiko edozein tokitara iristeko, laguntza ederra ematen dute Lekaio Kultur Elkartekoek mendian barrena jarritako hamazazpi monolitoek, toki-izen eta norabidea erakusten baitute, Jose Luis Ugartek Zintzo-Mintzoren bekaren babespean egindako toponimia lana baliatuz.
  • ‘Menhirren Etorbidea’. Trekutzetik aurrera segita, Elosu aldera irits daiteke eta handik Karakatera jota Menhirren Etorbidea delakoaz gozatu, historiaurreko monumentuz josita baitago.
  • Santa Barbara. Bazkaltzeko toki egokia Santa Barbarako jatetxea da, aukera zabala eta prezio onak. Barrutik nahiz kanpoko aterpetik, Txindoki eta Aizkorri ikusten dira. Harrizko mahaiak ere ugari daude, erabiltzeko libre. Aterpetxea ere bada Santa Barbara. Bertan lo egin daiteke.

Fitxa teknikoa

  • Iraupena: 2 ordu t’erdi
  • Luzera: 8,500 km
  • Desnibela: 450 metro
  • Zailtasun teknikoa: Erraza

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>